Marrazkia eta margoa uztartuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 17a, 14:13

Urtarrilaren 8ra arte Josetxo Irastorza zizurkildarraren margolanak ikusgai izango dira Atxulondo Kultur Etxean.

Zizurkilen bizi bada ere, donostiarra da jaiotzez Josetxo. Gaztetxotatik gogoko du marraztea eta zaletasuna landuz, margolan ugari egin du urtez urte. Ez da bere lanak erakusteko zalea, baina Atxulondo Kultur Etxean haietako batzuk ikusgai jartzea erabaki du ingurukoen eskaerari kasu eginez.

Noiz eta nola ekin zenion marrazkiak egiteari?
Gaztetxotan Irungo eskolan ikasi nuen eta arratsaldetan, arte eta ofizioen eskolara joaten nintzen. Gaspar Montes Iturrioz irakasle handiak erakutsi zidan marrazten. Oso artista ezaguna zen, oso maila onekoa eta marrazten ederki irakatsiagatik, gaztetxotan ez da diziplina handirik nahi izaten eta denborarekin eskoletara joateari utzi egin nion. Hala ere, marrazten jarraitu nuen. Autodidakta izan naiz.

Marrazkia edo margoa lantzen duzu gehiago?
Arkatzarekin zirriborroa egin eta gero, rotrina erabiltzen dut marrazkiak egiteko. Gero, tarteka, akuarelekin margotzen ditut hainbat lan. Beste batzuk txuri beltzean uzten ditut. Akuarelaz margotzen ditudanak ez dira akuarela lanak, aurrena marraztu eta gero koloreztatu egiten baititut. Koloreak beti bizitasuna ematen dio marrazkiari.

Bilduma handia izango duzu dagoeneko…
Bai, berrehun marrazki baino gehiago dauzkat etxean gordeta eta koadroak ere hamabitik gora. Egiten ditudan lanak gordetzea gustatzen zait edo lagunei ematea bestela. Doako lanak direnez, gustura jasotzen dituzte haiek ere.

Zertan oinarritzen zara marrazkiak egiteko?
Paisaiak, baserriak nahiz etxeak marrazten ditut batik bat, baina baita bestelako irudiak ere. Oro har, argazkiak atera eta jasotako txoko horiek marrazten ditut. Hemengoak bezala kanpokoak. Bidaiatzeko aitzakia ere bada, beraz, marraztea. Liburuetako argazkietan ere oinarritzen naiz, noski. Garai batean, esaterako, Van Gogh-en irudi mordoa egin nuen.

Atxulondoko erakusketa egiten duzun lehenengoa da, ezta?
Lehenengoa eta bakarra. Alabak animatu eta aurrera egin dut, baina ez dut aurrerantzean bide hori jarraitzeko asmorik. Nire zaletasuna da marraztea eta ingurukoentzat egiten dut.

Zer erakutsiko duzu Atxulondon?
Herriko irudi bakarra eramango dut, Zizurkil Goiko elizarena. Gainontzean, paisaia gutxi eta marrazki abstraktuagoak izango dira gehiago: piramideak, lauburu bat, lau urtaroen marrazkia… Neurri handiko marrazkiak izango dira ikusgai.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!