Biodiesela erregai ekologikoa da, dieselaren bidez ibiltzen diren motor gehienetan gasolioaren ordez erabil daitekeena, ingurumenari onura garrantzitsuak eskaintzen dizkiona, erregai berriztagarria eta biodegradagarria baita, errekuntza hobetu egiten duena eta aldi berean berotegi efektuko gasen eta osasunarentzat kaltegarriak diren sufrea eta bentzenoa bezalakoen isuria %85 bitartean murrizten duena.
Ba al zenekien aurreneko diesel-motorrak landare olioaren (kakahuete-olioa) bidez higiarazteko diseinatuak izan zirela? Beraz, olioa biodiesel bihurtuta Rudolf Dieselek XIX. mende amaieran erabiliko zuen energia iturri berdina berriro ere erabili besterik ez gara egiten ari.
Erabilitako olioa plastikozko botila edo brik ontzietan, ondo itxita, utzi behar da edukiontzien barruan. Ez da gomendagarria beirazko botilak edo potoak erabiltzea, edukiontzietan utzitakoan hautsi egin baitaitezke.
Edukiontzi berri hauek kaleratzearekin batean ingurumen heziketa kanpaina bat egingo da hiritarrei sistema berriari buruzkoak ezagutarazteko, sukaldeko olioaren gaikako bilketan hiritarren parte hartzea sustatzeko, bilketa mota honek ingurumenaren arloari dakarzkion onuren berri emateko eta edukiontzi berrien kokalekuei buruzkoak jakinarazteko.
Kanpainak sistema berri honetan hiritarren parte hartzea bila du inolaz ere, sukaldean erabilitako olioa bereiztuta biltzeko, eta xede horretan bi pizgarri asmatu ditu. Hasteko, 5.000 inbutu banatuko ditu hiritarren artean formula biren bidez:
- Tolosan (hilak 12an), Ibarran (hilak 17an), Andoainen (hilak 19an) eta Villabonan (hilak 22an) abenduan, herriotan izaten diren azoka egunetan berariaz antolatutako postuetan. Haietan txistorra pintxo bat jateko aukera izango dute bisitariek, olioa ontzi egokietan nola gordetzen den ikasiko dute, edukiontzi berrien kokalekuak zein izango diren jakingo dute, eta kanpainari buruzkoak bertatik bertara ezagutuko dituzte.
- Mankomunitatera biltzen diren gainerako udalerrietan txartelak baliatuko dira. Udaletxeetan inbutua jasoko dute hiritarrek txartelaren trukean.
Bestalde, Mankomunitateak EAEko landa-etxe batean asteburu bat igarotzeko bost sari zozketatuko ditu bilketa honetan parte hartzen duten guztien artean. Honenbestez, etxe guztietara iritsiko den foiletoaren bidez jakinaraziko zaie hiritarrei nola parte hartu, hau da, edukiontzi berrian utzitako olioz betetako ontzian telefono zenbakia idatzi behar da birziklatzeko plantan egin beharreko zozketan saritua gertatuz gero nori deitu jakiteko.
Kanpaina abenduaren 11n hasiko da Tolosan, eta pixkana-pixkana Mankomunitate osora zabalduko da, eta hurrengo asteetan Tolosaldeko edozein biztanlek aukera izango du sukaldean erabilitako olioa edukiontzi berri hauetan bereiztuta uzteko.
Orain arte herriz herri biltzen ziren etxeko beste hondakin arriskutsuei (automobiletako olioa, fluoreszenteak, bateriak, pinturak eta beste) dagokienez, hauek Garbigunean edo San Blaseko gune garbian (Tolosa) eta furgonetan edo puntu berde mugikorrean baizik ez dira jasoko, jarraian adierazten diren hiru leku hauetan:
- -Tolosan, Trianguloa plazan
Hil guztietako 2. eta azkeneko larunbatean 9:00etatik 13:00ak arte - - Andoainen, Makaldegin
Hil guztietako 2. eta azkeneko larunbatean 9:00etatik 13:00ak arte - - Villabonan, Errebote plazan
Hil guztietako azkeneko asteartean 9:00etatik 13:00ak arte