Urnietako anbulatorioa hizpide

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 18a, 09:50

Zeresana ematen jarraitzen du eraikitze bidean behar lukeen osasun zentro berriak. Egun hauetan alde desberdinetako adierazpenak bildu dira prentsa bidez; lasaitasunerako deia Urnietako PSE-EE udal taldetik, eta kezka nabari da bestalde, udalbatza osatzen duten ordezkariek batera sinatu eta kaleratu duten oharrean.


UDA, EAJ-PNV, ezker abertzalea eta Herrigintzako udal ordezkarien esanetan, “urnietarrek gutxienez beste urtebete itxaron beharko dute osasun zentro berria izateko”.  Sozialistak buru dituen Eusko Jaurlaritzari erantzukizuna euren gain hartzea eskatzen diote: “PSE-EEk bere gain hartu behar du haren Gobernuak Urnietako osasun etxea eraikitzeko proiektua bertan behera uzteko erabaki izanaren erantzukizuna”. Testu berean, gaiak orain arte eman duenaren kronologia egiten da; anbulatorioa eraikitzeko Osakidetzaren konpromisoa, proiektua 2009ko inbertsioen artean txertatzea, lokalak uzteko hitzarmena, administrazio espedientea bidaltzea eta horri buruz egindako kontsultak…

SOZIALISTEK, BAIETZ
Urnietako PSE-EE-k kaleratutako beste prentsa ohar batean aldiz, datorren urtean anbulatorio berriko lanak hasiko direla ziurtatzen dute. Urnietarrei une oro gaiari buruzko informazioa eskaintzeko konpromisoa hartzen dute. Alkatearengan berriz ez dutela konfidantzarik izango baieztatzeaz gain, ardura berri baten kargu egingo dira; “Urnietako PSE-EE izango da gaiari buruzko jarraipena egingo duena, une oro Jaurlaritzarekin harremanetan egonik”. Gogararaztekoa da, sozialistak buru dituen Eusko Jaurlaritza berria izan dela, aurrekontuetatik Urnietako osasun zentro berrira bideratu beharreko diru-partidak ezabatu dituena.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!