Tomas Miner Irastorza 1942ko martxoaren 5ean jaio zen. Bentako Joxe Miner Urretabizkaia eta Ibarrako Izaskun auzoko Juana Irastorza Imazen zortzi seme-alabetatik laugarrena da. Maria Jesus Urdangarin Elosegi, 1944ko abenduaren 25ean jaio zen Goiburu auzoko Barkaiztegibekoa baserrian. Bertako Javier Urdangarin Etxeberria eta auzo bereko Larburugain baserriko Ageda Elosegi Zugastiren hamaika seme-alabetatik hamargarrena da. Tomasek dio “Xoxokako unibertsitatean” ibili zela eskolan eta Maria Jesus berriz Hernaniko lurretan kokaturiko Arriatsuko eskolan ibilia da. Azken berrogei urtetan beraiek arduratu dira tabernaz, baina Tomasen ama ahal zuen bitartean lanean aritu zen eta arrebek ere asko lagundu izan dute. Orain erretiroa hartzeko unea iritsi zaie eta zera dio Tomaxek “pena ematen dit baina momentu onean goaz, bezero asko dugun garaian. Nahiago horrela, ezinean bukatzea baino. Seme- -alabak beren lanak badituzte, hemen aritzea baino nahiago dute. Tabernan hirugarren generazioa gara eta beraiek aita eta ama nola ibili diren ikusi dute”.
HASIERA
Tomasen amona Mari Kutz Urretabizkaia eta bere senar Juan Bautista Miner, Lategi auzoko Latxe baserritik etorritakoak, jarri zuten taberna joan zen mendearen hasieran. Ireki eta berehala ixteko agindua jaso zuten. Baimen guztiak lortutakoan berriro irekitzeko. 1945. urtean hil zen auzoan oso maitatua zen Mari Kutz. Ondoren, Joxe eta Juanak jarraitu zuten tabernarekin, baina emakumeen esku egoten zen taberna, gizonek baserriko lanetan aritzen baitziren batik bat.
JANARI-DENDA
Tabernaz gain Benta janari denda ere izan zen. “Inguruko baserri askotakoek ogia hemendik eramaten zuten. Olioa, azukrea, gatza eta abar ere edukitzen genituen. Gizonak tabernara eta emakumeak edo umeak etortzen ziren erosketa egitera”.
ERREPIDERIK GABE
“Bentara errepiderik ez zenean neroni joaten nintzen astoarekin Andoainera goizeko sei eta erdiak aldera etxetik abiatuta. Kale Txikira joaten ginen erosketak egitera. Ardoa berriz, Azkonobietaraino kamioian ekartzen zuen Andoaingo Otañok, eta handik etxera idiak eta gurdiarekin ekartzen genituen barrikak. Aurretik, gure aitak Andoaingo tren geltokitik nola ekartzen zuen gogoan dut, Valdepeñasko ardoa izaten zen. Barrikatik zuzenean saltzen zen. Orduan ardo asko edaten zen”, adierazi du Tomasek.
ERREPIDE BERRIA
1963. urtean inauguratu zen bidea zabaltze lanak egindakoan. Eta urtebetera bigarrenez, asfaltatutakoan. Hasieran Iruraindik Bentaraino egin zen, eta hurrengo urtean Xoxokaraino. “Bi inaugurazio izan ziren eta ikaragarrizko jendetza izan zen, ez dakit non kabitu ziren ere. Ospakizun handia izan zen, Basarri eta Uztapide etorri ziren bertsotara”.
MIEL TOMASEN BASOA
Antsoko Miel Tomas Eleizegiri edatea erruz gustatzen zitzaion, dena edanez ospatzen zuen, ardo edale izugarria zen. Eta Bentan bere basoa zuen. Kristal lodiko litro erdia eskas kabitzen zen baso bat. “Egun batean gure aitonarekin haserretu egin omen zen eta, –ez nauk ba gehiago Bentara sartuko– esanez alde egin zuen. Orduan, batzuk apustua bota zioten Miel Tomasi –ezetz egon hilabete bat Bentara sartu gabe–. Gure amona Mari Kutz onegia zen eta sukaldeko leihotik ematen zion ardoa. Horrela pasa zuen hilabetea Bentara sartu gabe eta nahiko ardo edanaz, eta noski, apustua irabazi egin zuen.
OSPAKIZUN BEREZIAK
Garai batean auzoko mutilen bat ezkondu aurretik, despedida moduan hamaiketakoa ematen zuten tabernan. “Soinujoleren batekin etorri eta hamaiketakoa egin ondoren, cognacaren botilen batekin ateratzen ziren, kanpoan festarekin jarraitzeko. Neskak berriz, refreskoa esaten zitzaiona izaten zuten, eta hura despedida egiten zitzaionaren etxean egiten zen”. Xoxokako jaietako astelehena ere egun berezia izaten zen Bentan. Bazkaltzeko dena beteta, menua berriz, babarrunak eta etxeko oilaskoa. Eta arratsaldean jaietara etorritako bertsolarien bisita jasotzen zuten. Bertsolari ugari pasa da bertatik, Lasarte, Agirre, Mitxelena, Lazkao txiki… azkenekoak, Irazu eta Amets Arzallus. Urteberri eguna, Pilarika eta maiatzaren bata ere beti izan dira jende askoko egunak.
BENTA, ORAIN 40 URTE
Bolatokia zuen eta toka ere bai. Baterako zein besterako afizio handia zegoen. Etxean egindako sagardoa upeletik saltzen zuten, 10 xentimo inguruko prezioan basoko. Badira 30 urte sagardoa egiteari utzi ziotela. Orduan ehiztari asko joaten zen bertara, “oraingo gutxi agertzen dira tabernara”. Etxeko txerriak hiltzen zituzten eta bai lehen, bai orain etxeko oilasko eta arrautzak izan dituzte.
DESPEDIDA
Jatetxea ixteko ez dute ospakizun berezirik egiteko asmorik, bezero batzuk pena hartu dute eta badira itxi arteko larunbat guztietarako afaltzeko lekua erreserbatu dutenak ere. Abenduaren 23an itxiko da Benta.