Karlistaldien aztarnei buruzko liburua gaur aurkeztuko da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 17a, 18:18

Burdina taldeak abenduaren 17an karlistaldiek Andoainen utzitako aztarnen inguruko liburuaren aurkezpena egin zuen Bastero Kulturgunean. "Sorabilla, karlistaldiaren hondamendiaren lekuko" titulupean, liburua Joseba Salbador Goikoetxea kazetariak idatzi eta Udalak editatu du, "Andoaingo Paperak" sailaren barnean.

Bertsoak aurkezpenean
Aurkezpenean, egilearen azalpenez gain, 1837ko irailaren 14an Andoainen mila soldadu baino gehiagoren heriotza utzi zuen borrokaldiaren ondoren idatzitako bertsoen emanaldi txikia egin zen, baita guda haietan erabili zen munizio mota desberdinen erakusketa txikia ere bai.
Orain argia ikusi duen liburuan guda karlisten garaian Andoainen bizi izan ziren gertakarien inguruko ikerketa lana egin da. Borroka haiek herri honetan bereziki lazgarriak izan ziren, batez ere 1837. urtean, egun bakar batean, esate baterako, eskualdeko ehun baserri baino gehiago erre zirelako.
Burdinakoek prentsa oharrean ideiaren abiapuntua agertu dute, “ikerketa lan honen abiapuntua erabat ustegabekoa izan zen, munizio arrasto batzu aurkitu genituelako Sorabillan. Bigarren Guda Karlistakoak zirela jakin eta gero, garai hartako gertakariak berridaztera animatu ginen, baina ez ohiko moduan baizik eta gaurkotasunera ekarriz, bere irakurketa ahalik eta erakargarriena izan dadin. Horregatik, artxibategiek gordetzen dituzten agirietan bilatzeaz gain, borroka haiek gertatu ziren lekuetara joan gara, gaur egun erakusten duten itxurari argazkia atera diogu eta adin gehien duten bizilagunekin hitz egin dugu, haien oroimena belaunaldiz belaunaldi mantentzen ote den jakin ahal izateko”.

Ikerketaren emaitzak
Harrigarriak izan dira, besteak beste, ikerketari esker jakin ahal izan delako adin gehien duten sorabillatarren artean oraindik badagoela guraso eta aiton-amonen ahotan guda haien inguruko istorioren bat entzun duenik.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!