Aduna eta El Salvadorren arteko zubia

El Salvadorreko Segundo Montes komunitateari laguntza emateko taldea sortu berri da Adunan. 

Urte asko darama Adunak Segundo Montes komunitatearekin senidetuta. Ainara Iturriotz zinegotziak, komunitatea bisitatzeko aukera izan zuen iazko apirilean: “Udalak urtero ematen dituen dirulaguntzak nola erabiltzen diren ikusteko aukera izan nuen. Zizurkilgo Udaleko, Pedro Mari Otaño ikastetxeko eta Euskal Fondoko kideekin egin genuen bidaia, eta horixe izan zen gaiarekin sentsibilitate handiagoa sortzeko lehen pausoa”, azaldu du.
Iazko Kultur astearen baitan Segundo Montes komunitatearen inguruko informazioa herritarren artean zabaltzeko ahalegina egin zuten: “Hitzaldia antolatu genuen, guk bidalitako diruarekin zein lan egiten dituzten garbi azaltzeko. Argazki erakusketa ere egin genuen”.
Aurtengo maiatzean hartu zuen indar handiagoa ekimenak: “Zizurkilen lehendabiziko senidetze eguna egin zen eta El Salvadorreko bi ordezkari izan genituen gure artean. Egun horietan Amasa-Villabonan bigarren eskuko azoka antolatu zela aprobetxatuz, materiala bildu eta postua jarri genuen. Arropa, jostailuak, DVD eta bideoak, liburuak…, eskolako kideek ere material mordoa pasa ziguten, haiek egindako azoka batean sobratutakoa. Amasa-Villabonako azokan bildutako dirua Segundo Monteseko bi ordezkariei eman genien zuzenean”.

Herritarrei deialdi irekia
Segundo Montes komunitatearen aldeko taldea sortzeko deialdia herritar guztiei zabaldu zitzaien uda inguruan: “Ekitaldi gehiago antolatzeko aukera bazegoela iruditzen zitzaigun eta horren harira, herritarrak gonbidatu genituen. Bost kide biltzen gara momentuz; Igone Zaloña, Eider Ezeiza, Nagore Ezeiza, Alaitz Ostolaza eta neroni. Hala ere, taldea guztiz irekita dago eta jende gehiago animatzea nahi genuke”, dio Ainarak.
Hilabetean bitan biltzen dira Kultur Aretoan: “Azken asteotan, maiz samar bildu gara.  2010eko egutegia egiten aritu gara, herritarren artean saldu eta diru pixka bat lortzeko. El Salvadorren egindako argazkiak erabili ditugu egutegirako. Kultur astean zehar izan dugu salgai eta udaletxean zein Uztartzan ere erosteko aukera badago oraindik ere. Bost eurotan saltzen dugu 2010eko egutegia. Harrera ona izan du eta dagoeneko, egindako egutegien %70 saldu dugu. Irabaziak lortzeaz gain, adunarrek Segundo Montes gogoan izatea da helburua”, azaldu Eiderrek. “Bildutako dirua Zizurkilo Udalak irekitako kontu korronte batean sartzen dugu. Segundo Monteseko kideek zuzenean atera dezakete dirua kontu horretatik, euren beharrak asetzeko. Haurtzaindegi eta eskoletan baratzeak sortzeko erabili dute, besteak beste, orain arte bidalitakoa”, gaineratu du.

II. Senidetze eguna
Datorren urteko maiatzean, Adunan egingo da II. Senidetze eguna. “Zizurkilen egin zen lehendabizikoa eta guri egokitu zaigu datorren urtekoa antolatzea. Asteasu eta Amasa-Villabona ere senidetuta daude eta txandaka hartuko dugu jaialdia antolatzeko ardura. Oraindik ez dakigu oso ondo gauzak nola bideratuko ditugun. Urte hasieran buru-belarri hasiko gara antolaketa lanetan”, diote.
Senidetze egunari esker, Segundo Montes komuniteko kideen egoera gertuagotik ezagutzeko aukera izango dute adunarrek: “Adunan lan handia egin da Saharako kanpamenduen inguruan eta jendea oso sentsibilizatuta dago, baina ez da gauza bera gertatzen El Salvadorreko komunitatearekin. Senidetze egunak horretarako aukera emango digula uste dugu”, azaldu dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!