Sutea Eteneta elkartean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 3a, 12:01

Ostiral honetan, arratsaldeko 20:00etan Lekaioan asanblada informatiboa izango da bazkideentzako.

Larunbata goizaldeko laurak aldera piztu zen sua Urnietako Idiazabal kaleko bosgarren zenbakiko etxabean kokaturiko Eteneta Elkartearen egoitzan. Une horretan ez zegoen inor elkartean, eta auzotar batek abisatuta bertaratu ziren Donostiako suhiltzaileak. Hauek, elkartearen gaineko pisuetako 37 biztanleak etxetik aterarazi zituzten. Udaltzaingoak aukera eman zien ondoan dagoen DYAren egoitzan babesteko. Sua itzali ondoren, goizaldeko seiak aldera, etxera itzultzeko aukera izan zuten.
Sua, hotz-kamera baten ondoan sortu zen baina oraindik ez dakite nola izan zen. Inguruan zegoen paper mordoa berehala harrapatu zuen, eta horrek ke kopuru handia sorrarazi zuen, elkarteko paretak belztuaz. Suak ez zuen sukaldea kaltetu, eta orokorrean kalteak ez dira oso handiak izan. Kanpoaldean ez zen kalterik izan.
Urtean zehar ekitaldi ugari antolatzen dituen elkarteak 85 bazkide ditu eta askok Gabonetako eta urte amaierako afariak bertan egiteko ohitura dute. Aurten zail izango da. Hala ere, aseguru etxeak kalteen balorazioa egin eta konpontze lanekin berehala asteko asmoa adierazi dute.
Bestalde, ostiral honetan, arratsaldeko 20:00etan Lekaioan asanblada informatiboa izango da bazkideentzako.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!