Jostunak gutxitzen urtez urte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 17a, 14:10

Galtzak nahiz emakume arropak josten, urte askoan lanean ari(tu) dira Juli Arrastoa eta Arantxa Iraola. Zizurkildarra da jaiotzez Juli, asteasuarra Arantxa. Asteasun bizi dira biak eta jostunen eguna igaro berri den honetan –abenduak 13–, jostorratza eta hariari lotuta lan asko egin duten bi jostunen ibilbidea jaso du Aiurrik.

Noiz eta nola ikasi zenuten josten?
Arantxa Iraola:
Asteasun bertan ikasi nuen josten Trini jostunarekin; 16 bat urte izango nituen, eskola bukatu eta gero. Nire lagunak neskame joan ziren eta nik neronek josteko joera hori ez nuen arren, aitari alabak josten ikastea gustatzen zitzaion. Modu horretan hasi nintzen.
Juli Arrastoa: Jostea beti gustatu izan zait eta gure amaren kapritxoa, baserrian lanean aritu eta gero, neguko hiru hilabetetan josten ikastea izaten zen. Zizurkil eta Villabonaren arteko mugan, aspaldian bota zuten trenzubiaren kontrako etxean ikasi nuen josten. Deseatzen egoten nintzen negua etorri eta jostera joateko, gainerakoan baserrian aritzen baikinen jo eta ke lanean. Gerora, Tolosara joan nintzen galtzak ebakitzen eta josten ikastera eta ikasitakoan, Tolosako denda baterako hasi nintzen lanean. 26 urte nituela, pretentsio gehiagorekin-edo, Donostiara joan nintzen sastreri baterako jostera. Han bi urte aritu eta gero ezkondu egin nintzen eta geroztik, etxean josi izan dut beti.

Batak galtzak eta besteak emakume arropa josi izan duzue batik bat…
J.A.:
Orduan arropa guztia eskuz egiten zen, baita aurreko mantalak ere! Etxetik kanporako, gizonezko galtzak josi izan ditut beti. Oihala neurrira ebaki eta josten bukatutakoan, burdinezko plantxa koxkor beroekin lisatzen genituen galtzak orduan. Orain apaingarri moduan daukat garai hartako plantxa. Arinagoak dira gaurkoak.
A.I.: Nik galtzak josten gerora ikasi nuen. Emakume arropa josten ikasi nuen aurrena Trinirekin: soinekoak, gonak, txaketak, txamarrak… Behin ikasitakoan, Tolosako Cuesta tailerrean hasi nintzen lanean beste ofizial baten laguntzaile. Gero Donostiara aldatu zuten tailerra eta han ofizial gisa jarraitu nuen ezkondu nintzen arte. Beti emakume arropa josi izan dut. Ezkondu eta gero, etxeko nahiz joste lanetan aritu izan naiz.

Eskuz eta makinaz, bietara josi izan al duzue?
A.I.:
Hasieran nahiz geroago, eskuz ere josi izan dut nik. Donostiarako galtzak josten nituenean eskuz aritzen nintzen. Makinaz ere asko josi izan dut; berrogei urte izango ditu nire makinak eta oso ondo erantzun dit beti. Hasitako makinarekin jubilatzea pentsatzen dut, lagun onak gara.
J.A.: Niri ere oso makina ona atera zait. Berrogeita zazpi urte ditu nireak.

Lan polita al da jostunarena?
A.I.: Gustatu egin behar da, bestela aspergarria izan daiteke askorentzat.
J:A.: Eskulana dena da polita, gustatuz gero. Gaur egun afizio moduan josten dut, tira egiten dit eta.

Eskulana, ordea, gero eta gutxiago egiten da…
J.A.:
Orain, esaterako, apenas egiten den galtzarik eskuz.
A.I.: Nik tarteka josten ditut galtzak Tolosarako. Konponketak ere egiten ditut eta galtzen barrenak moztu ere bai. Berehala konturatzen naiz merkealdia noiz etorri den: konponketak egin eta barrenak mozteko pare mordoa ailegatzen baita garai horretan.

Jostun gazte gutxi ikusten da egun…
A.I.:
Gaurko gazteek ez dakite josten. Gure garaian, josten ikasi ez zuena ere moldatzen zen galtza barrenak mozteko. Gaurkoak, ordea, ez dira moldatzen eta gehienak ikasten saiatu ere egiten ez direla esango nuke.
J.A.: Ikasketak dituenak eta lana daukanak, josteari ez dio konturik. Guk brodatzen eta bainikak egiten ikasten genuen eskolan. Gaur ez dago horrelako konturik.
A.I.: Etxean ama beti horretan ikusi izanak ere lagunduko zigun.
J:A.: Gaur egun, agian interes pixka bat falta da, bakoitzak bere lana egiten du eta horrelako lanak ahaztu egiten dira.

Jostearekin nahiz eskulanekin lotuta, zein lan duzue gustukoen?
J.A.:
Brodatzea oso lan polita da eta bainika, gantxilloa nahiz puntua egitea ere asko gustatzen zait niri. Lizardi etxeko labore ikastarora joaten naiz astean bitan eta zortzi emakume hantxe aritzen gara eskulanak egiten: gantxilloa eta bainika egiten ditut gehien. Oso entretenigarria da.
A.I.: Ni josten aritu naiz gehiago eta gogokoago dut jostea. Beste hainbat lanen artean, soinekoak egitea asko gustatzen zait.

Jostunen lana behar bezala baloratzen dela uste al duzue?
J.A.: Ez lehen eta ez orain, inondik ere, ez dago behar bezala baloratuta. Josten irabazi pixka bat ateratzeko lan asko egin behar da. Gogoan dut nola aritzen nintzen gauetan ere lanak bukatu nahian.
A.I.: Egungo bizimodurako ez da askorik ordaintzen egiten dugun lanagatik. Gustatu egiten zaigulako jarraitzen dugu. Ez da bizimodua ateratzeko lana, bizimodua aurrera eramaten laguntzen du.

Jostunen eguna ospatzeko ohiturarik ba al duzue?
J.A.:
Ahal dudala, urtero joaten gara Santa Luzia eguna ospatzera.
A.I.: Nik ez daukat koadrilan egun hori ospatzeko ohiturarik. Askotan senarra, ahizpa eta koinatarekin joan izan naiz Zumarragara. Gaur egun jostun gutxi dago eta jostunak baino gehiago, egun horren inguruan emakume koadrilak biltzen dira. Gazteagotan jostun ikasle eta irakasle, Arantzabira edo Laskibarrera joaten ginen egun-pasa. Askotan jostundegi ezberdinetako kideak elkarrekin ospatzen genuen jostunen eguna. Oso egun polita izaten zen.

Jostundegi ugari
Beste herri askotan bezala, Asteasun neska askok ikasi zuen josten herrian bertan. Jostun askok bete zuten irakasle papera. Arantxa Iraolak josten ikasi zuen garaian –50eko hamarkadan–, jostundegi ugari zegoen herrian. “Nik josten ikasi nuenean, Trinirengana hiru lagun joaten ginen Betani etxera. Tximelarenean sei bat neska aritzen zen Alberta eta Mariarekin josten ikasten. Juanitak ere lan asko egiten zuen Arbe etxean neskei josten erakusten eta Sotorrotako Bibianarengana ere sekulako neska piloa etortzen zen, Zizurkil aldetik batez ere”.

Arropak erabili
Egun arropa berriak erosteko joera oso zabalduta dagoen arren, ez dira seguruenik garai batean bezala, puskatu arte erabiltzen. Garai hartako jantziek gehiago irauten ote zuten galdetuta, hara Juliren erantzuna: “Iraun, ez dakit gehiago irauten zuten. Ibili egin behar izaten ziren orduan. Baserrian lau ahizpa ginen eta nik izaten nituen beti arropa berriak, gazteagoek hartzen zituzten gero”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!