Remi Ayestaran ibilbide berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 17a, 14:20

Oriaren alboan eraikitako ibilbideari Remi Ayestaran izena ematea erabaki du Udalak.

Joan zen abenduaren 3an, ezker abertzaleko Udal gobernuak, Remi Ayestaranen heriotza eta heriotzaren testuingurua salatzen zituen mozioa aurkeztu zuen Villabonako Udalean. Udal gobernuko oposizioko kideak ez ziren batzarrean izan eta ezker abertzaleak EAJ/PNVk publikoki bertan parte hartzeari uko egin izana salatu zuen, “EAJ-PNVko zinegotziak ez dira Udal mailako inolako zereginetan parte hartzen ari azken urteotan, ez batzarretan ezta euren batzordeetan, salbuespen oso puntualak kasu”. Batzar hartan, hainbat herritarrek hala eskatuta, Remi Ayestaran hil zen tokiak bere izena har zezan erabaki zuen ezker abertzaleko Udal taldeak. Era berean, Remi Ayestaran Udal ordezkari eta alkate ordearen heriotzaren aurrean jasotako babes eta  dolu mezuak aintzat harturik, herritarrentzat esker oneko hitzak izan zituzten, “bereziki hain omenaldi polita prestatzen lagundu eta kolaboratu zuten guztientzat”. Loatzo musika eskolak musikarien festa egunean margotutako muralagatik ere eskerrak eman zituzten,  elkartasun keinu guztiek aurrera egiteko indarra eta adorea eskaintzen zietela azalduz.

URZABAL IBILBIDEARI IZENA ALDATZEA
Bizitzan zehar ezusteko latzak izaten ditugu eta horietariko bat izan zen uztailaren 31n Villabonan gertatu zena. Herritarrek hasitako jaiei Ertzainen isekek bat-batean amaiera eman zieten. Une horietan Remi Ayestaran herriko zinegotzia zen, ordura arte bezala herriaren alde lanean ari zen, jaien antolakuntzak buru-belarri sartuta zegoen. Pozik eta ilusioz beterik dena txukun ateratzea zen bere helburu bakarra, ‘ea jaiak bakean amaitzen diren’ esaten zuen. Jaiek esanahi berezia zuten Remirentzat, herritarrak inoiz baino gertuago sentitzen zituelako eta talde ezberdinen parte hartzeak herria bizirik zegoela adierazten zuelako.
Guk, 2007ko ekainaz geroztik Udalean berarekin lanean aritu garenok, badakigu zenbat ordu sartzen zituen udaletxeko gorabeherak konpondu nahian. Badakigu zenbat sufritzen zuen eztabaida bat izaten zuen bakoitzean. Badakigu zein pertsona irekia, langilea, bihotz onekoa eta arduratsua zen. Eta horren guztiaren jakitun zen herri osoa. Hori argi utzi zuen Remiri azken agurra ematera hurbildu zen jendetzak.
Hemendik aurrera, Remiz hitz egiten dugunero, aditza nahi eta nahiez iraganean jarri behar badugu ere, gure oroimenean betirako tokia izango du. Eta herriak ere bere oroimenean gorde dezan, maite zuten guztien eskaera kontuan harturik, azken arnasa eman zuen tokiari bere izena jartzea proposatzen dugu. Horrela, hala onartzen bada behintzat, orain arte Urzabal ibilbidea izan dena, hemendik aurrera Remi Ayestaran ibilbidea izango da.


Villabonako Udaleko hautetsi independentistak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!