Antton Pebet pilotaria gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 1a, 18:43

Joan zen abuztuan 6an zendu zen Behar-Zana pilota elkarteko jokalari Antton Pebeten oroimenez, memoriala antolatu du elkarteak.

Iñaki Lizaso pilotari villabonatarrarekin batera jokatzen zuen Angeluko Antton Pebet pilotariak azken hiru urteotan. Bat-bateko heriotza etorri zitzaion joan zen udan 22 urteko gazteari. Pebetekin jokatzen hasi zen garaia gogoratu du Lizasok, “kasualitatez hasi nintzen Anttonekin pilotan. Bikoterik gabe geratu nintzen eta Joxean Jauregik eman zidan Anttonen berri”. Hasieratik ederki moldatu zirela gaineratu du “oso ondo jokatzen zuen pilotan eta nik ‘sasi artean sortutako arrosa’ moduan definitzen nuen; Iparraldean ez baitago maila horretako pilotari askorik. Nirekin ez ezik, Anttonek maila altuagoko partidak ere jokatzen zituen azken boladan beste bikote batzuekin”.
Behar-Zana elkarteko pilotaria izaki, bere oroimeneko txapelketa antolatzen ari da elkartea. Iñaki Lizasok ekimena aurrera ateratzeko indar berezia jarri du, zinez merezitakoa dela uste baitu, “memoriala urtero errepikatzen saiatuko gara, txapelketa Antton Pebeten izenarekin ezaguna egitea gustatuko litzaidake”. Memorialean parte hartuko duten pilotariak Behar-Zana elkartearekin harremana duten taldeetako pilotariak izango dira, “maila altuko pilotariak etorriko dira Iparraldetik, Nafarroatik nahiz Gipuzkoatik. Kadete, jubenil eta nagusien mailan zortzina bikotek hartuko du parte”. Egungo krisi egoeran diru-laguntza lortzea zaila egin bazaie ere, aurrera ateratzea lortu dute eta eskerrak eman nahi dizkiete laguntza eskaini dieten guztiei.

Pilotan gustura
Hamaika urte zituela hasi zen Lizaso pilotan jokatzen. Egun nagusien mailan jokatzen du eta momenturik onenean dagoela adierazi du, “arraroa bada ere, 24-25 urterekin ari naiz mailaz gustuen. Bikoteek ere izango dute zeresana, noski”. Arkaitz Iraeta eta Aitzol Txapartegirekin jokatu du orain artean gehien. Antton Pebetekin aritu da azken urteotan eta Iparraldekoa du berriz ere bikotea. “Laurent Errekarekin batera jokatzen dut orain. Anttonen aitak proposatu zidan bikotekide berria eta oso gustura gabiltza. Memorialean ere biok elkarrekin jokatuko dugu”. Iñakiren helburua afizionatuen mailan ahalik eta maila onena eman eta disfrutatzea da, baita bikoteari laguntzea ere.

Gazteen entrenatzaile
Pilotan jokatzeaz gain, pilota eskolako gaztetxoak ere entrenatzen ditu Lizasok. “Esku pilotan Egoitz Bengoetxea, Kepa Nazabal, Beñat Iraola, Iker Urretabizkaia eta Beñat Carrerarekin batera aritzen naiz gaztetxoekin”. Villabonan pilotaleku berria zabaldu dutenetik, txandakatu egiten dituzte entrenamenduak Amasan eta Villabonan. Jende gehiago etortzen omen da pilotalekura orain, “deialdia egin arren, Amasara oso jende gutxi gerturatzen zen lehen; Villabonan berriz, pilota hotsa entzun orduko, errazagoa da jendea hurbiltzea. Jende dezente etortzen da partidak ikustera”. Pilotarekiko afizioa indartzen ari ote den galdetuta, zalantza egin du, “nahiz eta urtero batez besteko polita daukagun, oraindik ere futbolak gazte asko bereganatzen du. 12-15 urteko nerabeak mantentzea  da zailena. Kirol indibiduala eta sakrifikatua da pilota”.

Abenduaren 18an hasita
Memorialeko partida ia guztiak Villabonako Bearzana pilotalekuan jokatuko dira, bakarra Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan. Hauxe hasierako egitaraua:
Abenduak 18, ostirala. 22:00etan, Bearzana pilotalekuan.
Kadeteak: Erostarbe-Ormazabal / Maiza-Elustondo.
Jubenilak: Urbieta-Jaka / Oronoz-Maiza.
Nagusiak: B. Bilbao-Alberdi / Lizaso-Erreka
Abenduak 19, larunbata. 18:00etan, Intxaur pilotalekuan.
Kadeteak: Otaño-Murgiondo / Artola-Oria.
Jubenilak: Santxo-Azpitarte / Ariztimuño-Ulanga.
Nagusiak: Elurbe-Okiñena / A. Mendizabal-Aldape.
Hurrengo partidak abenduaren 26an eta 27an izango dira. Lehen finalerdia urtarrilaren 2an jokatuko da eta 3an bigarrena. Finala, berriz, urtarrilaren 9an izango da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!