Bartzelonako Ironman proba, bikain ezta?
Urko Gallego: Bai. 25-29 adin tartean irabazi nuen. Sailkapen orokorrean, espero baino hobeto, 40.postuan geratu nintzen. Neure helburua hamar ordutik behera egitea zen, azkenean, 9 ordu 22 minututan amaitu nuen.
Zer egin behar zenuen?
U.G.: 3,8 kilometro igeri, 180 kilometro bizikletan eta 42 kilometro korrika. Jendeak lasaitasunez hartzen du. Denek diote lasai irten behar dela, proba luzea delako, korrika egiten hasi arte ez dela lasterketa hasten. Baina uretara jauzi egin eta topera ibiltzen gara, bakoitza berea egiten. Igeriketak luze jotzen du, ordubete inguru. Gero, 5 minutu aldatzeko. Janaria hartu biderako, txirrindurako jantzi eta aurrera beste bospasei ordu.
Psikologikoki nola jasan daiteke halako proba bat?
U.G.: Ez dakit. Lasterketarekin zerikusirik ez duen kontuetan pentsatzen eta paisaiarekin distraitzen zoaz edota ezagunen batekin agurtzen zara. Probak luze jotzen du, baina aldi berean atsegina da.
Egunerokoan prestakuntzari dagokionez zer nolako ahalegina suposatu dizu?
U.G.: Sakrifizio handia. Egunero bizpahiru entrenamendu ordu eta elikadura zaindu beharra. Aisialdirako tarterik apenas dudan. Asteburua ailegatuta, entrenatu eta parrandak ahaztu behar. Atera zaitezke, baina gehiegikeriarik egin gabe.
Noiz hasi zinen prestatzen Bartzelonako proba?
U.G.: Interneteko web orrialde baten bidez izan nuen probaren berri. Izena iazko urrian eman nuen, entrenatzaile ohiak aholkatuta.
Honek bide berri bat irekitzen du zure kirol jardueran edo amaitu den abentura bat izan da?
U.G.: Hurrengo abentura, Hawaii izango da, Munduko Proba. Nizan izena eman dut datorren uztailerako eta sailkatzea lortzen badut, Hawaiira joango naiz.
Datorren urtea berriz ere gogorra beraz?
U.G.: Bai. Hilabeteko atsedenaldia hartu eta jada lanera itzuli naiz berriz ere.
Hilabeteko atsedenaldia nahikoa al da?
U.G.: Hilabete inguru aholkatzen dute eta orain pixkanaka hastea. Urtarrilera arte, lasai entrenatuko dut. Gero, uztailera begira pixkanaka lan karga handitzen joango naiz.
Noiz eta nolatan hasi zinen jarduera honetan?
U.G.: Duela hiruzpalau urte. Zaletasun gisa, proba moduan ekin nion. Engantxatzen duen kirol jarduera da. Lasterketa motzekin hasi eta beti aurrerapausoa eman nahi duzu. Aurreko txapelketa beti motz gelditzen zaizu, eta beti proba handiagoetan parte hartu nahi duzu. Baina denbora asko behar da, bestela ezinezkoa da.
Egiten duzuena gehiegikeria dela askotan entzungo zenuen.
U.G.: Gauetik goizera, ezin duzu Ironman proba batean parte hartu. Ezin da jasan. Baina prestakuntza egokia izanda eta dedikazioa eskainita, edonork egin dezake. Beste kontu bat da, halako probak zenbat denboran amai ditzakezun. Bartzelonan, 60-70 urteko partaideak zeuden, dezente gainera. Askorentzat bizitzeko filosofia da, hortik zehar antolatzen diren triatloi proba guztietan parte hartzen dute. Animatu dadila jendea eta proba egin dezala. Eta gero, gustukoa izanez gero, helburu bat finka dezatela.
Nola konbinatu hiru kirol jarduera hauen prestakuntza saioak?
U.G.: Ana Casares maratoi lasterkaria da neure entrenatzailea. Astean bitan, igerian aritzen naiz, 3.000 metro eguneko. Asteburu batean bizikletan bost ordu eta ordu erdi korrika egin ditzaket.
Korrika, bizikleta gainean, edo igerian, zeinetan erosoago?
U.G.: Bizikletan, 13 urtez geroztik txirrindularia izan bainaiz.
Zeure burua epe luzera jarduera hauetan ikusten duzu?
U.G.: Gorputzak uzten badit eta zirkunstantziak aldeko baditut, lasterka jarraituko dut, baina beste filosofia batekin, gozatuz. Hau lehiatuko naizen azken urtea izango da, eta gero gozatzera.