AHTren mozioak ez zuen babesik jaso

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 3a, 12:09

Herritarren 1.200 sinadura biltzen zituen mozioa aurreko ostiraleko udal batzarraldian aztertu zen eragin eskasarekin.

AHTaren inguruan eztabaida soziala sustatzeko ibilbidea Udaletxean oso laburra izan da. Mozioa aurkeztu zuen IU-EB alderdiak, eta bakar bakarrik geratu zen ahaleginean. Izan ere, PSE-EE, EAJ, PP eta talde mixtoa aurka agertu ziren.  Sergio Barreiro IUko bozeramaleak herritarren parte hartzeari atea zabaltzeko deia egin zuen, "gure alderdiak proposamena ontzat hartzen du. Herritarren parte hartzea beharrezko ikusten dugulako". Gizarte gaiei babesa eman behar zaiela gaineratu zuen.
Juan Carlos Cano PPko ordezkariak bere aldetik eztabaida faltsua eta zaharkitua dela esan zuen. Egitasmoaren inguruan instituzioetan luze eta zabal eztabaidatu dela gaineratu zuen.

Estanis Amutxastegi PSE-EEko alkateak AHTren aldeko bere alderdiaren joera gogora ekarri zuen eta "insultoan" bukatuko den eztabaida zabaltzeari uko egin zion, "Gure alderdiak beti adierazi du beharrezkoa dela AHTa eta horren inguruan gainera instituzio guztietan eztabaidatu da".
Iñaki Egibar EAJ-PNVk Andoainen bertan aspalditik herritarrek eta herriko eragileek AHTren ibilbideari egindako ekarpenek bere eragina izan dutela gogorarazi zuen. Mozioan aipatzen diren hainbat ñabardurekin ez daudela ados gaineratu zuen.
Gabino Agudo talde mixtoko kideak ez zuen hitza hartu, baina aurkako bozka egin zuen.
Bozketa egiteko garaian, alderdi guztiek ezezko botoa eman zuten, IUk ezik. Mozioan aipatzen zen AHTaren inguruan eztabaida soziala sustatzeko eskaeran, beraz, IU bakarrik geratu zen.

AUZI SOZIALA, EZTABAIDA POLITIKOA
Gai honetan -eta beste askotan ere bai- politika ikuspegi bateraezinak agertu ziren udal ordezkarien artean. PPk AHTren inguruan emandako azalpenetan gogora ekarri zuen azken hauteskunde guztietan AHTren alde dauden alderdiak nagusi direla instituzio guztietan. Erreplika garaian Iñaki Egibar jeltzaleak Cano popularrari gogora ekarri  zion Alderdien Legea eta bere ondorioak, “instituzioak aipatu dituzu eta horietan ez dago gizarte osoa ordezkatuta. Besteak beste, PPk PSOEren laguntzarekin aurrera atera zuen Alderdiaren Legeari esker”.
Canok Egibarri erantzun behar zionean Amutxastegi aurreratu zitzaion zera adieraziz, “Hemen batzuk faltako dira baina beste batzuk hilerrian daude, ordezkatuak ez dauden horiengatik”.
Canok Amutxastegirekin bat egitearekin batera ondokoa gaineratu zuen, “Hildakoez gain, ez dezagun ahaztu Euskaditik kanpora bizitzera zenbat jende joan den”.

AZTERGAI gehiago
Azaroaren 26ko udal batzarraldian beste bi gai landu ziren: batetik, euskararen aldeko adierazpen instituzionala. Petri Romerok irakurri zuen adierazpena. Eta, bestetik, ezkontza zibilak udaletxean egiteko araudia.

EHGAM, MOZIOA
IUk aurkeztu zuen mozioa, preserbatiboen inguruan Aita Santuaren jokabidea kritikatzeko. Mozioa aurrera atera zen. Bitxia bada ere, udal ordezkariek denbora gehiago eman zuten Aita Santuaz eta preserbatiboetaz hitz egiten, AHTren inguruan 1.200 herritarrek sinatutako agiria eztabaidatzen baino.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!