Haurrak eta gurasoak biltzeko txokoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 17a, 14:24

Haurrekin espazioa partekatu eta jolasean aritzeko nahiz bestelako ekintzak burutzeko asmoz jarri dute abian egitasmoa.

Negua iritsitakoan, haurrek etxetik kanpo jolasteko leku egokirik ezean, hainbat gurasori ludoteka edota familia txokoa bultzatzeko asmoa sortu izan zaie maiz. Aurten, abian jarri dute egitasmoa, “neguan, hotza eta euria egiten duenean, ez dago haurrek kalean jolasteko leku egokirik. Egun horietan merkatalgune handietara joaten da jendea edo etxean isolatzen da bestela. Haur nahiz gurasoak elkartu eta jolasean aritzeko nahiz bestelako ekintzak burutzeko gune egokia edukitzea da gure nahia”. Gurasoek adierazi dutenez, udan, parkeetan bil daitezkeen bezala, neguan ez dute elkartzeko gunerik, “herrian ez baitago aterpe askorik”. Familia txokoa neguari begira zabaldu nahiko lukete batik bat, baina euren asmoak aurrera egingo duela sinetsita, udan zehar ere ekintzak antolatuko lituzketela jakinarazi dute.
Umeekin bildu, beraiekin jolastu eta hainbat ekintza antolatu nahi dituzte: jolasak, txangoak, ipuin-kontaketak, gurasoentzako hitzaldiak... “Epe luzera, ludoteka zerbitzua eskaintzea izango litzateke helburua; begiraleek haurren kargu eginez, baina diru gehiago behar da horretarako eta une honetan Udalak baliabide ekonomikorik ez duenez, ekimena gurasoek bideratzea proposatzen dugu”. Ondorioz, Udalak ludoteka abian jartzeko aukera izan artean, gurasoek lokala egokitzeko eskatu dute eta eurak arduratuko lirateke ekimena aurrera eramateaz. “Lokala egokitu eta material pixka bat jartzea soilik eskatzen diogu Udalari. Gainerako antolaketa lanak gure gain hartuko genituzke”.

736 ume herrian
Udalean familia txokoa bultzatzeko aurkeztu duten egitasmorako, herriko egoeraren azterketa zehatza egin dute gurasoek eta emaitzekin harrituta geratu direla aipatu dute, “2-11 urte bitarteko 736 ume dago herrian. Datu horrek, dudarik gabe, argi uzten du gure egitasmoa gauzatzeko beharra erreala dela”. Gaiarekiko interesa zenbaterainokoa den ikusteko eta ekimena guztiz irekia izan dadin nahi dutenez, haur horien gurasoei galdeketa egin diete ikastetxeen bidez triptikoak banatuz. Gustura geratu dira emaitzarekin, “etxeetara zabaldu dugun orritxoak oso erantzun ona izan du. Guztira 147 familiak erantzun du egitasmoarekiko interesa erakutsiz eta 225 umeren aipamena eginez”.

Guraso eta haurren bilgune
Familia txokoa haurrena bezala, gurasoen bilgune izatea nahiko lukete egitasmoaren bultzatzaileek eta Fleming eskolako nahiz Jesusen Bihotza ikastolako ume eta haien gurasoei egin diete deialdia, “bi ikastetxeetako guraso eta haurren arteko harremana sustatzeko leku egokia izan baitaiteke”. Azaldu dutenez, beste edozein elkarteren pareko betebeharrak izango lituzke familia txokoak, “besteak beste, bazkide izan eta urteko bazkide-kuota ordaintzea”. Errepidetik urrun, inguru lasaia duen lokala nahiko lukete euren helburuak betetzeko. Ikasturtean zehar, familia txokoa arratsaldez zabalik egotea proposatzen dute gurasoek, 16:00etatik 20:00etara. “Asteburu nahiz opor egunetan goiz eta arratsaldez zabaltzea gustatuko litzaiguke, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara”.
Familia txokoak bide onetik doazen beste hainbat herrietako kasuak ezagutu dituzte, Usurbilgoa esaterako. Amasa-Villabonan lokala lortzea presazkoa eta ezinbestekoa da gurasoentzat, “beharra orain baitago eta egoerari lehenbailehen eman behar baitzaio erantzuna”.

Iradokizunetarako bidea
Familia txokoaren ideia publiko egin nahi dute egitasmoaren sustatzaileek, “triptikoari erantzun ez dieten gurasoek ere interesa izango dutela iruditzen zaigulako”. Helbide elektronikoa zabaldu dute egitasmoarekiko interes hori erakutsi edo proposamenen bat egin nahi dutenei begira: familitxokoa2010@hotmail.com.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!