Kaleko izenen jatorri ezezagun hori

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 1a, 19:12

Andoaingo kaleen izendegiari buruzko hiru liburuxka osatu ditu Jon Unanuek. Lehen alea egunotan banatuko da etxe guztietan; hurrengo asteetan beste biak.

Zer dela-eta argitalpen honen beharra?
Urte asko dira Udala herriko leku izenak normalizatu eta arautu nahian hasi zela; kale berriei izena eman zitzaien eta beste batzuei izenak aldatu. Eta geroztik, Udalak kezka izan du kale izendegia herritarrei ezagutarazteko. Izan ere, gainerako herrietan bezala, hemen ere ezezagutzaren ondorioz oker erabiltzen dira izenak maiz, eta izen berriak asmatu ere, asmatzen dira egun batetik bestera.
Udalak Erroitz enpresari eskatu zion argitalpena egitea. Niri egokitu zait testua idaztea, eta Larramendi Bazkuna aholkuak ematen aritu da.

Zer jakinarazi nahi izan da?
Kale eta etxe nabarmenen izenen ezaugarri batzuk azaldu nahi dira, eta horrekin, bi helburu behintzat lortu: izen horien jatorria jakitera ematea batetik, eta bestetik, orain arte gaizki erabili diren hainbat izen zuzentzen ahalegintzea arrazoiak emanez. Gauza grafikoa egitea, kasik patrikeran eramateko moduko argitalpena egitea eskatu zitzaigun, eta horrexegatik, nahiko modu sintetikoan osatu dira azalpenak.  

Hiru liburuxka dira guztira...
Halaxe da. hiru zatitan banatu baita herria. Sorabillako plazatik abiatuta, Azelaingo zubia zeharkatu, eta herri osoan zehar joaten da, ezker eskuin dauden kale eta etxe esanguratsuenak aztertuz. Goikoplazaraino igotzen da, gero Kale Txikira jaitsi, eta Bazkardo, Sarmendi, Ikutza, Arantzibia eta Geltoki ondoko inguru horri ematen zaio begirada. Buruntzako plazan amaitzen da, garai batean San Martin eliza zegoen tokian.

Nondik nora doa aurreneko liburuxka?
Sorabillatik Santa Krutz elizarainokoa jaso du. Kale eta etxeei dagokionez, azaleko azalpen batzuk egin ditugu kasu askotan. Azelaingo zubia, Isturitzaga, Karrika auzoa, Zumea… Kale baten izena eman zaien pertsonaien kasuan, berriz, herritar askorentzat ezezagun diren biografiak agertzen dira: hala nola, Martin Ugalde, Zeferino Ansa, Patxi Etxeberria, P. M. Ugartemendia…    

Herritarren ezezagutza aipatu duzu…
Ezjakintasunaz gain interes falta ere badago maiz. Inguruarekiko loturari dagokionez, oso diferentea da gure aurrekoek zeukatena eta guk daukaguna egun. Iraganean baserritarrek beren burua ezinbestez lotu behar zuten inguruarekin, hor baitzuten bere lantokia. Horregatik da horren informazio emailea Euskal Herriko toponimia; kasik txoko guztiak identifikatzeko premia zegoelako. Orain gizartea leku urbanoetan bizi da, eta zer ezagutzen du? Etxea, kalea, lantegia eta taberna. Erreparatu ere ez du egiten inguruan daukanarekin; baina hori bai, gauzak asmatzeko beti dago prest.

Zer esan nahi duzu asmatzeko prest dagoela adieraztean?
Hor daukagu esate batera, Unanibiako zubia, edo zoritxarreko Sorginen zubia. Etimologikoki Unanibiak unaien zubia adierazten digu, Goiburura joateko unaiek Leitzaran erreka zeharkatzeko erabiltzen zuten bidea. Sorginen zubia norbaiten fantasiatik ateratako izena besterik ez da. Asmakerien beste zenbait kasu jatorrizko izena galdu eta gaztelerazkoa hartu dutenak dira. Aingurasutegi edo Makaldegia, adibidez. 50eko hamarkadatik aurrera etorritako emigrazioaren eraginez, euskaldunak ere Ancoras forma hasi ziren erabiltzen, erdaldunentzat Aingurasutegi ahoskatzen zaila izan zitekeela-eta gauzak errazteko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!