Villabonako AAM, Tolosako manifestazioarekin bat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 4a, 15:06

Gaur arratsaldeko 19:30etan Tolosaldeko ezker abertzaleak deituta, Triangelutik abiatuko den manifestazioarekin bat egin du Amasa-Villabonako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak:

2009ko urteari errepasoa eginda, Villabonan errepresioak bai kualitatiboki eta baita kuantitatiboki ere nabarmen gora egin duela adierazi du AAM-k. "Villabonako ezker abertzaleak bere egitasmo independentista aurrera eramateko lanean errepresioa eta jazarpena izan ditu erantzun moduan Estatuen aldetik eta nabarmena da Villabonako Udaleko oposizio politikoa PNV nabarmenki itsu eta gor daudela egoera honen aurrean. Bakartxo Tejeria, oposizioko burua, ez da agertu ere egiten Villabonara baizik eta isilik dago errepresio zoro eta mugarik gabeko honen aurrean. Estatu espainiarrak errepresioa eta tortura eskaini dizkigu independentzia aldarrikatzen dugun villabonatarroi".
 

Mikel Ayestaran Navalcarneron
Villabonako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Mikel Ayestaran Navalcarneroko espetxean aurkitzen dela jakinarazi du, "5. moduluan haiz zuzen eta deialdi zabala egiten dugu berari idazteko":
 
Helbidea:
MIKEL AYESTARAN OLANO
CENTRO PENITENCIARIO MADRID IV
Crtra. N-V, Km. 27, 7
28600- Navalcarnero

Idatzia, Tolosako deialdiarekin bat eginez

Bestalde, ondorengo idatzia igorri du Amasa-Villabonako AAM-ak, gaur iluntzeko deialdiarekin bat eginez:

"Euskal Herriaren aurkako uholde errepresiboak aurrera jarraitzen du. Atxiloketak, espetxeratzeak, erbestea edota hilketak ezagutu ez dituen belaunaldirik ez da gogoratzen Euskal Herrian. Hala ere 2009 urte bereziki gogorra izan da Villabonako herriarentzat. Urte hasieran 7 preso politiko eta zenbait iheslari zeuden Villabonan gatazka politikoaren ondorioz; gehitxo 5000 biztanleko herri batentzat. Hala ere aurtengo urteak marka guztiak hautsi ditu:

·      Kalez jantzitako polizien presentzia itogarria.

·      Errepide kontrolak eguneroko ogi bilakatu dira villabonatarrontzat.

·      Zenbait villabonatar kide ziren zerrenden legez kanporatzea, eusko legebiltzarrerako hauteskundeetan.

·      Udal gobernuaren aurkako zentsura mozio "etikoa".

·      Preso politikoen argazkien aurkako sorgin ehiza. Honen harira Villabonako Udala mehatxatua izan da, herritar bat jipoitua eta ondoren atxilotua izan da. Gainera bere aurkako salaketa jarri dute autoritateari atentatua egitea egotzita.

·      Manex Kastro eta Mikel Garmendiaren espetxeratzea ekarri zuen polizia operazioa. Gainera Manex Kastro Ertzantzak inkomunikatu duen lehengo atxilotua izan da zenbait urte eta gero, inkomunikazio aldian Manex torturatua izan zen. Mikel Garmendiaren etxeko mihaketan berriz bizilagun bat kolpatua izan zen eta ondoren bere aurkako salaketa jarri zuten Ertzain omen direnek.

·      Preso politikoen dispertsioaren aurka jaietan deituta zeuden ekitaldiak legez kanporatu zituzten. Honen harira Villabonako herria polizia autonomikoak okupatua izan zen. Remi Ayestaran alkate ordeak joateko eskatu zien, dispertsioaren aurkako ekitaldiak bertan behera geratu zirela eta herria bakean uzteko eskatu ondoren, ertzainak Remi Ayestaran presionatzeari ekin zion, minutu gutxira hil zen Remi bihotzekoak jota, gure herria okupatzen ari ziren indar polizialen aurrean.

·      Aurreko astean berriz, Segi gazte erakundearen aurkako operazio polizialaren baitan Mikel Ayestaran, Remiren anaia, espetxeratua izan zen, Segiko kide izatearen akusaziopean. Mikelek ere inkomunikazioa pairatu behar izan du eta gainera inkomunikaturik, hau da, defentsarako inongo eskubide gabe, deklaratu behar izan zuen.

Honen aurrean gure herria ukatzen duten indar okupatzaileak Euskal Herritik joatea eta errepresaliatu politikoentzako amnistia exijitzen ditugu".  

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!