Esne freskoa, baserritik etxera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 17a, 14:34

Eguneko esne goxoa erosteko aukera paregabea eskainiko du aurrerantzean Amasa-Villabonan jarritako esne makinak. 

Olaederra kiroldegiaren ondoan jarri dute eskualdeko lehendabiziko esne makina.

Elizondon, Altsasun, Ordizian, Oiartzunen…, eta orain Amasa-Villabonan, egunean bertan jetzitako esne freskoa erosteko aukera eskaintzen duten makinak martxan dira. Leaburuko Mahala etxeak jarri du eskualdeko lehendabizikoa Amasa-Villabonako kiroldegiaren ondoan.
Jokin Arrospide da Mahalako nagusia eta hark azaldu du erosleak makinan zer aurkituko duen: “Eguneko esne pasteurizatua saltzen da makinetan. Pasteurizazio baxua duen esnea da, etxera eraman eta irakin gabe kontsumi daitekeena. Udara aldean freskagarri gisa ere edan ahal izango da, makinatik ateratzen den bezala, zuzenean, fresko-freskoa. Zapore gozoko esnea da eta bigarren aukera hori ere interesgarria izan daitekeela uste dugu”.
Eguneko hogeitalau orduetan egongo da martxan esne makina: “Goizero-goizero esne berria ekartzea izango da gure ardura. Hirurehun litroko edukiera du makinak eta eguneroko martxak erakutsiko digu nolako harrera duen. Jendeak galdua du eguneko esnea kontsumitzeko ohitura eta gure ardura izango da zerbitzu ona eskainiz, jendeak makina erabiltzeko ohiturarekin bat egin dezan. Hasieran berrikuntzak bultza dezake jendea makina erabiltzera, baina epe luzera, ohitura sortzea izango da erronka. Azken finean, askoz ere errazagoa da merkatuan aurkitzen diren bestelako esneak erabiltzea. Nahikoa da kaxako esne hori hilean behin erostearekin”.

Esne bikaina
Kalitatea da Jokin Arrospidek gehien aipatzen duen hitza: “Maila goreneko produktua da makina hauetan saltzen den esnea. Eguneko esnea da, teknologia berriak aprobetxatuz baldintza onenetan kalean jartzen dena. Nire ustez, makinetan saltzen den esnea merkatuan dagoen esnerik onena da, zalantzarik gabe. Baserritarrentzat gastu handia da horrelako makina bat jartzea, baina ilusioa ere pizten du. Atera daitekeen etekin ekonomikoaz gain, sentimendu aldetik aberatsa da; badakizu kalitatezko produktua eskaintzen ari zarela”.
Makina jartzeko aukera ez da gauetik goizera sortu, bi urte luzeko lana eskatu die Mahalako kideei: “Zenbait urte generaman aukera horri bueltak ematen. Elizondon jarritako lehendabiziko makina hura ikusi genuen. Ordurako ere buruan genuen horrelako bat jartzeko asmoa eta aurrera egin genuen. Prozesu luzea izan da, erakundeen laguntza beharrezkoa delako. Azkenik, Amasa-Villabonan jarri dugu eta pozik gaude”. Duela urtebete inguru aurkeztu zioten Udalari esne makina jartzeko ekimena: “Hasieratik oso jarrera ona erakutsi zuten eta oso eskertuta gaude. Erakundeen laguntza eta bultzada ezinbestekoa da esne makinak jartzeko garaian, izan ere, makinak bere tokia behar du eta Udalen esku geratzen da toki hori eskura jartzea”, gaineratu du.
Lehendabiziko makinak martxan jarrita, ekimenak jarraipena izango duela uste du Jokinek: “Gure atzetik, baserritar gehiago ere animatuko dela iruditzen zait. Inbertsio handi samarra eskatzen du eta ikasi beharra edo birziklapena ere bai. Beste aktibitate batean sartzea behartzen du eta horrek beldur pixka bat ematen du beti. Asko eta asko lehendabiziko makina hauek jasotzen duten harrera ikusteko zain daudela iruditzen zait”.

Baserritik, etxera
Salmenta zuzenaren aldekoa da Jokin: “Baserritarrok salmenta zuzena egin izan dugu beti. Astoa hartuta, etxeko esnea eta barazkiak Tolosara jaisten zituen amak garai batean. Beste modu batera, teknologia berriak baliatuz, baina salmenta modu bera egiten jarraitu nahi dugu. Baserrian jarraitzeko erabakia hartu nuen garaian, zentralera saltzen genuen esnea. Aukera hura ez nuen batere garbi ikusten: Gure baserrietatik kalitate goreneko lehengaia irteten zen saltokietara, oso produktu landu eta zigortua iristen zela iruditzen zitzaidan, oinarrian zuen balioa galduta zuena. Kezka hori izanik, gure produktuak etxean bertan lantzeari ekin genion”. 1996an sortu zituzten lehendabiziko behi gazta eta jogurtak. 2003an produktuen eremua zabaldu eta bertako haragia eskaintzen hasi ziren: “Batez ere txerrikia lantzen dugu. Etxean hazi eta Tolosako hiltegian hil ondoren, hemen txikitu eta zenbait produktu egiten dugu: txorixoa, urdaiazpikoa, eta abar”. Guztira, hogeita hamar produktu ezberdinetik gora sortzen dute Mahalako kideek. “Artisau moduan egindako produktuak dira eta horregatik, kantitate txikietan ekoizten dugu”, azaldu du Jokinek.

Esnea bakarrik
Jogurtak saltzeko aukera ere eskain zezakeen makinak, baina aukera hori ez erabiltzea erabaki dute Mahalakoek: “Gure produktuak saltzen dituzten dendariekin zorretan gaude eta ez diegu kalterik egin nahi. Gazta, jogurtak eta horrelakoak makinan jarriz gero dendarien salmentei eragin diezaiokegu eta ez dugu horrelakorik nahi”. “Denda txikiek ahalegin handia egiten dute kalitatea zaintzen eta hori eskertu egin behar dugu. Zirkuitu motzeko produktuek gordetzen dute hobekien kalitatea eta horiek kontsumitzaileengana iristaraztea izango da gure etorkizuneko erronka”.
Lehen sektorearen egoeraz ere aritu da Jokin: “Hanka sartze historikoa egin da hemengo baserriak Europakoekin parekatu nahi izan direnean. Gure lursailek ez dute produkzio mota intentsiboa egiteko aukerarik ematen eta baserriari kalte handia egin zaio. Gaur egun sektorea desagertzetik gertu ikusten dut eta puntu honetara iritsita, erakundeek traba gutxiago jartzen dute. Duela hamahiru bat urte oso zaila zen dirulaguntzaren bat jasotzea ere, eta gaur egun, alde horretatik gutxienez, eragozpen gutxiago dugu. Hala ere, iruditzen zait sektorea azken ostikadak ematen ari dela”.

Erabilera errazeko makina
Esne litro erdia edo litroa erosteko aukera eskaintzen du makinak. Ahal dela, norberak bere botila eramatea komeni da, baina makina berak eskaintzen du litroko edukiera duten botilak erosteko aukera ere. 50 zentimo balio du botila bakoitzak. Etxetik eramanez gero, ia edozein motatako botila erabil daiteke, baina aho zabalekoa izatea komeni da.
Esne litroa euro batean saltzen da eta litro erdia eskuratzeko 50 zentimo ordaindu behar da. Horu edo lau graduko tenperaturan ateratzen da esnea eta bost egunetan kontsumitzea komeni da.
Ate txiki bat dauka makinak. Diru juxtua sartu ondoren atetxo hori ireki eta botila bertan sartu behar da. Eskatutako esne kopurua botilaren barnean eroriko da. Erabilera bakoitzaren ondoren, garbiketa automatikoa egiten du makinak, arazorik izan ez dadin.

INKESTA
1. Zer iruditzen zaizu esne makina jartzearen ekimena?
2. Erabili al duzu? Gustuko al duzu bertako esnea?
Felix Perez

1- Oso ideia ona izan dela iruditzen zait. Zain-zain negoen makina noiz martxan jarriko eta inguruko jendeak ere bazuen probatzeko gogoa.
2- Martxan jarri zuten bezain pronto probatu nuen. Erabiltzeko erraza da eta maiz etorriko naizela uste dut. Asko gustatu zait esne hau. Gaurkoarekin, hiru litro erosi ditut dagoeneko.

Meliton Barroso
1- Banuen horrelako ekimenak martxan ikusteko gogoa. Hemengo produktuak bertan kontsumitu behar dira, baserritarrak esplotatuak izan daitezen saihesteko.
2- Oraindik ez dut erabili, baina luze gabe erosiko dut esnea. Emazteak eta biok esne gaingabetua edan beharra daukagu, baina tarteka, postreak egiteko erosiko dut makinako esnea, askoz ere goxoagoak aterako dira eta.

Igor Urbano
1- Asko gustatu zait aukera hau izatea. Martxan jarri zutela jakin genuenean, froga egitea erabaki genuen eta gustatzen bazaigu, erabiltzen jarraituko dugu.
2- Gaur hartu dut lehendabiziko litroa. Oraindik ez dut probatzeko aukerarik izan, baina etxekooi gustatuko zaigulakoan nago.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!