Irigoienazpikoa, euskararen etxea Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 13a, 18:06

Mugimenduak daude Andoaingo Irigoienazpikoa proiektuaren inguruan. Gipuzkoako Batzar Nagusietan abenduaren 2an egin zen osoko bilkuran gertatutakoaz gain, urrian Eusko Jaurlaritzarekin bilera bat egin zela jakin da. Duela gutxi, aste honetan bertan, abenduaren 3an, Udaleko talde politiko guztiak, alkatea, Euskara eta Kulturako zinegotziak, Larramendi Bazkuneko lehendakaria eta Euskara teknikaria bildu ziren Alkatetzan.  Bilera horretan orain arte eman diren pausoak azaldu ziren eta, era berean, Udalak Alkatetzatik eta Euskara Sailetik hemendik aurrera eman nahi dituen urratsen berri eman zen.

Euskarako zinegotzia, Petri Romero, Larramendi Bazkuneko lehendakari den Jon Unanuerekin eta Udaleko Euskara teknikariarekin batera, Kulturako sailburu den Blanca Urgellekin eta Hizkuntza Politikarako sailburuorde den Ramon Etxezarretarekin bildu zen urriaren amaieran.  Bilera horretan Irigoienazpikoan Euskararen Etxea jarri ahal izateko gauzatu beharreko birgaikuntza integralaz hitz egin zen.
Petri Romerok dio “euskararen erabileraren sustapenerako eta ikerketarako erreferentziazkoa izango den azpiegitura bilakatu nahi dugu Irigoienazpikoa, ez Andoainentzat bakarrik, Euskadi osoarentzat baizik. Erreferentziazko gune izango da euskararen aldeko ekimen sozialaren eta erakundeen arteko lankidetzan, eta bai Larramendi Bazkuna eta baita Topagunea ere bertan kokatu ahal izango dira. Eduki berriak izango ditu, eduki berritzaileak, euskararen sustapen iraunkorrerako, bereziki euskarak gaur egungo eta etorkizuneko komunikabideetan duen presentziari eta erabilerari dagokienez. Bertan Larramendi Bazkunak jadanik abian dituen jarduera berritzaileak sustatu eta garatu ahal izango dira, hala nola euskal literaturaren inguruko 111 Akademia, idazleez gain irakurleak ere biltzen dituena”.
“Hizkuntza gutxituek, eta horien artean euskarak, geroz eta zailtasun handiagoak dituzte komunikazioaren munduan aurrera egiteko. Euskarak komunikabideetan duen presentziak indartsua izan behar du, eta horretarako ezinbestekoa da geroz eta globalizatuagoa dagoen gizarte honetan gertatzen ari diren eta hemendik aurrera ere abiada bizian gertatuko diren aldaketak kontuan hartzea. Irigoienazpikoa erronka horri erantzuteko aukera izan daiteke”.
2010. urtean proiektuaren edukiak zehaztuko dituztela aurreratu du Andoaingo Udaleko euskara zinegotziak, “Urteek aurrera egin dutenez, ezinbestekoa da orduan egin ziren aurreikuspenak garai berrietara egokitzea. Gainera, bereziki garatu nahi dugu euskarak eta hizkuntza gutxituek gizarte global honetako komunikabide eta euskarri desberdinetan duten presentziarekin lotutako guztia. Eta bide hau beste erakundeen eskutik egin nahi dugu, Eusko Jaurlaritzaren eskutik eta Foru Aldundiaren eskutik, ahaleginak batuz. Eusko Jaurlaritzak, urrian izandako bileraren ondoren, lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko konpromisoa hartu du, proiektuaren edukiak zehazteko. Bilera horretan hitzartutakoaren arabera, espero dugu Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 50.000 euroko ekarpena egitea, edukiak zehazteko lan horietarako. Lankidetza-hitzarmen hori 2010eko lehenengo hilabeteetan sinatu nahi dugu. Horrela, datorren urterako proiektuaren xehetasun guztiak zehaztuta izango ditugu, obrak gauzatzeko proiektua ere prest edukiko dugu, eta eraikina birgaitzeko lanetarako izapideak abian jarri ahal izango ditugu”.
Bistakoa da Udalak bakarrik ezingo duela amaieraraino iritsi. 300.000 euro baino gehiago inbertitu ditugu eraikinaren egitura bermatzeko lanetan. Udalak ahalegin handia egin nahi du, bultzada berezia eman nahi dio proiektu honi, baina ezingo du bakarrik egin. Romero gainerako instituzioen babesaren zain dago, “Espero dut Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren laguntza izatea. Horretan ari gara eta baditugu itxaropenerako arrazoiak”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!