Iñaki Orive irakaskuntzan eta kirolean hezitzaile

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 13a, 18:07

Arabarra da Iñaki Orive, baina 25 urte daramatza Andoainen. Ondarreta ikastetxeari ez ezik, Andoaingo oinarrizko kirolari eskaini dizkio urte horiek guztiak. Berriki Kirol Patronatuko ardurak utzi eta Donostiako Antigua-Luberri ikastetxera joan da. Bolondres gisa urte mordoan erakutsi duen eskuzabaltasuna dela eta eskaini dio aitormen publikoa Kirol Patronatuak.

Aiurri: Nongotarra zara?
Iñaki Orive: Ni arabarra naiz berez; Gaubea bailarako (Valdegovia) Valluerca herrixkan jaio nintzen.

Noiz hasi zinen irakaskuntzan?
I.O.: Magisteritzako titulua aterata, 1977an etorri nintzen Gipuzkoara. Uharte-Amezketa, Anoeta eta Ibarratik pasa eta gero, Andoainera 1984an heldu nintzen. Leitzaran ikastetxean hasi nintzen, matematikak eta zientziak ematen. Berehala hezkuntza erreforma eman zen, eta Ondarretara pasa ninduten.

25 urte bete dituzu Andoainen, hortaz…
I.O.: Halaxe da, bai! Andoaindar sentitzen naizela esan daiteke; seme-alabak ere ez dira bertan jaioak, baina hemengoak balira bezala!

Euskaldun berria zara, ezta?
I.O.: Lehen Gaubeako bailaran ez zen euskaraz hitz egiten, eta Gipuzkoara etorri nintzenean ikasi nuen. Ondarretan nengoela PL2 titulua atera nuen.

Soinketa eman duzu urtetan Ondarretan, eta euskaraz gainera…
I.O.: 10-12 gelekin jardun dut urtetan. Andoainen askok ez dakite baina gaur egun D ereduan funtzionatzen dute gela guztiek, lehen zein bigarrengo zikloan; hirugarrengoan, berriz, bi gela besterik ez dira geratzen B eredukoak. Ondarretak batzuentzat “Escuelas Nacionales” izaten jarraitzen du eta hori ez zait gustatzen, modu despektiboan esaten dela ematen baitu.

Zer dela eta bideratu zenuen zure ogibidea kiroletara?
I.O.: Gasteizko barnetegian ikasi nuen gaztetan, eta gogoan dut oso estimatuak nituela saskibaloia eta esku pilota. Gerora ere kirolzalea izaten jarraitu dut. Ondarretan irakasle nintzela, Hezkuntza Delegaritzak espezialitate berrietan murgiltzeko aukera eskaini zigun. Neronek soinketa hautatu nuen. Orduan ez zen baloratzen ikasgai hori, eta ez zegoen argi nola erakutsi, baina inoiz ez naiz damutu pauso hori eman izana.
1989an edo hasi nintzen soinketa ematen eta orain bi urte arte jardun dut horretan. Aurten Antigua-Luberri ikastetxean hasi naiz, liburuzain bezala.

Zer baldintzetan aritu behar izaten da soinketako ikasgaiarekin?
I.O.: Instalazio falta izaten da arazorik handiena. Hemen ez dago Andaluziako klima, eta euria egiten duenean esango didazue zer egin daitekeen! Ondarretak badauka gimnasioa, baina ez ditu baldintzak betetzen (leku txikia, hezetasuna…). Orain gutxi estalpea jarri dute patioan eta horrek asko erraztu ditu lanak. Urtetan nire aldarrikapena izan da hori, eta lortu da azkenean!

Gustura aritu zara urte hauetan?
I.O.: Baietz esango nuke. Jakina, gaztetan aiseago eramaten da lana, baina adinean aurrera… Astean 20-22 ordu patioan ez baita txantxa! Bestalde, ikasleak motibatuta etorri izan dira beti, eta ez daukat zertan kexaturik. Hori bai, pena pixka bat ematen dizu ikasleekin ezin eduki ahal izatea nahi bezainbat konfiantza, soinketa orduan bakarrik ikusten baitituzu.

Nola ikusten duzu eskolaz kanpoko kirolen panorama gaur egun?
I.O.: Kirol aniztasuna da nagusi: 3 eta 4. mailan hiru kirol gehi igeriketa eta atletismoa probatzen dituzte ikasleek, eta gero infantiletan eurek aukeratzen dute zer kirol egin. Noski, herrian kluba daukaten kiroletara bidera daitezela saiatzen gara, jarraipena eduki dezaten. Aberasgarria iruditzen zait politika hori, parte hartzea bultzatzen duelako; gainerakoan, telebistak islatzen dituen modako kiroletara joango lirateke ikasleak, lehen maiz egiten zen bezala.     

Kirol Patronatuan zer zeregin bete duzu urte hauetan?
I.O.: Ondarretako eta Andoaingo ikastetxeetako ordezkari gisa jardun dut hura sortu zenetik 1992-93an. Patronatuan udaleko alderdi politikoek (bakoitzak bat), herriko kirol klubek (bi ordezkari) eta ikastetxeek (beste bi) osatzen dugu. Kiroldegiko eta herriko eskolaz kanpoko kirolen dinamika antolatzea da Patronatuaren eginkizun nagusia.

Zergatik uste duzu aitortza hori egin dizula Patronatuak?
I.O.: Pentsatzen dut urte horietan saiatu naizelako serioski parte hartzen eta laguntza ematen ahal zen okasio guztietan. Egia esan, horrelako organismo batean istiluak sortzen dira, normala denez. Osaketak horretarako bidea ematen du: udal gobernua batetik, oposizioa bestetik, klubak, ikastetxeak… Hor bakoitzak beste interesak ditu, kontrajarriak maiz. Errealitate horren baitan ni beti saiatu izan naiz bestearen paperean jartzen. Izan ere, joaten bazara soilik zurea lortzera, hor ez dago konponbiderik. Alde horretatik nire jarrera beti izan da ikastetxeen interesa defendatzea baina pragmatismoa erabiliz.

Une zailak bizi izan dituzu erakunde horretan?
I.O.: Hasieran urte gogorrak izan genituen, hiru arrazoi zirela medio: dena egiteko zegoen, EEren hausturarekin batzuk EAJra eta besteak PSEra joan zirenean beraien arteko harreman gaiztotuak bileretan islatzen ziren, eta, hizkuntzaren arazoa sortu zen. Azken honi dagokionez, jende baliagarria bileretara ezin joan geratu zen, eta hor denok galdu genuela iruditzen zait. Horiek denak konpondu ahal izan ziren gerora, eta azken bi legegintzaldietan pentsamendu irekiko jendearekin aritu naiz Patronatuan modu aberasgarrian.

Patronatua utzi eta omenalditxoa jasota, eskerrak emateko gogoz egongo zara…
I.O.: Lehenbiziko eta behin patronatuko kide guztiak eskertu nahi nituzke, aho batez erabaki zutelako nitaz gogoratzea. Kiroldegiko langileak ere ez nituzke ahaztu nahi, Angel Galparsoro, Ixiar Olano, Ane Huizi, eta Miren Agirrezabal batez ere; une larriak pasa arren premiazko lanak egin dituzte, beti egon dira prest batzordekideoi aholkuak emateko...
Ondarreta ikastetxea ere aipatu nahi nuke, urte hauetan guztietan niregan jarri duen konfiantzagatik. Eta azkenik, nola ez, zintzo jasan nauen familia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!