Andoainen erretore izan zeneko garaia oroituz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 3a, 12:08

Mikel Goenaga apaiza 1984an etorri zen Andoainera, bertan emanez bere lehen meza. 1996an Oiartzungo Arragoa auzora destinatu zuten. Astigarragako erretorea da orain, andoaindarren oroimenean jarraitzen duen apaizak.

Andoainen batik bat drogomenpekotasunaren prebentzioan murgildu zinen, Askagintzaren eskutik.
M.G.: Oso garai gogor eta nahasian iritsi nintzen Andoainera. Goiko parrokiko etxetik ikusten ziren yonkiak arkupetako koskan, egunero. Arazoa begibistan geneukan. Ni Andoainen izan nintzen bitartean, 60tik gora lagunen hiletak egin ziren Sorabilla, Santa Krutz edo San Martinen. Gaindosiak, HIESa... Soldaduskatik libratzeagatik hepatitisa pasa zuen lagunaren odola txertatzearen eraginez hil zirenak ere ezagutu genituen. Eta 60ko zerrenda horretan ez dira sartzen beste makina bat hildako, herritik kanpo hildakoak, alkoholak hildakoak…  
Askagintzatik Udalari plangintza eskatzen genion, ez bakarrik prebentzio lanean baita tratamendu eta gizarteratzearen arloan. Problematika latza zela eta neurriak hartu behar zirela adierazten genuen, baina gehiegikeriatan ari ginela erantzuten ziguten. Ez zegoen asmo txarrik erantzunean, baina nola errealitate hori ez zen datu ofizialetan islatzen, ez zen existitzen! Esku hartzea gainera, deserosoa gerta zitekeen botoa Jainkoaren pare jarri ohi duten alderdientzat.  

Sorabillako erretoretxea harrera etxe gisa antolatu zenuen…
M.G.: Gizakia Helburutik pasa ziren heroinazale ohiak, osasun mentalak edo alkoholak eragindakoak… 12-15 bat lagunek komunitatea osatu genuen bertan. Nahiko berritzailea zen formula: hezitzaile eta euren artean hitzarmena egiten zen, arazoetatik irten eta normaltasunera iristeko konpromisoak hartzen ziren, egunerokotasunean betetzeko. Andoaingo herritar askoren inplikazioa lortu genuen, gizarteratze prozesua errazteko.
Egitasmoa, hala ere, pikutara joan zen. Labur esanda, zera gertatu zen: etxeak sakoneko erreforma eskatzen zuen, eta Udalak hondamena deklaratu zuen. Gotzaitegia sartu zen tartean orduan, eta Caritasekin konpontzera derrigortu gintuen. Elkarte horrek aurretik lortu zen elkarbizitza ezinezkoa bihurtzen zuten baldintza batzuk jarri zituen; nolabaiteko pultsua gertatu zen eta gu irten ginen galtzaile. Setien buru zuen gotzaitegiak, ondoren, Oiartzunera bidali ninduen, inongo arrazoirik adierazi gabe.     

Zure joanak indiferentzia ez beste edozer sentimendu eragin zuen herritar askorengan…
M.G.: Pentsatzen dut izango zirela tristetu zirenak; baina aldi berean, baita poztuko zirenak ere. Azken horien artean, adibidez, Udaletxeko jendea edo herriratu bezain pronto kargua hartuz niregana hurbildu zen jauntxo txiki edo “notableen” kuadrila bat; nonbait, nire janzkera, ibilerak, konpainiak… ezin zitezkeen apaiz batenak izan.   

Zer balorazio egingo zenuke Andoaingo egonaldiaz?
M.G.: Nire apostu eta konbentzimendu batzuk errealitate bihurtzeko aukera eman zidan. Egia da bidean zoazen heinean gauzak ikasten zoazela, eta alde horretatik orain zenbait ahalegin ez nituzke modu berean bideratuko. Inguruko jendearekin ez nuke berdin jokatuko; izan ere, jendea inplikatu nuen egitasmo erakargarri batean, eta gero zer da eta Andoaindik atera nindutenean, hor geratu zen “–honek liatu gaitu eta gero joan egin da”, esanez bezala.    
Bestalde, orduko erromantizismoa aberasgarria izan zen arren, indar hori dena jaten duen sistema asistentzialista batean bizi gara, eta hori kontutan izanda jokatu behar dela iruditzen zait.

Kartzeletako pastoraleko kide zara…
M.G.: Astean behin Martutenera eta hilean behin Langraitzera joaten naiz, Astigarraga, Urnieta, Hernani eta Andoaingo presoekin egotera. Harremana lantzen eta ahal dugun moduan laguntzen saiatzen gara. Une honetan Urnietako bi eta Andoaingo zazpi preso daude.
Asko aldatu da presoen tipologia. Orain %20a baino ez daude droga delituengatik. Inmigranteak, genero edo droga trafiko delituak nagusitzen doaz. Argi dagoena da kartzelak masifikatuta daudela. Barrura joanda ohartzen zara sistema politiko honek iraun dezan laguntzen duten piezetako bat dela. Alegia, 70.000 mila preso, beste hainbeste politiko profesional, beste hainbeste polizia...
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!