Euken Villasante eta Mikel Ayestaran espetxeratuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 1a, 18:46

Azken asteotan oihartzun handia hartu du, Madriletik bideratuta, hainbat gazteren aurka egin den polizia operazio zabalak.

Azaroaren 24 goizaldean, Grande Marlaska Auzitegi Nazionaleko epailearen agindutara, Hazitegi operazioaren baitan, 34 gazte atxilotu zituen guardia zibilak eta polizia nazionalak Euskal Herri osoan. Inkomunikatuta igaro zituzten deklaratu aurreko egunak Madrilen. Azaroaren 26an deklaratu zuten lehen hamaika gazteek, 27an hurrengo hamahiruk eta 28an falta ziren gainerakoek. Grande Marlaska epailearen aurrean inkomunikatuta deklaratu zuten atxilotu guztiek eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu zuenez, “epaileak ukatu egin zuen euren oinarrizko eskubideak garatzeko protokoloa, mediku nahiz abokaturik ez onartzean”.

Bi espetxeratu eskualdean
Atxilotutako hogeita hamalau gazteetatik lau geratu dira aske, “erakunde terroristako laguntzaile” izatea egotzita. Gainerako hogeita hamarrak espetxeratu egin dituzte Segiko kide eta ondorioz, “erakunde terroristako kide” direlakoan. Atxilotutako hogeita hamalau gazteetatik hamaika gipuzkoarrak dira eta horietatik bi Beterri-Aiztondo eskualdekoak. Hain zuzen ere, Andoaingo Euken Villasante Sarasibar eta Amasa-Villabonako Mikel Ayestaran Olano dira eskualdeko bi espetxeratuak. Aldizkaria inprentara bidean zela, Madrilgo Soto del Real espetxean zegoen preso andoaindarra, espetxez aldatzeko aginduaren zain. Mikel Ayestaran, berriz, Navalcarneroko espetxera eraman zuten Soto del Realekotik.

Irunberri elkartean miaketa
Azaroaren 24 goizaldean Euken Villasante atxilotzearekin batera, hainbat miaketa egin zuen polizia nazionalak Andoainen. Batetik Irunberri elkartea miatu zuten eta bestetik aste horretan 25 urte bete zituen gaztetxea. Irunberri elkartera sartzeko itxidura metalikoa bortxaz ireki izana salatu zuten elkarteko kideek eta miaketaren ondoren, ardo botilak, diru itsulapikoak eta dirua falta izana.

Andoaingo gaztetxeko kideen adierazpena
Andoaingo gaztetxeko kideek 25. urteurreneko oparia batere gustuko izan ez zutela jakinarazi zuten adierazpen idatziaren bidez, “azken garaietan, estatuak euskal gazteria kriminalizatu nahia, eta horrekin batera hainbat gaztetxeren miaketa –zenbait kasutan itxiera– salatu nahi dugu. Estatuak, epaileak eta poliziak aurrera daramaten sistema errepresibo honen aurrean, gazteriak antolatzeko duen eskubidea aldarrikatzen dugu”. Gaztetxeko asanbladak autogestioa eta antolakuntza ardatz hartuta, lanean jarraituko duela berretsi zuen, “atxilotuei eta bere senideei gure babesa eta elkartasuna luzatu nahi diegu”. Euken eta beste atxilotuak askatzeko eskatu zuten eta eraso guztien gainetik, autogestioaz gaztetxeek aurrera egiteko deia egin zuten.

Villabonako AAM-ren jakinarazpena
Polizia nazionalak Mikel Ayestaranen etxea ere miatu zuen azaroaren 24 goizaldean Amasa-Villabonan. Miaketaren ostean, Mikelekin batera, hainbat kamiseta, musika CD eta Mikelen eskuko ordenagailua eraman zituztela adierazi zuten lekukoek.
Amasa-Villabonako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, gaztea, independentista, abertzalea eta herri honetako errealitate sozio-kultural eta politikoarekin konprometitua moduan definitu zuen Mikel. “Ikasketez topografoa, azken aldian halabeharrez sarritan hitz egin behar izan du herritarren aurrean bere anaiaren memoria loriatzeko. ‘Bere ideiengatik borrokatu zen’ esan zuen bere anaiagatik eta berdin esan dezakegu Mikelengatik ere. Bere ideiak defendatu nahi dituelako –independentzia eta sozialismoa– atxilotu dute. Justu atxilotu zuten egunean karrera amaierako proiektua bukatua zuen, Euskal Herriko Unibertsitatean irakaslea izan den 25 urteko villabonatar gazteak”. Atxiloketak arrazoi politikoak medio, oinarrizko eskubideak urratu eta berme juridikoak ukatuz egin dituztela salatu zuen AAM-k, “kasu honetan operazio mediatiko-poliziala erabiliz. Bestalde, makro-operazio hau testuinguru politiko zehatz batean egin dela esan beharra daukagu. Izan ere, hilabete hauetan ezker abertzalea eztabaida sakonean murgilduta dago. Euskal Herria aldaketa politikora eraman eta eskenatoki demokratiko bat eraikitzeko estrategia eraginkorra definitzeko lanean dabil, eta argi dago horri beldurra diola estatu espainiarrak”.

Mozioa Villabonako Udalean
Ezker Abertzaleak errepresioaren bidea bide egokia ez dela eta errepresioak gatazkari konponbiderik ekarriko ez diola iragarriz, zazpi puntuko mozioa aurkeztu zuen abenduaren 2an Villabonako Udalean. Besteak beste elkartasun osoa helarazi nahi izan zien atxilotutako gazte guztiei eta bereziki Mikelen senide eta lagunei. “Halaber, inkomunikazio erregimenak, legeria antiterroristak eta dispertsioak eragiten duten eskubideen urraketa salatu” nahi izan zuten. Era berean, euren jardun politiko eta sozialagatik espetxeraturako gazte independentistak berehala askatzeko exijitu eta “gazte mugimendu, erakunde politiko, sozial eta komunikabideen aurka zabaldutako prozesuetan gutxieneko berme juridikorik ez duten ehunka pertsonei elkartasuna” helarazi zien. Espainiar estatuaren jardunbide antidemokratiko, autoritario eta errepresiboak salatzen ditu mozioak, “jardunbide horrekin irtenbide bakarra gatazka luzatzea delako” eta gatazkari irtenbide demokratikoa bilatzeko euren konpromisoa berretsi zuten.

Batzarrak iluntzero
Inkomunikazioak iraun zuen bitartean, batzar informatiboak nahiz atxilotuak aske uzteko eskatuz, manifestazioak burutu ziren iluntzero Amasa-Villabonan bezala Andoainen, eta atxilotuen gainerako herrietan.
Atxilotuen senide eta lagunek, “atxiloketa masibo eta arbitrarioak salatzeko” prentsaurrekoa eskaini zuten Usurbilgo pilotalekuan azaroaren 25ean. “Beraiekin gaude. Gure indar guztia eta baldintzarik gabeko maitasuna beraientzat” adierazi zuten, euren errugabetasuna defendatzearekin batera:“gure seme-alabak ez dira lapurrak, ez gaizkileak.  Ikasle eta langileak baizik”.

Tortura salaketak
Behin inkomunikazio egoeratik aterata, hainbat gaztek tortura fisiko eta psikologikoak jasan zituztela adierazi zuen AAM-k, “kolpeak etengabeak izan zirela salatu dute, mehatxuekin eta presioekin batera. Batzuen kasuan bortxatzeko mehatxuak egin eta gerritik gora ukitu zituzten”. Horren aurrean salaketa egin zuen aipatu mugimenduak, “berriz ere torturak oinarri izan dituen operazio polizial baten aurrean gaudela adieraziz”. Inkomunikazio egoerarekin lotuta, besteak beste, bi aipu:
-“Nazio Batuen Erakundeak inkomunikazio egoera kentzeko eskatu eta handik egun gutxira inkomunikazio egoera muturreraino eraman eta atxilotuak torturatu izanak erakusten digu espainiar gobernuaren harrokeria errepresiboa nora iristen den”.
-“Iragan astean Euskal Herrian gertatu dena neurririk ez duen jazarpen egoera baten isla da. Atxilotuak defentsa eskubiderik gabe utzi dituzte, torturatuak izan dira, inkomunikazioak espetxeratuak izan arte iraun du, beraien abokatuak espainiar Entzutegi Nazionaletik kanporatuak izan dira, hainbat senide hiru egunez Madrilen utzi dituzte beraien seme edo alaba espetxetik noiz igaroko zain. Oinarrizko eskubideen ukapena agerikoa izan da”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!