Epaiketa eragiten ari den gastu ekonomiko ikaragarriari aurre egiteko elkartasunerako dei egiten dute babes taldetik. Gogorarazten dutenez, laguntza bonoak salgai daude, besteak beste, Maria Luisa Etxeberria harategian edota Ernaitza liburu-dendan. 10 euro edota 50 euroren truke eskura litezke.
LARUNBATEAN, KANTU
KALEJIRA ETA MANIFESTAZIOA
Egunkariaren alde, Andoainen osatu den babes taldeak larunbaterako bi hitzordu deitu deitu. Batetik, 13:00-14:00 artean kantu kalejira antolatu dute, Zumea plazatik abiatuta. Ekitaldi irekia izango denez, herritarrei parte hartzeko gonbita luzatzen diete. Eta bazkalostean, Bilbon deitua dagoen manifestaziora. Autobusa antolatu da Andoainen, 15:00etan irtengo da Bekoplazatik. Izen emateko epea atzo itxi zen. Herriko babes taldetik Bizkaiko hiriburura joatera deitzen dute, gizartearen partetik erantzun orokor bat ematera. "Oso une larrian gaude eta erantzun bat eman beharra dugu", adierazi dute.
Egoeraren larritasuna eraso hitzarekin laburbiltzen dute. 2003ko otsailean gertatutakoa, euren hitzetan, "euskalgintzaren eta Euskal Herriaren aurkako eraso zuzena da". Injustu eta surrealista gisa definitzen dute Egunkariaren aurkako epaiketa. Auziak herritarrengan sortu duen kezka ere azpimarratu nahi dute. Igaro den asteartean, abenduak 15, iluntzean Goikoplazan burutu zen elkarretaratzea horren guztiaren lekuko. "Bertaratu zen jendea, bestetan agertzen ez den jendea zen", adierazi dute aipatu ekitaldiko antolatzaileek.
Epaiketak iraun artean gutxienez, babes taldeak lanean jarraituko du, herritarrengandik hurbilen egoteko aukera duten gunean, kalean hain zuzen ere. "Ekitaldiak antolatzen direnean hor egongo gara", adierazi dute. Batzordeak biltzen jarraituko du.
BUS IRTEERAK BILBORA
Andoain
15:00. Bekoplaza.
Urnieta
15:00. San Juan plaza.
EGUNKARIA.INFO
Kasuaren inguruko eta elkartasun mugimendu guztien inguruko informazioa, Internet sarean.