Zizurkil Goiko Gaztezuloa, abian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 17a, 14:17

Herriko gazteen beharrak aztertu, ekintzak antolatu, eta laguntza eskaintzeko lan egiten dute kale hezitzaile eta gazte dinamizatzaileek. Zizurkil Goian ere izango dira aurrerantzean.

Ixaxkun Sarasola gazte dinamizatzailea, Leire Irastorza eta Aitor Herrera kale hezitzaileak eta Hodei Ezeiza koordinatzailea buru-belarri ari dira herriko gazteekin lanean.
Pasus plazako Gaztezuloari Zizurkil Goiko egoitza berria gehitu zaio gazteei zuzenduriko zerbitzua indartuz. Aste honetan jarri dute martxan Zizurkil Goiko Gaztezuloa. Andoni Usandizaga gazte zizurkildarrak hartuko du Zizurkil Goiko gazteekin dinamizatzaile lanak egiteko ardura.  
Ixaxkun Sarasola irailean hasi zen dinamizatzaile lanetan: “Nire egitekoa hamar eta hamasei urte arteko gazteekin bildu eta jarduera ezberdinak antolatzea da. Beraien arteko harremanak sustatu eta aisaldirako eskaintza indartu nahi dugu. Hilabeteotan hamalau eta hamabost urte arteko gazteak izan dira gehien hurbildu direnak”.

Bi kale hezitzaile
Hezitzaileen lana ere gazteei bideratuta doa: “Zailtasunak dituzten gazteei, arrisku egoeran egon daitezkeenei edo laguntza berezia behar duten gazteei zuzentzen diegu gure arreta. Gazte horiengana iristeko taldekako ekintzak erabiltzen ditugu askotan. Bada denbora puska bat zerbitzu hau martxan jarri zela eta gazteek ezagutzen gaituzte. Badakite gure lana zein den eta zerbitzuaren funtzionamendua ere ezagutzen dutenez, nahiko erraz hurbiltzen zaizkigu. Kalea da gure eremu naturala, bertan topatzen ditugu gazteak, baina Aurrera plazako egoitza edo Gaztezuloa ere erabiltzen dugu gazteekin bildu edo ekintzaren bat egin nahi dugunean”, azaldu dute Leire eta Aitor hezitzaileek.
Gazteen eskaeren artean bakarra nagusitzen da besteen gainetik: “Hamalau eta hamabost urte ingurukoek, koadrilan lasai egoteko lokalen beharra aipatzen dute gehienbat, euren kasara egoteko aukera emango diena. Antolatzen diren ekimenen artean berriz, kirol ekintzak dira proposatuenak. Argi dago kirolarekiko zaletasun handia dagoela zenbait koadriletan”, azaldu du Ixaxkunek.

Zizurkil Goiko gazteeen ekimena
Abenduko hirugarren astean jarri zen martxan Zizurkil Goiko eskaintza berria. Hodei Ezeiza koordinatzaileak eman du horren berri: “Gurasoek egindako eskaera batek abiarazi zuen egoeraren azterketa. Azterketa horrek bi ondorio nagusi erakutsi zituen. Batetik, zortzi eta hamabi urte arteko gaztetxoek biltzeko tokia eta aisaldirako eskaintza zabalagoa behar zutela; eta bestetik, hamasei urte inguruko gazteek ere aisialdirako gune egokia behar zutela”.
Behar horiei erantzuna emateko asmoz, bi ekimen jarri dira martxan: “Hamabi urte artekoentzat, Iriarte etxeko gela bat antolatu da. Astearte eta asteazken arratsaldetan izango dute zabalik, bi ordu eta erdiz. Eskolako lanak egiteko eta jolasean aritzeko aukera izango dute bertan. Hamasei urte inguruko gazte taldeari berriz, San Millan eskolan jarritako prefabrikatuetako bat utziko zaie”. Gazte hauek zenbait konpromiso hartu dute eskaintza horren truke: “Batetik, euren gunea antolatu eta kudeatu beharko dute. Beharrezko materiala ekartzea ere beraien esku geratuko da. Batek sofa bat, besteak telebista…, denen artean osatuko dute. Bestalde, hamabi urte artekoen dinamizatzaile lanak ere egingo dituzte”. Horretarako, gazte dinamizatzailearen laguntza ere izango dute: “Andoni Usandizaga herritarra arituko da Zizurkil Goiko gazteekin lanean. Euren gunea antolatzen lagunduko die eta gaztetxoenen dinamizatzaile lanetan ere arituko da gazteekin batera”.
Hodei Ezeiza pozik dago martxan jarri berri den zerbitzuarekin: “Oso ekimen polita iruditzen zait, berezia. Zizurkil Goia bezalako herri txikian horrelako zerbait antolatzeko ekimena izatea, berezia iruditzen zait. Erronka handia izango da, baina oso aberasgarria. Denek elkar ezagutzen dute eta elkarrekin lan egiteko gogoz daude”.

Abenduko ekitaldiak
Eguberrien atarian gauden honetan, egun horietarako ekintzak antolatzeko lanetan dabiltza hezitzaile eta dinamizatzaileak: “Bigarren eskuko jostailuen azoka eta txokolatada egingo dugu abenduaren 22an, arratsaldez. Abenduaren 29an berriz, Txuri-Urdinera joateko irteera antolatu dugu”, azaldu du Leirek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!