Katedra Egaña eta Lujanbioren alde

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 11a, 15:57

Bolo-bolo dabilen galdera da, nork irabaziko du aurtengo finala? Apostua dago. Maialen eta Andoni, Lujanbio eta Egaña dira gehien aipatzen dituzten faboritoak. Amets Arzallusen aldekoak ere badaude eskualdean. Horra, askoren artean, hamar aurreikuspen.

Jokin Sorozabal • Andoain
1. Txapeldun: Andoni Egaña.
2. Txapeldunorde: Maialen Lujanbio.
“Derrigorrezkoa bada bi izen horiek aipatu beharko nituzke, Mendiluze alde batera utzi gabe. Hau ez da kirola, txorakeria da izenak ematen hastea. Jarriko dizkieten gaiak, norekin abestuko duten, presioa nola daramaten… faktore asko daude. Eguerdirako ariketa asko egin behar dituzte eta, orduan bai, argiago egongo da. Badira 4-5 bertsolari aukera beretsuekin. Egaña ez dugu entzun, baina txapelketari neurria ondo hartu dio”.

Kontxi Begiristain • Urnieta
1. Txapeldun: Maialen Lujanbio.
2. Txapeldunorde: Andoni Egaña.
“Maialen oso fuerte dabil, eta noizbait emakume batek ere txapela irabazi behar du. Edozeini hortzak erakusteko moduan dabil, eta ongi ateratzen bazaio, ikaragarri poztuko nintzateke. Andoni, oso preparatuta dagoela esan arren, besteak ere hala datoz eta lan handia izango du txapelari eusten”.

Eñaut Martikorena • Andoain
1. Txapeldun: Maialen Lujanbio.
2. Txapeldunorde: Amets Arzallus.
“Nik Amets Arzallus dut gogokoen baina Maialenek irabaziko duela uste dut. Arrakasta handia dauka eta jendearentzat erakargarria da bere bertsokera. Nire ustez berari emango diote txapela”.

Joxeba Lizeaga • Urnieta
1. Txapeldun: Andoni Egaña.
2. Txapeldunorde: Maialen Lujanbio.
“Urteak joan urteak etorri Andoni bere buruarekin seguru eta ideia freskoekin ikusten dut, eta aurtengoan txapela janzteko kandidatu nagusia da. Maialen ere oso seguru ikusi dugu, txapelketa bikaina egiten ari da eta badirudi gertu ibiliko dela. Finaletik kanpo geratu arren Uxueren txapelketa mundiala izan da”.

Ainhoa Aiartza •  Andoain
1. Txapeldun: Maialen Lujanbio.
2. Txapeldunorde: Andoni Egaña.
“Maialen oso ondo ikusten dut eta merezi duela iruditzen zait, laugarren finala badu ere honezkero. Maialen gainera oso lasai agertzen ari da, saio oso txukunak eginez. Ondo legoke finalean neska bakarra izan eta berak irabaztea! Andonik ezingo du erre eta horrek kalte egin diezaioke...”

FERMIN ARGIÑARENA • Urnieta
1. Txapeldun: Maialen Lujanbio.
2. Txapeldunorde: Andoni Egaña.
“Txapela buruz aldatuko delakoan nago. Egañak listoia oso goian jarria du eta aurten, berriz ere oso goian jarriko du. Maialen ordea helduagoa ikusten dut. Esperantza eta gogoa badut, aldaketa izateko. Aberasgarria izango litzateke bertsolaritzarentzat. Txapelketaren ibilbidea eta emakumeen parte hartzea islatuko luke”.

JOXE Manuel Oiartzabal • Andoain
1. Txapeldun: Andoni Egaña.
2. Txapeldunorde: Maialen Lujanbio.
“Orden horretan esan beharko dut baina ez daukat batere garbi, bigarrena irabazle izan daiteke eta. Maialenen bertsokera heldutasunera iritsi da, sorpresa egon daiteke alde horretatik. Pilotan bezala, buruz buruko finalean edozer gerta daiteke”.
PEIO URRETABIZKAIA • Urnieta
1. Txapeldun: Maialen Lujanbio.
2. Txapeldunorde: Andoni Egaña.
“Maialen oso indartsu ikusten dut eta bere aldeko apustua egingo dut. Halere, Andoni hor egongo da. Edozein kasutan, bertsolarien artean, lau onenen multzoa aipatu nahi nuke; Lujanbio eta Egañarekin batera, Amets Arzallus eta Aitor Mendiluze”.

JON ESKUDERO •  Andoain
1. Txapeldun: Andoni Egaña.
2. Txapeldunorde: Lujanbio-Arzallus.
“Galdera erraza, erantzun zaila! Faborito Egaña da, oso prestatuta doala entzun dut. Bertsokera oso ezberdinekoak dira baina egun bakarrera, tira, Maialen edo Amets txapeldunorde izan daitezke. Mendiluze herrikideak ere maila onena ematea nahiko nuke”.

IÑAKI ARANZADI • Urnieta
1. Txapeldun: Andoni Egaña.
2. Txapeldunorde: Maialen Lujanbio.
“Andonik despistatu itxura duela dirudi, puru eta guzti. Baina ikaragarri kontzentratuta eta prestatua doala iruditzen zait. Baina Maialen adimen azkarrekoa da. Oso arriskutsua puntuekin, duen adimen mailagatik”.

Pello Esnal BECera begira
“Zenbat herrik ote du, Euskal Herri osoan, Andoainek baino lotura handiagoa bertsolari-txapelketa nagusiaren finalarekin? Atera ditzagun kontuak, badaezpada Urnietakoak ere baliatuz. Beti da-eta mesedegarria auzo-lana...”.

Ja, lehenbiziko finalean, 1935ean, han da urnietar bat bertsotan: Alkain aita. Bigarrenean, 1936an, Iñaki semeak hartuko dio lekukoa. Eta Iñakirekin batean izango da bertsotan andoaindar bat, lehen aldiz: Joxe Etxeberria, Merdillegi baserriko semea.

Bide batez: berehala, gerrara joan beharko dute Iñakik eta Etxeberriak. Franco hilda gero, 1981ean, plazaratuko da Gerrateko ibilllerak, gerrako bien ibilerak ardatz hartuta Iñaki Alkainek berak, Antonio Zavala zena gidari eta lankide zuela, ondutako obra paregabea. Ez luke egon behar euskaldunik –eta are gutxiago urnietar eta andoaindarrik– hori irakurri gabekorik. Hiru liburuxka dira, airean leitzen direnak (Auspoa: 148-150).

Gerraondo luzearen ondoren, 1989an ikusiko dugu hurrengo andoaindarra bertsolari-txapelketa nagusian: Jokin Sorozabal gaztea. Ez zen finalera iritsi, baina berak jasoko du sari berezia: txapelketa nagusian lehen aldiz parte hartu dutenetan lehen sailkatuarena.
 Hurrengo txapelketa nagusian –hamaikagarrenean–, 1993an, finalera iritsiko da Jokin. Eta, zenbait adituk dioenez, Andoainera begira geratu zen txapela, finalaren goizeko saioa amaitu ondoren. Aitor Mendiluzek ere parte hartu zuen txapelketa hartan.

Hurrengo txapelketan ere, 1997an, biek hartu zuten parte, Jokinek eta Aitorrek, eta biak iritsi ziren finalaurrera; 2001ean, Jokin finalaurreraino iritsi zen; eta Aitor, hirugarren sailkatu finalean, podiumean; 2005ean, Jokinek ez du parte hartuko, eta Aitorrek berriro kantatzen du finalean.

Aurten ere, orain lau urte bezala, Jokinek ez du parte hartu eta finalean da Aitor gurea, berriro ere podium handira begira.

Zarautz da, zalantza handirik gabe, txapelketa nagusiaren finalekin loturarik handiena duena. Izan ere, Zarautza joan dira gaur arteko hamalau txapeletako sei: bitan (1935ean eta 1960an), Basarriren buruan; eta lautan (azkeneko lauretan), Andoni Egañarenean.
Aurtengo txapela, ordea, apustulari batek baino gehiagok ikusten du Hernanira begira. Baina ez litzateke harrigarria izango Andoainera etortzea. Merezi du Andoainek. Eta merezi duk hik ere, Aitor. Badaezpada, aipa iezaiok Maialeni auzo-lanarena. Aupa, Aitor.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!