Santa Krutz auzo egoitza, nortasun handiko auzoaren islada

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 17a, 14:28

Olagain auzoak egoitza propioa du, beste askok ez bezala; auzoari bizitza ematen dio gainera.

1972an sortu zen Santa Krutz elkartea izeneko auzoa; Olagain izen ofiziala geroztik jarri zaio, bertan Larreta familiaren Olagain jauregia egon baitzen kokatuta sasoi batean.
Alkartasuna izeneko kooperatibaren bitartez altxa ziren hiru eraikin erraldoiak (116 etxebizitza); gainerako beste bi etxeak ondorengo urteetan etorri ziren (44 etxebizitza).
Pello Barandiaran bertako bizilagunak kooperatiba sortu izanak zer eragin zuen gogoratu du: “garai hartako bikote gazteoi mesede handia egin zigun kooperatibak; egin kontu, 70eko hamarkadan Andoainen etxebizitza batek milioi bat pezeta balioko zuen gutxi gorabehera, baina guri miloi erdia ere ez zitzaigun kosta”.
Gaur egun auzotarrek legez jabekideen komunitatea osatzen duten arren, hasierako kooperatibaren espirituari eusten zaiola uste du Barandiaranek: “etxe bateko obrak-eta horrelakoak guztien artean ordaintzen ditugu oraindik. Ingurune naturalaren eta urbanoaren zainketa ere gure kontu izan da, orain bi urte Udala arduratzen hasi zen arte”.
Langilez josita egotetik auzoari zetorkion elkartasun espiritu horrek bizirik dirauen arren, atzera begira jarri eta nostalgiak ukitzen dio Manolo Gonzalezi, Santa Krutz elkarteko batzarkideari. “Asko ez dela arte antolatu izan ziren jaiak, edo Andoaingo haur eta helduen miresmena jasotzen zuen Gabonetako jaiotzak etortzen zaizkit gogora. Izan ere, herriko beste auzoen eredu izan zen Olagaingoa. Auzoan bizitzen jarri ginen gazte borondatetsu haiek gehienok jubilatuta gaude dagoeneko, ordea. Nahi duenak gauza ugari egin dezake auzoaren alde, baina gu, adinean aurrera gogo askorik gabe geratu gara. Gazteagoei, berriz, ez diet ikusten guk geneukan lotura auzoarekiko. Gizartea aldatu egin da, eta gazteak berarekin batera…”.

Bizilagunen topalekua
Auzotarrek badute non bildu eta gauzak elkarrekin non antolatu, Olagainen bertan. Santa Krutzeko Jubilatu eta Pentsionisten etxea da horixe. Bi egoizetan banatzen da berez: taberna da bata, eta ohiko gastronomia elkarte baten funtzionamendua duena bestea. Taberna astelehena ez gainerako egunetan irekitzen da 13:00etatik 22:00etara. Bigarren egoitza auzoko edonorentzat dago irekita. “Manolo Gonzalezek adierazi duenez “biak ala biak nahiko erabiliak dira eta auzotarren bilgune bihurtzen dira normalki. Tabernara bertakoak eta horiekin batera etortzen diren kanpotarrak sartzen dira egunero; bigarrengoan ere giro polita sortzen da maiz, kuadrilen afariak direla, haurren urtebetze ospakizunak direla... Bertan nahi diren ekintzak antola daitezke eta azken aldian, batez ere eskulanak jorratzen dituen emakume talde bat biltzen da”.  
Gonzalezek adierazi duenez “esan beharrik ez dago, bi egoitzari dagozkion hornikuntza, erreforma nahiz mantenimendu lanak auzolanean egiten direla”.

Santa Krutz elkartea
Barandiarenek azaldu du egoitzaren jatorria: “Herriko behealdeko zaharrek bilgune bat eduki zezaten, egoitza hori irekitzea erabaki zuen kooperatibak; izan ere, historian zehar, Andoain Oria ibariaren, N1en eta trenbidearen alde banatara joan da hazten, eta orduan ikusi zen behealdeko puntan bizi ziren biztanle zaharrenek ez zutela aukerarik Goikoplaza aldera hurbiltzeko”.
Denborarekin, egoitza hori zaharrentzako eta auzotar guztientzako topaleku bihurtu zen.
Jubilatuen Santa Krutz elkarteak 200 bazkide ditu egun. Horiek ordaintzen dituzten sei euroko kuotarekin zenbait ekitaldi antolatzen da urtean zehar. “20-25 mila euroko aurrekontuarekin hainbat ekitaldi eramaten ditugu aurrera”, Javier Oricain elkarteko batzordekideak aderazi duenez. “Leitzaranen zehar oinezko martxak, kultura eta gastronomia uztartzen dituzten egun bateko irteerak, hamaiketakoak edo sardin jateak antolatzen dira, besteak beste”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!