Zabala bitxidenda, 25 urte Kale Nagusian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 1a, 19:09

1983ko abenduaren 24an ireki zen Zabala bitxitegia. 25 urte betetzeko bidean da, beraz, Kale Nagusian kokatzen den denda hauxe.

Zenbat langilek osatzen duzue Zabala erloju denda?
Begoña Zabala:
Andoaingo denda Eladio Martinez, Jesus Arteaga,  Carmen Zabala nire ahizpak eta laurok ireki genuen. Geroztik Marijo Irastorza gurekin hasi zen lanean. Une honetan Hernanin bigarren bitxidenda daukagu, eta Carmen aritzen da bertan. Kale Nagusiko dendan, konponketa zerbitzua eskaintzen da salmentaz gain.

Efemeride seinalagarri hori ospatzeko asmorik bai?
B.Z.:
Ez dugu ezer pentsatu oraingoz. Konturatzen gara egun pozgarria dela guretzat, baina ondotxo dakigu justu egun horretan lanez gainezka ibiliko garela.

Zein baldintzetan ireki zenuten denda?
Jesus Arteaga:
1983ko udako uholdeen ondoren ireki genuen. Gainera, krisi ekonomikoa bizi genuen garaitsu hartan eta industria errekonbertsioak kolpatzen zuen gogor. Lehen hementxe zegoen haurren arropa dendak itxi egin zituen ateak jabearen erretiroa zela medio, eta erosteko aukera ikusi genuen. Gure antzera, ugari izan ziren garaitsu hartan arriskatzera animatu zirenak, eta baita asmatu ere!

Orain ere krisia bizi dugu, baina apenas irekitzen den dendarik…
B.Z.:
Gaur egun jendeak nahiago du zortzi ordu sartu eta kitto egin, nahiz eta gutxiago irabazi, ziurrena. Ez du arrisku ekonomikorik hartu nahi.
J.A.: Pentsa litekeenaren kontra, oraintxe da bolada ona denda irekitzeko!  Hori bai, irudimena eta negozioa kudeatzeko ahalmen pittin bat eduki behar da. Adibidez, podologoa den gazte batek komertzioa ireki du Santa Krutzeko zubiaren ondoan, eta oso pozik dago; leku paregabea dela aitortzen du.

Aholkatuko al zenukete Kale Nagusian dendarik irekitzea?
J.A.:
Ezetz esan beharko genuke, itxi ondoren salgai jarri den lokal pila ikusita. Hala ere, errealitatea da Andoaingo eremurik komertzialena izaten jarraitzen duela Kale Nagusiak. Jende mugimendu handia dago kale honetan; erreferentzia da herrian, eta leku batetik bestera joateko pasabide naturala da kasurik gehienetan.
B.Z.: Ezinbestekoa ikusten dut Udalaren papera, baina ez dut uste nahikoa egiten ari denik eremu hau indarberritzeko. Dendak irekitzera animatzeko zergak murriztu zitezkeen,  oinezkoentzako bideak jarri dira baina aparkalekuak ez dira proportzio berean sortu. Arratibel inguruko etxe zaharrek eremu hori hilda daukaten arren ez da neurririk hartzen… Perco izeneko egitasmoa egina dauka Udalak, baina ikusteko dago inoiz garatuko duen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!