BEC-en zortziko handia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 2a, 09:36

Hemen da. Prest da BEC, bertsoaren Meka. Milaka bertsozalek lau urtean behingo erromesaldia egingo du Barakaldora, eta oholtza gainean, zortzi bertsolari. Zortziko handia orain ere. Duela lau urteko argazkiarekin alderatuta, aldaketa bakarra utzi digu aurtengo txapelketak.

Abenduak 13, goizeko 11:00. Orduantxe hasiko da Euskal Herrian euskara hutsean egiten den ekitaldi jendetsuena. Aurten ere milaka bertsozale izango dira BEC beteko dutenak, eta milaka ere sartu ezinik geldituko direnak. 2009ko txapelketak erakutsi du, duela lau urte hasitako olatua ez zela egun bateko aparra izan, eta bertsolaritzak baduela oinarri bat, txapelketa garaian are zabalago egiten dena.

Aurpegi berri bakarra
Finalerako lehia bizia ikusi dugu hiru hilabete hauetan. Berrogeita hiru bertsolariko multzotik zazpik soilik zuten Egañarekin batera finalean izateko aukera. Zortzi finalistei begiratuta, Maialen Lujanbiok, Amets Arzallusek, Aitor Mendiluzek eta Jon Maiak erregulartasunez eskuratu dute finalerako aulkia. Lujanbioren lana azpimarragarria izan da bi saioetan, eta hau esatea nobedade ez bada ere, txapelerako hautagai argia da hernaniarra. Unai Iturriaga izan da bertsolari irregularrena. Gasteizko saioan egindako hutsa Iruñean konpondu ostean sartu da BEC-era. Azkenik, Sustrai Colina eta Aitor Sarriegi, bi saio on egin ostean iritsi dira finalera. Ez dute txapela jantziko, baina bertsotan dakitenaren seinale da BEC-en egotea. Hain justu, Sarriegirentzat lehen finala izango da, beste hainbat txapelketetan finalaren atarian geratu ostean, 30ak igarota iritsi zaio saria beasaindarrari.

Gazteen lana
Finalean egongo ez badira ere, benetan azpimarratzekoa izan da bertsolari gazteen lana. Finalaren atarian geratu dira Uxue Alberdi, Miren Amuriza, Julio Soto eta Beñat Gaztelumendi. Laurek egin dute txapelketa ona, eta etorkizunean BEC-eko oholtzan egon daitezkeela erakutsi dute. Eskualdekoei dagokionez, Agirre eta Irazuren gazia gozatu digu Aitor Mendiluzek. Agian goia jo gabe, bere maila non dagoen erakutsi du beste behin ere. BEC-en lan bikaina egin dezake Gipuzkoako txapeldunak. Bertsozaleen aupada behintzat ez du faltako.

Zenbait ohar
Finalerako sarrera duzuenok BEC-era hurbiltzeko autobusak izango dituzue. Bertsozale elkarteak sekulako ahalegina egin du horretarako. Eskualdeari dagokionez, Villabona eta Andoainen izango da autobusak hartzeko aukera. Informazio gehiago, www.bertsosarrerak.eu webgunean izango duzue. Bertan dituzue bazkaritarako txartelak ere, nahiz eta norberak eramandakoa jateko gune zabala ere prest izango den. Haur txikiak dituzuenontzat, haurtzaindegi zerbitzua ere egongo da, baina horretarako izena Bertsozale Elkartera deituta eman behar da.
Goizeko saioak 11:00tatik 14:00ak aldera arte iraungo du eta arratsaldekoa 16:00etan hasiko da. Amaitu berriz, txapeldun berriaren agurrarekin. Ordurako bertsoaren Mekan gozatuta izango gara bertsozaleok. Hala bedi.

AITOR MENDILUZE, BEC-en ESKUALDEKO ORDEZKARIA IZANGO DA
“Txapelak ez nau batere kezkatzen”

Bergaran ondo hasitako bideari Iruñean jarraipena eman ondoren, ate handitik sartuko da BEC-era Aitor Mendiluze andoaindarra. Oholtzan gozatzea eta gozaraztea du helburu, beste ezertan pentsatu gabe. Finalaren bezperatan izan da Aiurrirekin.

Zer esan nahi du zuretzat hirugarren aldiz Txapelketa Nagusiko finalean kantatzeak?
Beti da esperientzia berria eta berezia, eta aldi berean esperientziak desberdin bizitzeko aukera ematen dizu, momentua eta bizitzen ari zarena hobeto ulertzeko. Bestetik, egiten ari zarenaren konfirmazio moduko bat da, bidean mugarri bat.

Finalerdien hasieran jarritako helburuak bete dituzula esango al zenuke?
Beno, erdizka bada ere, bai. Hau da, nire helburua bertsotan egin eta nire bertsokera erakustea izan da eta izaten jarraitzen du, eta alde batetik erakutsi badut ere, saio bat borobiltzea falta izan zait, bigarrenean batez ere. Baina, batez beste zerbait utzi dudala iruditzen zait, eta alde horretatik behintzat pozik nago.

Ondo egindako lanaren saria da finala. Hala ere, non gozatu zenuen gehiago, Bergaran edo Iruñean?
Gozatu bietan, baina Bergaran saio osoagoa egin nuela iruditzen zait, eta puntuaketak ere arrazoia ematen didala dirudi, ezta?

Esperientzia irabazi ahala, zure buruarekiko exigentzia maila igo al duzu?
Exigentzia maila igo ez, agian zure buruari eskatzen diozuna da aldatzen doana, eta alde horretatik, anbiziosoagoa izaten hasten zarela uste dut, “gehiago ahal dut gehiago nahi dut” moduko bat.

Duela lau urteko zortzi finalistetatik zazpik errepikatuko duzue BEC-en. Gazteak indartsu datoz baina lehengoak ere ez zaudete barkatzeko…

Hori azaltzeko, alde bat nabarmendu bada, teknikak mugatzen ez duen hori da. Hau da, diskursiboa edo edukizkoa, eta hori neurri batean jardunak eta esperientziak ematen duelako izan daiteke. Ez dago estilo aldaketa nabarmenegirik gazteagoengandik gurera, eta gure aldetik garapen bat ikusten da, beraz ez da erraza alde hori gainditu eta aurrera egitea bestelako proposamenik gabe. Ez gara inor baino hobeak, baina gurean gainditu behar gaituenak ez du gurea berdindu behar, gehiago egin baizik, eta agian hor dago gakoa.

BEC-era asmo jakin batekin joango al zara?
Bai, baina ez asmo berriekin. BEC-era ere bertsotan egitera joan nahi dut, gozatzera eta zerbait uztera. Hortik aurrera datorrena datorrela.

Bergaran Lujanbioren ondoan abestu zenuen, Iturriaga eta Arzallusekin aritu zinen Iruñean, Egañak arriskuan al du txapela?
Andonik arriskua dauka irabazteko eta ez irabazteko ere bai. Asko hitz egiten da ea ez al dion inork kenduko, ea ez al garen gai, ea ez dituen nahikoak…, baina azkenean egun batera jokatu behar da dena, eta han edozer gerta daiteke. Hala ere garbi dago hautagai nagusienetako bat bera dela, baina ikusiko dugu.

Zein izan da txapelketan ezusteko atsegina eman dizun bertsolaria?

Ezusteko erlatiboa Iñaki Zelaia izan da, plazarako aukera oso gutxi edukita ere beti hor dagoen bertsolaria delako, eta beste behin ere oso txapelketa polita egin duelako. Gazteagoen artean Miren Amuriza, Jone Uria… Ez dakit, aukeran nahiago bertsoekin geratu bertsolariekin baino.

Zuretzat txapela janztea zer da, aukera bat, amets bat, edo gehiegi kezkatzen ez zaituen zerbait?
Zalantzarik gabe gehiegi kezkatzen ez nauen zerbait. Finalera ezin da txapelarekin pentsatzen joan, izatekotan ere bertsoekin, esperientziarekin eta norbere sentsazioekin pentsatzeko eguna da. Baletor datorrela eta badoa doala, hori ondorioa izango da beti, eta ez helburua.

JON BELOKI
Andoain

Gertutik jarraitu al duzu Txapelketa Nagusia? Zer nabarmenduko zenuke? 
Maila oneko bertsoak entzun ditugu Txapelketa Nagusian. Bertsolariak oso ondo prestatuta daude eta geroz eta zailagoa da txandaz pasatzea lortzea. Oraindik ere nabaritzen da bertsolarien artean maila ezberdinak daudela, baina ez da aurreko urteetako alde handirik ikusten. Gazteak indartsu datozela ikusi da: Miren Amuriza, Maddalen Arzallus, Julio Soto…, sorpresa eman dute. Ikusle aldetik ere, ikusmin handia sortu duela esango nuke.

Nola ikusi dituzu eskualdeko bertsolariak?
Aitor Mendiluze oso ondo ikusi dut. Hitza oso ondo erabiltzen duen bertsolaria da. Beharbada, jendearengana iristea falta zaio. Bertsolari hotzagoa da eta maila bikaineko bertsoak botatzen baditu ere, ikusleengana ez da iristen. Amaia Agirre eta Jexux Mari Irazu berriz, kanpoan geratu ziren. Urtean zehar egindako saioak ikusita, argi dago maila oneko bertsolariak direla eta egun txar bat edonork izan dezakeela.

Finalari begira, kinielarik egingo al zenuke?
Nik Maialen Lujanbioren aldeko apustua egingo nuke. Oso maila onean ikusi dut txapelketa honetan. Oso erraz iristen da jendearengana eta bertsolari erregularra denez, saio ona egingo duela uste dut. Bestalde, ez dugu ahaztu behar Andoni Egaña han izango dela. Aitorrengan ere badut itxaropena; Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen eta maila onean dabilela uste dut. Amets Arzallus ere faboritoen artean jarriko nuke.

LEIRE ZUBELDIA
Zizurkil

Gertutik jarraitu al duzu Txapelketa Nagusia? Zer nabarmenduko zenuke?
Zenbait gaztek emandako ezustekoa nabarmenduko nuke batez ere. Miren Amuriza, Maddalen Arzallus, Jone Uria…, hemeretzi urteko gazteak dira eta oso indartsu agertu dira txapelketa honetan, nahiz eta gora-beheraren bat ere izan duten. Ez zen espero hain urrutira iritsiko zirenik eta ezusteko polita eman dute.

Nola ikusi dituzu eskualdeko bertsolariak?
Jexux Mari Irazuren kasuan, epaileek zigortu egin zutela esango nuke. Bilboko saioan eman zizkioten puntuak baino gehiago merezi zituen nire iritzian. Zalantzarik gabe, finalaurrekoetara pasatzea merezi zuela uste dut. Amaia Agirrek Bilbon egindako lana ere gustatu zitzaidan, nahiz eta beharbada, hobeto egiten ere badakien. Jasotako puntuazioarekin, finalaurrekoen atari-atarian geratu zen azkenean. Aitor Mendiluze berriz oso bertsolari erregularra da. Beti eusten dio bere mailari, erori gabe, eta aurten ere oso lan ona egiten ari da.

Finalari begira, kinielarik egingo al zenuke?
Andoni Egañari txapela kentzea ez da batere erraza izango, baina aurtengoan Maialen Lujanbio oso indartsu datorrela iruditzen zait. Bien aldeko apustua egingo nuke, Maialen lehendabiziko postuan jarriz. Lehen aldiz emakume batek txapela jarri eta final historikoa izatea nahiko nuke. Abenduaren 13an ikusiko dugu zer gertatzen den. 

HARITZ MUJIKA
Asteasu

Gertutik jarraitu al duzu Txapelketa Nagusia? Zer nabarmenduko zenuke?
Zuzenean ez dut batere kanporaketarik ikusi, baina ordenagailuz jarraitu ditut denak. Egunkari, irrati nahiz Hitzetik Hortzera saioaren bidez ere segitu dut txapelketa. Gazteak oso fuerte datozela esango nuke eta espero ez den eran joan direla saioak. Aurrerago espero zirenak atzerago geratu dira: Esaterako, Igor Elortza finalean espero genuen hasieratik gehienok. Niri tristura handia eman dit kanpoan geratu izanak. Hala ere, Miren Amurizak, Beñat Gaztelumendik edo Maddalen Arzallusek erakutsitako maila dela eta, poz handia ematen du hain gaztetan hain aurrean eta ondo ikusteak. Indartsu datoz belaunaldi berriak, oso ondo prestatuta.

Nola ikusi dituzu eskualdeko bertsolariak?
Amaia Agirrek eta Jexux Mari Irazuk suerte txarra izan dute txapelketan. Ondo ezagutzen ditugu eta aurrerago egiteko gai direla badakit nik. Amaia bertso eskolatik oso gertukoa eta maitea dugu, Jexux Mari ere bai Larrauldik, eta, pena hartu nuen hain azkar kanpora geratzean. Aitor Mendiluze oso ondo ikusi dut: dakiena erakutsi du, bere maila emanaz.

Finalari begira, kinielarik egingo al zenuke?
Kiniela egitea zaila den arren, duela lau urte bezala, Andoni Egañak txapelik jantziko ez duela iruditzen zait. Nork ez dakit, baina gazteren batek kenduko diola esango nuke. Finalerako sarrera badut BEC-erako eta eguna iristeko gogoz nago.

OLATZ AGIRRE
Amasa-Villabona

Gertutik jarraitu al duzu Txapelketa Nagusia? Zer nabarmenduko zenuke?
Finalerdietan baino gehiago, final laurdenetako saioetan izan naiz zuzenean. Gainerakoan, www.bertsoa.com gunearen bidez egin dut jarraipena, etxetik bertatik. Oso giro ona sumatu dut txapelketan,  uste baino jende gehiago gerturatu da eta saioak ere, oro har, onak izan dira. Oso maila ona erakutsi dute bertsolari gazteek, besteak beste, Jone Uriak, Miren Amurizak eta Maddalen Arzallusek. Txapelketa Nagusian lehenengo aldiz parte hartu duen Beñat Gaztelumendi ere oso ondo aritu da. Helduagoen artean ezustekoak izan dira faboritoen artean: hasiera batean ez zen espero Jexux Mari Irazu edo Igor Elortza finaletik kanpo geratzea.

Nola ikusi dituzu eskualdeko bertsolariak?
Aitor Mendiluze ondo ikusi dut, oso erregularra izaten da beti eta maila ona eman du oraingoan ere. Jexux Mari Irazuk eta Amaia ahizpak txapelketan suerte handirik izan ez badute ere, bertsolari onak direla erakutsi dute biek.

Finalari begira, kinielarik egingo al zenuke?
Txapela Maialen Lujanbiok janzteko aukera handia daukala iruditzen zait. Lehen bi postuetan Maialen eta Andoni Egaña jarriko nituzke. Hirugarren eta laugarren postuetan, berriz, Amets Arzallus eta Aitor Mendiluze ikusten ditut. Zehaztea zaila bada ere, atzeraxeago besteak. Hantxe izango naiz finalean; egun polita izango da, dudarik gabe.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!