Maialen, jainkosa berria bertsoaren Mekan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 14a, 09:40

Bera da txapelduna. Lehen emakumea. Baina hori baino askoz gehiago da Maialen Lujanbio. “Bertsoaren dama” gisa bataiatu zuen Aitor Mendiluzek. Hauxe BEC-en, bertsoaren Mekan, dama txapeldun egin zuen finalaren kronika.

Zutik jarrita, txalo erauntsi batekin eman zien ongietorria BEC-ek zortzi finalistei. Goizeko 11:00ak pasatxo ziren. Orduan piztutako suak egun osoan zehar berotu zituen bertsozaleen bihotz eta buruak. Goizeko saioa ederra izan zen, giroa ez zen lehertu baina ale bikainak entzun genituen. Zortziko handikoa zuten lehen lana, eta agian, Maialen Lujanbiok eta Aitor Mendiluzek egin zuten ariketa osoena.Hilzorian dagoen aitak etxeko pagopean Gerra Zibileko gorpuak daudela esan die Maialen eta Aitor seme alabei. Hauxe Lujanbioren bigarren bertsoaren amaiera:
Nola zauriak ez diren itxi
ta bizirik den auzia
orduko berun aleak dira
gaurko sasien hazia.

Mendiluzek berriz, honela amaitu zuen bertsoaldia:
Gaur jakin degu, jakingo dute
gerra hontatik harago
adio aita, besarkada bat
pagoa zure zain dago.

Ama babarrunekin
Eguneko lehen bi ariketak izan ziren, agian, Aitor Mendiluzeren lan osoenak. Zortziko txikian, Andoni Egañarekin aritu zen Mendiluze. Andoni ama babarrunak tuperrean hartuta joan da Aitor semearengana bere lehen lanegunean. Hauxe andoaindarraren lehenaren amaiera:
Sentitu nahi nuen
etxean bezela
baina esan nizun ama
hau gehiegi zela!

Baina Egaña ez zegoen isiltzeko:
Lantegitik irten da
zazpi lagun alaiz
denentzako egin det
zuekin joango naiz.

Zortziko txikian aipagarria izan zen Amets Arzallusen lana ere. Sarriegi kantukideak gehiegi lagundu ez zion arren, bertso txalotuenak bereak izan ziren. Puntu erantzunen ostean, berriz ere ofiziotako ariketan berotu zen giroa. Lujanbiok Egañarekin kantatu zuen, Egañari giltzurrun bat eman dion emakumearen paperean. Hernaniarraren bigarren bertsoaren azken zatia gogoangarria izan zen:
Lehen bi ta huts, bion kalte
orain bat ta bat, enpate
mundua ere logika hontan
hobe lijoake.

Ametsen kartzela
Goizeko kartzelako ariketan Amets Arzallus nabarmendu zen. Zortzi bertsolariak azken kronika idazten ari zen kazetariaren paperean jarri zituen gaiak. Ametsek hemendik urte askotara kokatu zuen bere burua, eta orduko munduari egin zion errepasoa. Bigarrena horren adibide:
Reala igotzen ikusi nuen
ta ahaztu nituen penak
kontatu nitun lehen pausoak
herri palestinarrenak,
nola hogei urte iraun zituen
Evo gizon indigenak
eta gure preso denak
zirela senideenak
notizi on asko idatzi ditu
nere kazetari senak
baina oraindik gehiago dira
idatzi gabe daudenak.

Besteak beste, Jon Maiak ere ariketa ederra josi zuen kartzelan goiz osoko lan onari errematea emanez. Bazkaltzeko garaian bi izen entzuten ziren bertsozaleen artean: Amets eta Maialen.

Arratsaldean, leherketa
Goizean giro ona izan bazen, arratsaldean lehertu zen BEC. Hamarreko txikiko ariketan elkarrekin suertatu ziren Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus. Umoreari zukua ateraz aritu ziren biak ere. Gabon gaueko afarian, lehen platera jan orduko altxa da Maialen ama mahaitik. Ametsek Olentzaro oraindik ez zela etorri esan ostean, hauxe Maialenen bigarren bertsoa:
Eta seme alabek
ze jeta daukaten
beti ez jaikitzeko
dabiltza esaten
platera sukaldera
ez da oinez joaten!

Puntukako ariketaren ostean, bakarkako lana izan zuten zortziek batera egiteko azkena. Bakoitzak gai ezberdin bati kantatu behar izan zion, eta hemen berriz ere Lujanbio nabarmendu zen. Arratsaldeko lehen zati honetan atera zion aldea Arzallusi. Minbizia duten haurrak jolasean ikusi dituen medikuaren paperean kantatu zuen Maialenek. Hauxe lehenaren azken zatia:
Elkarri nola deitzen dioten
burusoiltxo eta kalbo
minbizia duten bi umeeri
begira-begira nago
eurengan minak badu indarra
baina bizitzak gehiago.

Egaña arratsaldean hasi zen benetako Egaña izaten, eta esaterako, bakarkako lan ederra josi zuen. Baina ez nahikoa buruz burukora igarotzeko. BEC lehertu egin zen buruz buru Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio arituko zirela jakin ostean. Besarkada estua eman zieten biek elkarri, Egaña irribarrez begira zutela. Belaunaldi aldaketa irudikatua zen.

Suari kantari
Buruz burukoa majikoa izan zen. Jendearen txalo uholde eta olatuez lagundurik, lan bikaina egin zuten Ametsek eta Maialenek. Lehenik ofiziotan aritu ziren, eta ale ederrak utzi zituzten. Kartzelakoa izan zen ordea beste behin, buruz burukoaren une gorena. Sua, horixe zuten bederatzi puntuko bertsoa botatzeko hitza. Maialenek beste maisulan bat eskaini zigun. Hauxe amaiera:
Asmakizun handina
mendeetan barrena.
Sua da problema
zenbait basorena
edo jaki dena
berotzen duena,
eta bi begiradek
sortzen dutena.

Ametsek bertsoa eta sua lotu zituen irudi polita eskainiz. Hitzaren ostean, gaiari hiru bertso botatzea zuten azken lan puntuagarria. Gaiak honela zion: “Espetxera joan zara hileko aurrez aurreko bisitara, baina sartu aurretik funtzionarioak biluztu eta miatzen uzteko eskatu dizu”. Lujanbiok bere ohiko bertsokeratik heldu zion gaiari. Hauxe lehenaren azken zatia:
Maitea barruan daukat
bakarrik ezin det utzi
duintasun, askatasun,
hitzak dizkit erakutsi
eta eutsi nahi diet baina
ia ezin diet eutsi
zenbat -tasun ezpainetan
eta zeinen muxu gutxi.

Amets Arzallusek ere lan bikaina egin zuen, espetxean daukan lagun bat gogoan. Funtzionarioaren aurrean biluzteari uko egin ostean, etxera egindako buelta azaldu zuen azken bertsoan. Hauxe amaiera:
heldu etxera eta hartu dut
paper baten zirrimarra
gutun txiki bat, ta utzi ditut
bi muxu ta irriparra
hori delako nik biluzteko
dakidan era bakarra.

Eta horrela amaitu zen ariketa puntuagarria. Eta etorri zen azken epaia: Maialen Lujanbio txapeldun. Eromena zaleen artean, poza bertsolarien euren artean. Urteetako ibilbide eredugarri baten saria lortu du Maialenek. Belaunaldiak aldatu dira baina katea ez da eten. Horixe ikusi zen amaieran Joxe Agirrek Lujanbiori txapela janzterakoan. Makina bat plaza egingo dituzte batera datozen hilabeteetan. BEC-ekoa lau urtean behinekoa baita. Plaza txikira, bere esentziara itzuliko da bertsoa orain. Hori bai, txapeldun berri batekin, eta egun handi baten oroitzapena burutik kendu ezinik.

Txapeldunaren agurra
Gogoratzen naiz lehengo amonen
zapi gaineko gobaraz
gogoratzen naiz lehengo amonaz
gaurko amaz ta alabaz.
Joxei ta zuei mila zorion
miresmenaren zirraraz
ta amaituko dut txapel zati bat
zuek guztiontzat lagaz
gure bidea ez da erreza
betez legez, juizioz trabaz
Euskal Herriko lau ertzetara
itzuliko gara gabaz
eta hemen bildu dan indarraz,
grinaz eta poz taupadaz
herri hau sortzen segi dezagun
euskaratik ta euskaraz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!