Eguberriak: Menu goxoa eta arina Eguberrietarako

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 17a, 19:53

Gabonetan, janaria gainezka izaten da etxe gehienetan. Amasako Iturrigoxo jatetxeko sukaldari Jokin Zabalak, jai egun horiei begira, menu goxoa eta ohi baino arinagoa prestatzen laguntzeko hainbat argibide eman du:

Bazkari edo afari berezietan, etxe ia guztietan, sarrera edo zizka-mizka gehiegi jartzen den ustekoa da Jokin Zabala sukaldaria, “sukaldariak prestatzen duena jaten hasterako, -dela arrain zopa, direla kardoak eta, zer esanik ez bigarren platera-, beteta egoten gara dagoeneko”. Azkenburuko edo postrearekin ere gauza bera gertatzen dela uste du, gehiegizko aukera jartzen dela, “bi edo hiru otordu batera egiteko adina janari izaten da egun horietan etxe askotan”. Menua aukeratzerakoan, irizpidea hartzea erraza ez dela aipatu du, jendea etxera etortzen denean bazkari edo afari goxoa eskaini nahi izaten baita beti, “hala ere, ez da komeni janari gehiegi jarri eta soberan geratzea”. Janariarekin ez ezik, edariarekin ere antzeko zerbait gertatzen dela adierazi du sukaldariak eta bi alderdiak kontuan izan behar direla erosketak egiterakoan.
Sarritan pertsona batek baino gehiagok hartzen du parte egun horietarako menua aukeratzeko garaian. Jokinen ustez, “urte guztian zehar etxean sukaldari lanetan aritzen denari utzi beharko litzaioke Gabonetako otorduak antolatzen. Urte guztian zehar asmatzen badu, dudarik gabe, egun horietan ere asmatuko baitu”.
Abenduaren 24ko afaria eta 25eko bazkaria proposatu aurretik, bi kontu nabarmendu nahi ditu Iturrigoxoko sukaldariak, “kontuan izan behar da batetik, 24an tabernaz taberna ibili ondoren, sabelak beteta joaten garela askotan afaltzera. Era berean, afaria eta bazkaria ez direla gauza bera eta, dudarik gabe, gauez arinago jatea komenigarriagoa dela. Bestalde, 24 gauean kalera ateratzen den gazte jende kopurua gero eta altuagoa da. Bazkaria prestatzerakoan, beraz, hori ere ezin da ahaztu”.

Eguberri bezperako afaria
Sarrerak:
•Urdaiazpiko pixka bat.
•Zainzuriak binagreta saltsarekin.

*Ospakizunen bat dagoenean beti otarrainxkak jartzeko ohiturari dagokionez, “urtean zehar ere badauzkagu otarrainxkak eta egun ez dira hain garestiak. Ez nituzke sarreretan sartuko”.

Tartean:
•Kardu egosiak edo marisko krema goxoa.

Plater nagusia:
•Legatza txangurroz edo onddoz betea. “Gainerakoan, langostada ere egokia izan daiteke: Arina da eta aurkezpen ona du. Prestatzeko erraza da gainera: Legatzari piperbeltza eta gatza gaineratu eta gero, tomate saltsarekin estali eta labean erre behar da. Bestalde, maionesa arina prestatu behar da, esne pixka batekin nahastuta. Labean arraina 13-15 minutuz erre ondoren, bakoitzari bere puska jarri plateran eta maionesa fin horrekin marrazkiak egin daitezke tomate gainean. Apaintzeko salteatutako izkirak eta zainzuri berdeak jarri behar dira arrainaren gainean, baita perrexil txikitu pixka bat ere”.

*Dudarik gabe, gauerako arraina haragia baino egokiagoa da.
Azkenburukoa:

•Tradizioari eutsiz, konpota: Sagarrekin, haran lehorrekin, mertxika sikatuekin nahiz  mahaspasekin egina. Kafeari lagunduz, turroi zatiren bat.

Bezperan asko afaltzen denez, neurriak errespetatzea oso garrantzitsua dela nabarmendu du Jokinek, berriz ere, bazkaltzeko sarrera gehiegi eta pisuegiak ez jartzeko gogoraraziz:

Eguberri eguneko bazkaria
Sarrerak:
•Pate pixka bat.
•Abakando edo bogabante entsalada epela. “Letxuga ezberdinak, cherry tomatetxoak, abakando zatiak, ogi puska txigortuak eta aukeran, pinaziak nahastu, saltsa arrosaz lagunduta. Abakando batekin lau/bost lagunentzako entsalada presta daiteke, 20 euro inguru balio du bakoitzak”.

Tartean:
•Salda beroa, bezperako ajeari aurre egiteko.

Plater nagusia:
•Arkume errea edo azpizuna plantxan, bakoitzaren gustuen arabera. “Inguruan ohitura handirik ez badago ere, txerrikume errea ere aukera ona izan daiteke”.
*Txuleta ez zait egun horretarako aukera egokiena iruditzen. Urtean zehar asteburu asko izan daitezke horretarako egokiagoak.
Azkenburukoa:
-Etxean eginiko hostore pastela, izozkiarekin lagunduta. Kafeari lagunduz, turroi zatiren bat.

Aurkezpena garrantzitsua
Afari nahiz bazkari berezietan aurkezpenak garrantzia handia du, “irudimenarekin platera landuta zerbitzatzea egokia iruditzen zait”. Sukaldariak menuaren berri ematea beharrezkoa dela uste du Jokinek, “norberak neurria har diezaion jan behar duenari”.
Edarien artean ere aukera nahi adinakoa izaten da. Zabalaren ustez, “xanpainarekin hasi eta bukatzea aukera ona izan daiteke egun horietan”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!