Biderkatu egin dira etxeko olioa bereiztuta biltzeko aukerak. Eskualdeko Mankomunitateak, Foru Aldundiarekin elkarlanean, datozen egunetan edukiontzietan ere sukaldeko olioa biltzen hasiko baita. Erabilitako olioa plastikozko botila edo brik ontzietan, ondo itxita, utzi behar da edukiontzien barruan. Ez da gomendagarria beirazko botilak edo potoak erabiltzea, edukiontzietan utzitakoan hautsi egin baitaitezke.
Edukiontzi berri hauek kaleratzearekin batera kanpaina egiten ari dira hiritarrei sistema berriari buruzko argibide guztiak eskaintzeko.
KANPAINA ESKUALDEAN
Larunbat honetan Andoainen 10:00-13:30 artean Merkatu plazan , eta Villabonan abenduaren 22an postu bana ipiniko da. Hauetan herritarrek olioa ontzi egokietan nola gordetzen den ikasiko dute, edukiontzi berrien kokalekuak zein izango diren jakingo dute, eta kanpainari buruzkoak bertatik bertara ezagutuko dituzte. Pintxo bat jateko aukera izango dute ere.
Mankomunitatera biltzen diren udalerrietan txartelak banatuko dira. Txartelaren trukean hiritarrek udaletxeetan Mankomunitateek oparitutako inbutua jasoko dute.
Bilketa egiteak biodiesela sortzeko baliabideak handitzea ekarriko du, besteak beste.