Neguko Azoka abenduaren 18an eta San Tomas eguna hilaren 21ean, eguberrien atarikoa Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 11a, 16:01

Abenduaren 21ean Urnietan ere San Tomas eguna ospatuko da. Donostiakoaren inbidiarik ez du izango, lehen aldiz eta elkarlanean, Iñistorrak eta Gaztelekuak elkarrekin batera antolatutako ekimenak. 

Eguna San Juan plazan ospatuko da, arratsaldeko 16:00etik aurrera. Ordu horretan bilduko dira Gaztelekukoak. 12-16 urte arteko herri kirol lehia izango da, gaztetxoen artekoa: lokotxak biltzen, sokatiran, txingak eramaten… Bolatokian ere lehiatuko dira.

Iñistorrakoek arratsaldeko postua 18:00ak inguruan irekiko dute, San Juan plazan bertan Santa Leokadia aurrean. Eguraldi txarra egingo balu aldiz, Kontzejupean. Txistorra egin berria jan eta Urnietan zenbait herritarrek etxerako egiten duten sagardoa edan ahal izango dute postura hurbiltzen direnek.

Pintxo bana doan dastatzeko aukera eskainiko diete Iñistorrako kideek harpidedun direnei. Postuan bertan iluntzean saski eder bat zozketatuko dute. Errifak leku berean salgai egongo dira arratsaldean zehar, baita Iñistorraren kamisetak ere. Postuak zabalik iraun artean, girotze lanetan jardungo dute, Lurdes Iriondo udal musika eskolako trikitilari gazteek.

SAGARDOA, LEHIAN
Iñistorrakoen postuan dastatu ahal izango den sagardoa lehian jarriko da. Momentuz, sei lagunena bai behintzat, haiek dira Iñistorrak antolatutako I. Sagardo Lehiaketan parte hartzeko izena eman duten lagunak. Halere, izena emateko epea ez da itxi, abenduaren 15era arte zabalik jarraituko du honako telefono zenbakian: 628 618 362 (Joxeba). Baldintza bakarra, etxerako egiten den sagardoa izatea. Partaide bakoitzak bost botila jarri beharko ditu eta botila bakoitzeko 2 euro ordainduko da. San Tomas egunean, bospasei lagunez osaturiko epaimahaiak erabakiko du zein den etxerako ekoizten den Urnietako sagardo ederrena. Edari onenaren jabeak garaikur bat jasoko du.

EGAPEREN ESKUTIK, NEGUKO AZOKA
Abenduaren 18an Jakutegi plazan ospatuko da Egape ikastolak eguberrietako oporren atarian, urtero antolatu ohi duen Neguko Azoka. Iñistorrak ere postua jarriko du. Hona hemen prestatu duten egitaraua: 
10:30 “Baserriko produktu eta tresnak” eta “Txorimalo” erakusketak zabalduko dira. HH-ko ikasleen gabon kanten saioa.
11:00 Azokako produktuen dastaketa: txistor eta gaztain jatea, sagardoa… Eta amaieran, etxeko postreak.
11:15 Gabon abestien emanaldia: LH eta DBH-ko ikasleen abestien emanaldia.
11:30 Erromeria: trikitixa, txalaparta, bertsolariak, Irrintzi Lehiaketa edonorentzat irekia.
12:00 Omenaldia: Aballarri eta Azkorteko Guraso Elkarteei. Txerriaren zozketa eta txorimalo lehiaketako sari banaketa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!