Postontzia: "Hamaika, dira hamaika"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 11a, 12:50

"Askok gogoratuko dute bere irekiera noiz izan zen. Beste askok ez , ziurrenik; egongo da  betidanik zabalik egon dela pentsatzen duenik ere. Baina hamaika urte dira, hamaika, Irunberri Kultur Elkarteak ateak ireki zituela". 

"1998ko abendua berezia izan zen Andoaingo hainbat herritarrentzat. Gabonetako atarian, urteetako nahia eta desioa, baina batez ere lana eta esfortzua, saritua ikusi zen Irunberriren irekitze festan. Haur eta heldu, zahar eta gazte, etorkizunean bilgune izango zen elkargunea zuten parez pare.

Euria egin du, bai, orduz geroztik. Euria, eta batzuetan, baita ekaitz bortitza ere. Alta, Irunberri K.E.k hasieran markatutako helburuei tinko eustea lortu du: andoaindarren bilgune ireki, abertzale, euskaldun eta anitza izatea, eztabaiden txokoa, elkartzeko gunea.

Bidea, malkartsua izan da. Proiektua aurrera eramaterako garaian, urteak adina oztopo izan ditu Irunberri K.E.k. Duela egun gutxi ezagutu dugu horren adibideetako bat, espainiar indar polizialak tabernara eta elkartera sartu eta hauek erautsi dituztenean. Baina ez da kasu bakarra; bahitura arriskuan egon  izan da Baltasar Garzon epailearen aginduz, gorriz jantzitako polizien bisita ugari egon dira, taberna erasotu izan dute margoketekin...

Baina, sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik, Irunberri K.E.ren ekimen, proiektu, eta dinamikek aurrera egin dute. Urtero abuztu partean izan ohi den Sorgin Gaua da horren adibide. Bere garaian gaur egun desagertua dagoen Ontza elkarteak zabaldutako bideari eutsi, eta urtero, salbuespenak salbuespen, Sorgin Gaua antolatu du Irunberri K.E.k Otita parkearen inguruetan. Mus Txapelketa, Ihauterietako konpartsa, Gabonetako kantu kalejira, bertso-afariak... ekimenen zerrenda gizentzen duten adibideak besterik ez dira.

Gogoa eta grina ez da falta urtez urte antzerako dinamikak antolatu eta guztion artean disfrutatzeko. Aurten, hamaika urte betetzen ditu Irunberri K.E.k eta, hori dela eta, ospakizun gisa, egitarau oparoa prestatu du guztion gozagarrirako".

Irunberri K.E.

Honatx egitaraua:

ABENDUAK 17, OSTEGUNA
20:00etan Mahai-ingurua Euskal Preso Politiko ohiekin.
(Tartean, Aritz Arnaiz)

ABENDUAK 18, OSTIRALA
22:30etan KONTZERTUA

ABENDUAK 19, LARUNBATA

12:30etan KANTU KALEJIRA
16:30etan MUS TXAPELKETA
19:00etan GAZTAIN JATEA
21:00etan BERTSO AFARIA, Jokin Solozabal eta Amaia Agirre
(Txartela 15 eurotan. Erosteko azken eguna abenduaren 17an)

ABENDUAK 20, IGANDEA
17:00etan TxokolatadaJoxe Karrere ipuin kontalaria
*Haurrekin Olentzero bat egingo da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!