Haidarren aldeko adierazpenak eta kontzentrazioak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 17a, 18:08

Larunbat honetan kontzentrazioa egingo da Andoaigo Merkatu plazan, 12:00tan hasita eta Hurria-Sahara elkarteak deituta. Andoaingo eta Urnietako udaletan ere Haidarren aldeko mozio bana onartu dira.

Aminetu Haidar Saharako herritarrak boteretsuen hipokresia agerian utzi du”, adierazi du Andoaingo Hurria-Sahara elkarteak prentsa ohar bidez. Hilabete luzez gose greban dagoen emakumeari elkartasuna adierazteko kontzentraziora deitu dute larunbat honetarako. Eguerdiko hamabietan hasiko da Merkatu plazan.
Hurria-Saharak urtero bezalaxe diru eta janari bilketari ekingo dio egun hauetan. Larunbatean diru bilketari ekingo zaio. Hurrengo asteetan ere janari bilketari hasiera emango zaio herriko merkatalguneetan eta herriko ikastetxeetan.

ANDOAINGO UDALAREN ELKARTASUNA
Abenduaren 10ean IU-EBko zinegotziak Espainiako gobernuaren jarrera kritikatzen zuen mozioa aurkeztu zuen Udaletxean. Astebetera egin zen udal batzarraldia eta mozioa eztabaidatzeko unea iritsi zenean Sergio Barreiro jaunak bere mozioa bertan behera utzi eta bigarren mozioarekin bat egingo zuela iragarri zuen. Bigarren mozioa EAJk aurkeztu zuen eta alderdi guztien oniritzia eskuratu zuen. Iñaki Egibarrek kontsentsuaren alde egitea beharrezkoa dela gogorarazi zion IU-EBko zinegotziari. Amutxastegik sozialisten izenean hitz egin zuen, IU-EBren mozioa onartezina zela iruditzen zitzaiola esateko. EAJk aurkeztutakoarekin bat egingo zutela adierazi zuen, eta zera gaineratu: “Zapatero presidenteaz fio naizenez, arazoa ondo bideratuko delakoan nago”.
Alderdi guztiek bat egin zuten mozioarekin.

URNIETAN ERE AMINETU HAIDARREN ALDE
Haidar eta saharar herriari elkartasuna adierazi eta herri honen izaera errekonozitzen duen mozioa onartu zuen udalbatzak asteazkenean.   

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!