Bertsolari Txapelketa Nagusia finalari begira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 3a, 12:15

Aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean izango diren zortzi bertsolarien izenak dagoeneko ezagutzen dira. Ez da ezusteko nabarmenik izan, duela lau urteko zortzi finalistetatik zazpi oraingoan ere BEC-eko oholtza gainean izango baitira. Orduko finalistetatik Igor Elortza durangarra kanpora geratu da eta Aitor Sarriegi beasaindarrak hartu du bere lekua. Honela joan dira finalerdietako bigarren itzuliko hiru saioak.

SUSTRAI COLINA, GERNIKAN
Sustrai Colinak irabazi zuen Gernikako finalerdia. 1.800 lagun bildu ziren Jai Alai pilotalekuan. Zortziko handian hasi ziren bertsolariak, eta lan horretan Amuriza eta Gaztelumendik osatu zuten saiorik onena. Hamarreko txikian Sustrai eta Gaztelumendiren saioa izan zen txalotuena, politikari erretiratuak ziren, baina bigarrenak hitzaldiak eman eta eman jarraitzen zuen. Koplatzako ariketak sortu zituen bertsozaleen artean barre algara gehien. Binaka baino, bakarka erosoago aritu ohi dira bertsolariak kantuan, baina Gernikan kartzelako lanean huts egin zuten gehienek, horien artean duela lau urteko finalean izandako Igor Elortzak. Sustrai Colina izan zen azken lanari goian eutsi zion bakarra. Kartzelako gaiak honela zioen: “300 eurorekin atera zara etxetik eta ezer gabe itzuli zara berriz”. Ligatu nahian ibili zen Sustrai izan zen punturik gehien jaso zuena.

UNAI ITURRIAGA, IRUNEAN
Unai Iturriagak irabazi zuen  Iruñako finalerdia.1.500 ikusle izan ziren Anaitasuna kiroldegian. Hasierako hamarreko handiko saiotik nabarmendu zen Iturriaga. Hala ere, bertsoaldi txalotuena Amets Arzallus eta Aitor Mendiluzek osatutakoa izan zen. Zortziko txikian lehen hiru sailkatuek koska atera zieten gainerakoei. Amets Arzallus aritu zen ondoen Julio Sotorekin egin zuen saioan. Hamarreko txikian Amets eta Unai bikote baten paperean jarri zituzten. Biek saio ona osatu zuten hemen. Koplatan ere Iturriaga nabarmendu zen, Julio Sotorekin batera. Kartzelako gaiak honela zioen: "Etxeko leihotik begiratu eta kazetari mordo bat zure zain dagoela ikusi duzu".  Amets Arzallusek loteria irabazi zuela esan zuen. Aitor Mendiluzek, modelo batekin dabilen futbolariaren larrutik kantatu zuen. Unai Iturriaga, berriz, atxilotzera doazenaren paperean sartu zen.

MAIALEN LUJANBIO,
DONOSTIAN
Maialen Lujanbiok irabazi zuen Donostiako finalerdia. 6.000 entzule bildu ziren Antonio Elorza belodromoan. Hamarreko nagusitik nabarmendu zen dena ondo egin zuen Maialenek. Ariketa ia guztietan punturik gehien berak lortu zituen, kopletan bereziki nabarmenduz. Maia ere oso kontzentratua aritu zen eta kartzelako onena izan zen. Sarriegik eta Alberdik ere saio ona burutu zuten. Honela zioen kartzelako gaiak: "Abokatua zara. Esku artean izan duzun azkeneko kasuaren dokumentazioa gordetzen ari zara". Maialenek gazte baten abokatu izan dela esan du, eta kasua galdu arren, esperantza eman du. Antzeko bidea hartu du Aitorrek ere. Berak errekurtsoa jartzeko asmoa aipatu du. Uxuek ere bide bera hartu du. Jon Maiak ere gazte bat defendatu eta epaiketa galdu du, baina esperantzazko mezu batekin bukatu du.

FINALA
Abenduak 13an, Barakaldoko BEC-en izango da final handia. Goizeko saioa 11:00etan hasiko da, eta arratsaldekoa 16:30ean. Bertan izango da 1993, 1997, 2001 eta 2005 urteetan txapelketetan irabazle izandako eta aurtengo finalerako zuzenean sailkatu den Andoni Egaña. Berarekin batera finalerdietako saioetako zazpi onenak lortu dute finalerako txartela: Aitor Mendiluze, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Jon Maia, Unai Iturriaga, Sustrai Colina eta Aitor Sarriegi.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!