Angel Unzuren gitarra emanaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 10a, 17:47

Abenduaren 11n, gitarra kontzertua eskainiko du Angel Unzuk Gurea antzokian 20:30etan. Kutxak sustatu eta finantzatutako jarduera da eta sarrera doakoa izango da. Jarraian Angel Unzuren berri zehatzagoa eta biharko kontzertuan eskainiko duen emanaldiaren azalpena:

Bakarkako gitarra kontzertuak ohikoak dira musika klasikoaren munduan, nahikoa ezohikoak, ordea, beste errepertorio mota batzuk jotzen direnean. Eta are zailagoa da konpositore bat bere obra jotzen aurkitzea. Horixe dugu, bada, proposamen hau.

            Angel Unzuk duela hainbat urte erabaki zuen bere konposizioak bakarka eskaintzea, kontzertuak nahi zuen bezala eramateko sentitzen zuen beharragatik, instrumentista gisa duen gaitasunari egokitutako musika sortzeko beharragatik. Baita musikari gisa bere burua gai ikusteagatik ere, inoren beharrik gabe aritu nahi baitzuen; izan ere, urte asko eman ditu taldean jotzen, eta horrelakoetan taldekide bakoitzaren partaidetza, logikoa den bezala, nahiko murritza izaten da.

            Hasiera batean gitarra-jole klasikoa izan zen, Ganbara folk berrituko taldearen fundazio-kidea 80ko urteetan, eta hurbil, beti, jazzaren ukituetatik. Honen guztiaren ondotik, estilo pertsonal eta berritzailea du, denboraz fintzen eta lotzen joan dena.           

            Kontzertu honetako egitarau originala osatzeko, bi disko pertsonal (13 Solo eta Larruzko Melodiak) gehi oraindik estreinatu gabe dauden pieza berriak izango dira.

            Jazzetik hurbileko musika da hainbat gauzatan, eta folketik ere ez dabil urrun pieza batzuetan, baina guzti-guztia gitarra-jole klasiko baten antzera jotzen du. Eta horregatik jaialdi klasikoetara gonbidatzen dute, musika kontserbatorioetara, eta jazz programazioetan ere sartu dute zenbaitetan, jorratzen den elementu nagusia inprobisazioa den horietan.

            Bere kontzertuetan, Angel Unzuk artea eskaintzen du gitarra klasikoaz eta akustikoaz, horiek baliatzen ditu eszenan, jendea liluratuta uztearren hain gustuko dituen kontraste horien bidez.

            Konposizio delikatuak ditu, barnekoak, beroak, eta garratzak ere bai batzuetan, bere interpretaziorako dohainen arabera sortutako errepertorio batez.

            Produkzio, moldaketa eta interpretazio lanak egin ditu hainbat artistarentzat, tartean direla Benito Lertxundi, Jabier Muguruza, Kepa Junkera, Oreka TX, Iker Goenaga, Amaia Zubiria, Olatz Zugasti, Alaitz eta Maider, J. Goikoetxea, Anje Duhalde eta Ganbara, besteak beste.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!