Udalbiltza auzian epaituko dute Karmele Urbistondo

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 11a, 15:59

Badakizue noiz hasiko den epaiketa?
Karmele Urbistondo: Itxuraz, luze gabe hasiko da, baina zehazki noiz ez dakigu. Udalbiltza auziaren abiapuntua estatu espainolaren erabaki politiko bat izan zen eta orain, epaiketaren hasiera data, erabaki eta interes politikoak finkatuko du.
 
Ia zazpi urte igaro dira Udalbiltzaren aurkako polizia operazio hartatik. Zein ondorio izan zituen?
K.U.: Hamalau pertsona hartu gintuzten atxilo, ordu eta egunetan inkomunikatuta eduki polizi etxean eta ondoren, espetxeratu. 22 pertsona auziperatu gintuzten, guztiak hautetsi-alkateak, Europan aurrekaririk ez duen instituzio baten kontrako eraso juridiko-politiko larrian. Udalbiltza, Udalbiltza Partzuergoa eta Euskal Garapen eta Kohesio Fondoa legez kanpo uzteaz gain, hainbat egitasmo eta ekimen, berriz, bertan behera gelditu ziren; besteak beste Zuberoa Garatzen, Euskal Herriaren Eskubideen Karta, Euskal Herriko Ekonomia eta Gizartearen Behatokia, Hizkuntz Eskubideen Behatokia…

Denbora tarte hau, eta datorrena, zer modutan bizi duzu?
K.U.: Herritar askok bizitzen -eta pairatzen- duten moduan: urtetako gartzelaldi prebentiboak, baldintzapeko askatasuna milaka eta milaka eurotako fidantzen truke, epaitegira joan-etorrian ibiltzeko obligazioa (bi egunez behin nire kasuan). Datorrena, berriz, urtetako espetxe zigorrari aurre egin behar izatea (10-25 urte artekoa), eta audientzia nazionalean inolako berme prozesalik eta judizialik gabe epaitua izatea.

Jasotako elkartasun mezuekin babestuak sentitzen zarete?
K.U.: Bai. Epaiketa data gerturatu ahala, salaketa eta elkartasun mezuak areagotzen ari dira. Bidegabekeria berri honen aurrean, azken asteotan hainbat adierazpen esanguratsu eman dira; hala nola, unibertsitateko irakasle talde batena, euskal idazle batzuena, euskal alderdi politiko abertzaleen (EA, Ezker Abertzalea, EAJ, Aralar) ordezkaritza batena. Aste honetan bertan, Bruselan, Europar Legebiltzarrean eta Catalunyako Legebiltzarrean auzipetuon ordezkaritza banak bilera eta harreman saio ugari garatzeko aukera izan dugu. Bestalde, hurbilekoenen, sostengua, babesa eta elkartasuna dago. Eskergaitza.

Beharrezkotzat jo duzue Udalbiltza bezalako erakunde bat egotea Euskal Herrian. Zergatik?
K.U.: Euskal Herriak, bere subiranotasuna garatzeko eta lurralde osorako egitasmoak hezurmamitzeko, beharrezko lanabesa delako. Herritarrengandik gertuen dauden instituzioetan –Udaletan- du oinarri Udalbiltzak eta parte hartze zuzenaren bitartez, demokraziaren ikur bilakatzen da.

Hamar urte Udalbiltza sortu zenetik. Nola oroitzen duzu 1999. urte hura?
K.U.: Euskalduna Jauregiko irudi hunkigarriarekin: alderdi abertzale guztietako 1.778 hautetsi, Euskal Herriaren nazio eraikuntzaren alde elkartuta, egitasmo zehatzak burura eramateko konpromisoa hartuz.

Besterik aipatu nahiko zenuke?
K.U.: Beharrizan eta nahi bat: konpromisoak berrestuz, Euskal Herriaren defentsan eta eraikuntzan, abertzale guztion elkarlana oinarri, orduko irudia gaur egun ere eman dadin.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!