Zilegi mendien salmentaren 50. urteurreneko ekitaldiak ospatu ziren pasa den astean zehar. Asteazkenean, Santa Katalina egunean, Zilegi mendietako junta Urnietako Udaletxeko batzar aretoan batzartzen zen egunean hain juxtu, Luix Mari Zaldua herritarrak mendi hauen historiari buruzko hitzaldia eskaini zuen. Bertan gogoratu zuen Maria Arizmendiren mendeurreneko ekitaldiak antolatzen ari zirenean jabetu zirela aurten mendi hauen salmentaren 50. urteurrena betetzen zela. Hitzaldia Teresa Amuategiri eskaini ondoren, Urumeako, eta haien barruan Urnietako Zilegi mendien historiako hainbat pasarte esanguratsu aipatu zituen, sarobeak ere oso kontuan izanik.
Azaroaren 26an izan zen bigarren hitzaldia. Bertan, Asier Arrese eta Iñaki Ausan aritu ziren hizlari lanetan. Asier Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaria da eta Iñaki aipatu departamenduko ingeniaria. Asier Arresek Gipuzkoa osoari buruzko aipamenak egin zituen, esanez lurraldearen %65 basoa dela; %80 pribatua eta beste %20a publikoa. Aldundiak gune pribatuei betebeharreko arauak jartzeaz gain pizgarriak ematen dizkie mendi horiek behar den bezala zaindu ahal izateko. Iñaki Ausanek, bere aldetik aipatu zuen 1986. urtean nola Aldundiak eta Urnietako Udalak mendi hauek erosi zituzten, Aldundiak Esolamakil eta Zilegiak, eta Udalak Onddiko gunea. Geroztik bertan egindako interbentzioak eta errekuperazio lanak ere hizketa-gai izan zituen.
Bukatzeko, larunbatean hilak 25 lagunen partaidetzarekin, Luix Mari Zalduak gidatutako mendi martxa egin zen Zilegi mendiak izandakoetatik barrena. Azken ekitaldia, larunbatean bertan Besabin eginiko bazkaria izan zen.