Eguberriak: Baserritar jantziak, artisauak eginak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 17a, 19:54

Etxekoentzat egin zituen lehendabiziko jantziak eta egun, geroz eta eskaera handiagoa du. Gaztetxotan ikasi zuen Beatriz Pinhok josten eta duela lau urte ekin zion baserritar jantziak egiteari.

Larraulgo etxean, aurtengo denboraldiko azken puntadak ematen ari da egunotan. Etxekoentzat eta inguruko lagunentzat egin zituen lehendabiziko jantziak, baina urtetik urtera eskaera kopurua haziz joan zaio. Ahoz aho zabaldu da bere lanaren berri, eta eskaera guztiei erantzun egokia emateko, iraila aldera hasten da oihalak erosi eta lehendabiziko jantziak osatzen.
“Josteak lasaitu egiten nau eta oso gustura aritzen naiz lan honetan. Hala ere, nahi baino denbora gutxiago izaten dut. Etxetik kanpora ere lan egiten dut eta nire ordu libreetan aritzen naiz josten, horregatik ezin ditut eskaera guztiak onartu. Pena handia ematen dit jendeari ezetz esan beharrak, baina bestela ezinean ibiliko nintzateke eta hori okerragoa da. Egiten ditudan jantziak ondo egitea gustatzen zait eta horretarako, batzuei ezetz esan beharrean izaten naiz”, azaldu du Beatrizek. 
Jantziak egiten daramatzan urte hauetan aldaketa handiak sumatu ditu larrauldarrak: “Emakume eta nesken jantzietan kolore ilunagoak erabiltzen ziren duela lau urte. Grisa, berde iluna… Azken bi urte hauetan pixkanaka-pixkanaka kolore argiagoekin ausartzen hasi da jendea. Iaz, adibidez, asko eskatzen zidaten lila koloreko jantzia egitea eta aurten, berde argia edota gorri bixi-bixia ere erabili ditut nesken jantziak egiteko. Kolore bizidun gonak blusa txuriarekin konbinatzen dira”.

Marrak eta loreak
“Marradun gonak dira gehien egiten ditudanak, konbinatzeko errazagoak direlako. Kolore asko izaten dituzte eta joko handiagoa ematen dute. Aurten, berrikuntza nagusi bat ikusiko da kaleetan; marradun gonarekin batera, blusa loredunak jantziko dira”, azaldu du Beatrizek.
Jantzi berria egiteko asmoa dutenak hainbatetan biltzen dira Beatrizekin: “Lehendabiziko gauza jantzien kolorearen inguruko erabakia hartzea da. Marraduna, lisoa, loreduna…, nolako jantzia nahi duen zehaztu behar da ondoren. Gona nolakoa izango den erabakitzen dugu lehendabizi eta hortik abiatuta, konbinazioak bilatzen hasten gara. Normalean, jendeak nahiko garbi izaten du nolako jantzia nahi duen, baina nire iritzia jakitea ere gustatzen zaie”.

Lihoa, gehien erabilia
Lihoa da gehien erabiltzen duena, “oso polita geratzen delako. Lihozko gonak oso ondo egokitzen dira gorputzera, bereziak dira. Donostiako Gros auzoan dagoen denda batera joaten naiz oihalak erostera. Elkar ezagutzen dugu eta nik behar dudana ez badago, laster lortzen didate. Konbinazioak egiteko garaian ere asko laguntzen didate eta hori eskertzekoa da”.
Beatrizek gozatu egiten du jantziak egiten: “Izugarri gustatzen zait jostea eta lana amaitutakoan emaitza ikusteak bete egiten nau. Horrez gain, kalean nik egindako jantziak ikusteak ilusio berezia egiten dit. Alde handia dago kalitatezko oihalak erabiliz eskuz egindako jantzietatik saltoki handietan saltzen dituzten horietara. Horregatik, geroz eta gehiago dira jantzia egitera animatzen direnak”. “Saltokietakoak baino garestiagoak dira eskuz egindakoak, baina horrelako jantzi bat egiten duenak, urte askotan erabil dezake”, gaineratu du.

Jantzi guztiak, ezberdinak
Ahoz aho zabaldu da Beatrizen jantzien inguruko berri: “Donostia, Hernani, Lasarte.., herri askotan ikusten dira nik egindako jantziak eta aurten, Larraulen ere ikusiko da bat edo beste”. “Nik egindako jantzi guztiak ezberdinak izan daitezen saiatzen naiz. Ez zait batere gustatzen errepikatzea eta detaile txikiak badira ere, guztiei jartzen diet zerbait ezberdina. Alkandorako puntila, amantaleko ertza, gonaren azpialdea…, guztiek dute berezitasunen bat”.
Iaz, Larraulgo azokan jarri zituen ikusgai bere jantziak, baina aurten ez da animatu pauso hori ematera. “Eskaera asko nituen dagoeneko eta azokan jarriz gero, gehiago izateko arriskua zegoen. Gaizki pasatzen dut jendeari ezezkoa esaten eta nahiago izan nuen posturik ez jartzea. Datorren urtean berriro ere han izango naiz”, azaldu du Beatrizek.
Hogeita lau lan-ordu inguru behar ditu Beatrizek jantzi bat osatzeko: “Lanetik itzultzean, ordu libreetan aritzen naiz josten. Asteburuetan berriz, ordu mordoa eskaintzen diot jostun lanari. Asteburu bakarrean amaitzen dut jantzi oso bat. Gustuko lana da niretzat eta erlaxatu egiten naiz josten ari naizenean”.

Mutilen jantzietan, grisa garaile
Mutilentzako jantziak ere egin izan ditu Beatrizek, baina gutxiago: “Etxekoentzat egin izan ditut, baina gehiago gustatzen zaizkit emakume jantziak. Aurten, kolore grisa nagusituko da mutilen artean eta txalekoak ere indarra hartuko du. Mutilen jantziak ere pixkanaka aldatzen doaz eta betiko blusa beltzaren ordez alkadora eta txaleko gehiago ikusiko ditugu”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!