Zer moduz, erakustaldiaren ostean?
A.V.: Gustura. Beldurra nuen jolas ordu garaian baitzen, eta jolas ordu garaia sakratua izaten baita. Azkenean halere, jende asko etorri da. Nik uste ikasleek gustukoa dutela. Mahai tenisa hasiera batean behintzat ikusgarria izaten da, pilota oso azkar mugitzen baita.
Erakustaldia antolatzeko ideia nondik dator?
A.V.: Mahai tenisa asko maite dugu. Hemen zaletasun handirik izan ez, eta jendeak ezagutzen ez duenez, horretan lan pixka bat egiten hasiak gara, Donostian Athletico San Sebastianen. Ikastolaz ikastola joan eta haurrei mahai tenisa existitzen dela eta txapelketak antolatzen direla irakatsi nahi izaten diegu. Entrenatu egiten dugula, eta kirol jarduera hau zer den azaltzen diegu.
Mahai tenisean ekin nahi duenak, nondik hasi liteke?
A.V.: Mahai tenisean jolastu nahi duenak, adibidez Donostian Athletico San Sebastian taldean lan oso polita egiten gabiltza, eskola kirolatik hasita. Gero badugu entrenatzaile bat lan honetara dedikatzen dena. Kirol honetatik gustukoena dudana da, edozein adinarekin jolastu daitekeela. Kirol jarduera honek duena baino gehiago merezi duela uste dut.
Nolatan hasi zinen?
A.V.: Gaur Egapera etorri naizen bezala, nik hamaika urte izan eta hemen ikasten ari nintzela, hona beste gizon bat etorri zen, eta txundituta geratu nintzen. Futbolean jolasteari utzi eta mahai tenisean egunero entrenatzen hasi nintzen. Kristoren emaitzak izan ditugu; espainiar estatu mailan, lehen bost sailkatuen artean denbora askoan egon naiz, Euskadiko absolutuko txapelduna izan naiz, eta ni bezala beste batzuk. Donostian, Irunen eta Tolosan pixkanaka indar hartzen ari da mahai tenisa, besteak beste, guk egindako lanari esker.
Txinatar bat duzue tartean. Han kirol jarduera liderra omen da?
A.V.: Ezin dut sinistu kontatzen didana. Galdetzen diot, hemen futbola bezala ote den. Baietz erantzuten dit. Han partidak telebista bidez emititzen dituzte, jendeak ikaragarri jolasten du. Jakina da gainera, Txinan edozein kirol jarduerako bizitza zein sakrifikatua den. Jinek egunero sei ordu entrenatzen ditu. Batzuetan gauetan ere entrenatzen zuen.
Klaseak ematen dituzue ikastolan bertan?
A.V.: Egapen, Lizardi eta Azkorteko eraikinetan. Neroni izango naiz irakaslea, eskolarteko jarduera honetan. Klaseak ostiraletan izango dira. Nahi duenak apuntatu dadila eta saiatuko gara irakasten.