Udalbatzak Hirigintza Plan berritua berriz hasieraz onartu zuen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 18a, 09:51

Atzerapausoak saihestu eta ziurtasun juridikoa izateko beharrak adostasunaren inguruan bildu ditu sozialistak ez beste Urnietako udal ordezkariak, arau subsidiarioei lotutako gaiari dagokionean. Asteazkenean burutu zen ezohiko osoko bilkuran udalbatzak Hirigintza Plan berritua berriz hasieraz onartu zuen.

 Gobernu taldearekin batera, EAJ-PNV-k babestu zuen proposamena. “Kritika ugari egin arren, aurrera jarraitu beharreko prozesua da”, adierazi zuen Maribel Vaquerok. Bi urte eta erdiren ostean, denbora gehiago ezin zela galdu gaineratu zuen. Aurrera begirako bidea ondo planifikatzea eskatu du EAJk.
 Ematen duen segurtasun juridikoagatik, ezker abertzaleak ere bat egin zuen testuarekin. Erabaki honek, Iñaki Mendizabalen esanetan, “herritarrek berriz parte hartu eta alegazioak aurkezteko aukera ematen du”. Xabier Sasiainbarrenak (Herrigintza) aldeko bozka ematearekin batera, dokumentua ahal bezain laster prest egotea eskatu zuen. PSE-EE udal taldeko ordezkariak izan ziren testu berriaren aurka bozkatu zuten bakarrak. Objektibotasun falta eta alegazio epean denbora gutxi egon zela azpimarratu zuen bozeramaile Herme Gonzalezek. Gainera, deitoragarritzat jo zuen oraindik hainbat alegazioei ez erantzun izana. Herritarren parte hartzea ere ez zela kontuan izan adierazi zuen.
Sozialistei erantzunez, gobernu taldetik negoziazio prozesuan parte hartzeko gonbita luzatu zitzaien. Mikel Izagirre alkateak iragarri zuenez, “agindu digute urtarrila amaierako gure eskuetan izango dela dokumentua”. Herritarrei zuzendutako parte hartze prozesua ere ez da itxi. Berriz ere, alegazio epea zabalduko da. Orain arte aurkeztutako erreklamazio asko jada dokumentu berri honetan txertatuak daudela ere gaineratu zuen alkateak.
 
AMINETU HAIDAR
Haidar eta saharar herriari elkartasuna adierazi eta herri honen izaera errekonozitzen duen mozioa onartu zuen udalbatzak asteazkenean. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!