Euskadiko Orkestran, biolina lagun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 1a, 19:15

Mikel Urdangarin Castro, 17 urteko biolin jotzaileak Gazteen Euskadiko Orkestraren gonbidapena jaso du, bertan jotzeko. Biolinari lotutako etorkizuna nahiko luke gazte honek.

Nolaz gertatu zen Euskadiko Orkestraren gonbidapena?
Probak egin zizkidaten, eta lehengo egunean jaso nuen emaila Gabonetako denboraldian parte har nezan. Orkestra sinfonikoa denez, haizea, soka eta perkutsioa du oinarri, eta biolin jotzaile asko behar ditu. Orkestrak bi denboraldi izaten ditu: Gabonetakoa eta udakoa. Orduan, laster musikariak Eibarren bilduko gara hainbat egunetan entseguak egiteko, eta gero EAEko hiriburuetan kontzertuak egiteko. Kontzertuak emanda, arduradunek erabakiko dute orkestran jarrai dezakedan ala ez.   

Gabon aurretik heldu zaizun oparia, beraz?
Pozik egoteko modukoa da noski; izan ere, musika gustatzen bazaizu izugarria da orkestran jo ahal izatea. Normalki 17 urtetik hasi eta 26 urte bitarteko musikariez osatuta dago orkestra, eta gazteenetakoa izango naiz hortaz. Gabonetako denboraldia egin eta gero onartzen ez banaute ere, probetara aurkezten jarraituko dut hurrengo urteetan.

Zerk eraman zintuen biolina aukeratzera?
Lau urterekin hasi nintzen Andoaingo musika eskolan; jada zazpirekin musika tresnak probatzera jarri gintuzten. Ez dakit zer den zehazki, baina beti erakarri izan nau biolinak, zerbait berezia sentiarazi dit. Bere soinu goxoa agian…

Ama irakaslea izaki (Txitxu Castro), pentsatzekoa da etxean bertan jasoko zenuela musikarekiko gosea…  
Umetatik jaso dut musikarekiko kultura, noski. Amak esaten didanez, bere sabelean nengoenean musika klasikoa jartzen omen zidan manta baten bidez. Bere ustetan horri esker txertatu zitzaidan musikarako maitasuna.  

Biolinak eta biok, orduak eta orduak pasako zenituen honezkero…
Bai, baina ni inoiz ez naiz joan behartuta eskola edo kontserbatoriora. Musika-ordura noanean ez dut esaten eskolara “ikastera” noala, biolina jotzera noala baizik. Filosofia horrekin jokatzen dut, eta gozatu egiten dut biolina eskutan dudanean. Egia da gogorra izan direla aurreko urteak: Errenteriako kontserbatorioan nabil aspalditik, eta iaz arte astean bederatzi bat ordu kentzen zizkidan. Izan ere, biolinaz gain teorikako ikasketak (analisia, orkestra, kamara, errepertorioa, armonia…) izaten baitziren. Aurten biolinaren eskola orduak bakarrik hartzea erabaki dut. Musikako lehen mailako ikasketak egin nahi nituzke biharko egunean biolinaren irakasle izan ahal izateko; pentsamendu horrekin ari naiz nire burua prestatzen.     

Eta noizbait talderen batean jotzeko tentaziorik ez?
Musikaren mundu honetan asko dira irakasle izateaz gain, talderen batean-edo jotzen dutenak. Nik ere gogoko dut saltsa klase hori. Ni beti nago prest edozein tokitan, edonorekin eta edozein musika mota jotzeko. Non deitu, hara joaten naiz bi aldiz pentsatu gabe.

Konta dezakezu zein egoera ezberdinetan jo izan duzun…
Esan beharrik ez dago familian nori eskatzen dioten bazkari, jaunartze edo antzeko ospakizunetan musika jar dezan. Bestela ere, etxekoek aisa antolatzen dugu musika banda: ama pianoa edo teklatua, osobak akordeoia, aitak atabala, ni neronek biolina… Familiaz kanpo, ezkontzaren batean edo bestean aurreskua jotzeko deitu izan didate. Antiguako kuadrila batekin biolin elektrikoa jotzen dut Santa Ageda egunean; amak laguntzen dit, bozgorailua eskutan duela. Andoaingo beste hainbat ekitalditan ere parte hartzen dut: Kaletxikiko jaietan, ikastolako jaialdietan…

Musika genero guztietara irekita zaude, beraz.
Musika klasikoa dut gogoko batez ere, baina ni beti nago prest edozein musika mota jotzeko. Zergatik ez…, baita Methalica heavy metal taldearen pieza bat jotzeko ere! Biolina oso instrumentu moldagarria baita alde horretatik.  
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!