Euken Villasanteren gurasoekin solasean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 3a, 12:05

Eukenen aita kanpoan zen Polizia Nazionala semea atxilotzera etxera sartu zen egunean, beraz bere emaztea eta bigarren semea poliziaren etorreraren eta ondorengo miaketen lekuko izan ziren. "Atxiloketaren ondorengoa bizitzea tokatu zait niri. Bost egun luzez komunikaziorik gabeko egoeran egon gara. Abokatuak ere egoera beretsuan izan dira, ezer jakin gabe". Egun horietan jasotako babesa nabarmendu nahi izan du Jose aitak, familiarentzat garrantzitsua izan dena.

Audioa  

Eukenen aita kanpoan zen Polizia Nazionala semea atxilotzera etxera sartu zen egunean, beraz bere emaztea eta bigarren semea poliziaren etorreraren eta ondorengo miaketen lekuko izan ziren. "Atxiloketaren ondorengoa bizitzea tokatu zait niri. Bost egun luzez komunikaziorik gabeko egoeran egon gara. Abokatuak ere egoera beretsuan izan dira, ezer jakin gabe". Egun horietan jasotako babesa nabarmendu nahi izan du Jose aitak, familiarentzat garrantzitsua izan dena.
"Orain egoera tristea da, oso tristea. Madrilen Auzitegi Nazionalaren atarian eman genuen larunbata osoa, eta latza izan zen. Kalean geunden, inolako traturik jaso gabe. Informaziorik ez dago, sumarioa sekretua dela diote... eta hala ere hedabideek hamaika akusazio egiten dituzte gazteen bizkarrera. Eta guk oraindik ez dakigu zergatik atxilotu duten eta zergatik espetxeratu duten. Eta nire beste galdera hauxe da: hainbestekoa bada sekretismoa, polizia etxera zure semea atxilotzera datorrenean, zergatik daude telebista kamerak etxeko atarian? Hain sekretua bada... justiziaren oso irudi txarra eskaintzen da horrela".
Indefentsio egoeran sentitzen dira, "Auzitegi Nazionalaren atarian guk deus ez genekiela, abokatuek ere ez... eta hedabideek lehenago eskaintzen zuten auzitegitik irteten zen informazio apurra".
 
Bisita espetxean
Espetxeratzeko agindua eman eta biharamunean, gurasoek eta anaiak Eukeni Sotoko espetxean bisita egin zioten. Egoeraren iluntasunean, poza hartu zuten: "Poz ikaragarria sentitu genuen igande goizean bisita egiteko aukera eman zigutenean. Bera ikusi eta berarekin hitz egiten izan ginen. Indartsu dagoela sentitu genuen, nahiz eta bere egoera gogorra dela jakin badakigun. Barne indar handia erakutsi zuen, oso-osorik zegoela ikusi genuen eta horrek gugan poza sortu du", dio aitak.
Gurasoek Eukenek inkomunikazio egoeran izan duen tratamenduaz ezer gutxi dakitela aitortu du Jose aitak, "Gaiaren inguruan imintzioa egin genion baina hitzez ez zigun erantzun nahi izan. Ez zuen inkomunikaturik egondako egunen inguruan ezer esan nahi izan. Guraso bezala, bere keinuan eta aurpegian antzeman genezake bere egoera zein den. Biolentzia handia edo txikia egon den... hori ezin genezake konfirmatu edo ukatu. Euken azkarra da, bere buruaren jabe da eta badaki zertan ari den. Berak ez badu ezer esan, nik nahiago adierazpenik ez egitea gai horren inguruan".
Euken Villasante oraingoz Sotoko espetxean dago. Abokatuen albisteen zain dira eta aste honetan zehar albiste gehiagoren esperoan, "Abokatuek ziurrenik espetxez aldatuko dutela esan digute, Soton jende asko dagoelako".
 
JOSUNE AMAREN HITZAK
Semea inkomunikaturik egon den bost egun horiek ametsgaiztoa balitz bezala bizi izan ditu, eta hori ez diola inori desio adierazi du. Astearte goizaldean polizia etxera sartu zen unea bortxazkoa izan zela dio, arrapaladan polizia asko sartu zirelako. Bera eta beste semea sukaldean eduki zituzten goizaldeko ordubietatik seirak arte, etxeko miaketak iraun zuen denbora tarte guztian.


www.aiurri.com
Jose eta Josune Eukenen gurasoei eginiko elkarrizketaren audioa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!