Afrika ekialdera bidean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 1a, 18:38

Onditz Jauregi eta Luisa Montecelo Afrika bidean dira berriro, duela bi urte hasitako esperientziari jarraipena emanaz. Itzulerako eperik zehaztu gabe, ametsak egia bihurtzeko helburuarekin abiatu dira berriz ere Afrikara. Aurreko txandan mendebaldea ezagutu bazuten, orain ekialdera jotzea da haien asmoa. Ekainetik ari dira bidaia prestatzen  eta iritsi zaie abiatzeko garaia. Bidaia eta amets on!

Aurreko esperientziak barrua ukituta erabaki al duzue berriro Afrikara itzultzea?
Onditz:
Gure artean gero eta afrikar gehiago dagoen arren, Afrikari buruz oso gutxi entzuten da oraindik hemen. Afrika ezezagun handiena da, Gabonetako kanpainetan eta antzekoetan soilik aipatzen da. Hemengo ikuspegi hori aldatu nahi dugu, Afrikan ez baitago gosea bakarrik. Aurreko esperientziatik oso ukituta itzuli ginen eta hango berri zabaltzen jarraitu nahi dugu.
Luisa: Afrikatik itzuli ginenean ikus-entzunezkoak eskaintzen hasi ginen eta Afrikari buruz hemen entzuten denak eta han ikusitakoak loturarik ez daukala jabetu gara. Gu Afrikan ibili ginenean, gu bezala laguntzera joandako jendeaz gain, ez genuen hemendik iritsitako bestelako laguntzarik ikusi. Hona etorritakoan, berriz, hemen esaten dena eta hango egia ez dira gauza bera. Errealitate horretaz hitz egiteko gogoa piztu zaigu.
O.: Han egon ginenean nola hartu gintuzten ikusita, ezberdintasun handia nabari da hango eta hemengo jendearen artean. Guri ate guztiak zabaldu zizkiguten, baina hemen ez zaie harrera bera egiten. Errespetu falta hori ez zaigu bidezkoa iruditzen.

Inguruak ere eragin dizue bidaia prestatzean, ezta?
O.:
Bai. Batetik, emanaldietan Afrikako aurpegi hau erakusten jarraitzera animatu gaitu jendeak. Bestalde, Erniobea ikastetxeko Euskal astean egindako aurkezpenean, ikasleak hango eskoletara eramateko materiala biltzeko gogoz azaldu ziren eta, irratian egindako hainbat elkarrizketa eta gero, berriro joatea erabaki genuen. Aurreko txandan inguruko jendeak emandako hainbat gauza eraman genuen arren, motz geratu ginen. Oraingoan hobeto antolatu gara eta eskoletarako materialaz gain, arropak, oinetakoak eta botika asko daramagu. Usurbilen, esaterako, 300 euroko saria irabazi genuen ikus-entzunezkoagatik. Haiengandik irabazitako saria zenez, haiei itzultzea erabaki genuen.
L.: Gauza asko eramango dugun arren,  leku faltagatik, ezingo dugu dena eraman. Balorazio moduko bat egin ondoren, oinarrizkoa iruditzen zaigunari eman diogu lehentasuna. Bizimodua erraztuko lieketen bizikletak, adibidez, hemen utzi beharko ditugu.
O.: Hara joateko furgoneta oparitu egin digute eta itzuleran, haiei utziko diegu.

Ikus-entzunezko mordoa eskaini duzue azken urte honetan. Zer moduzko esperientzia izan da?
O.:
Iazko urrian hasita, hogei emanaldi inguru eskaini dugu. Oso erantzun ona jaso dugu eta gerturatutakoek, galderak eginez parte hartzeaz gain, proposamenak ere egin dituzte. Jendearengana iristea lortu dugu eta pozik gaude emaitzarekin.
L.: Emanaldi bakoitzean berriro bizitu dugu bidaia, oso esperientzia polita izan da.

Nondik nora izango da bigarren bidaia hau?
L.:
Gure asmoa, Tunez, Libia eta Egipto zeharkatuta, Etiopiara iristea da. Hortik aurrera,  ahal dugun lekuetara joko genuke.
O.: Etiopia jarri dugu helmuga, ‘Etiopia Utopia’ umezurtzen fundazioa ezagutu nahi dugulako. Hala ere, Etiopiarekin muga egiten duten gainerako herriak ere ezagutu nahiko genituzke: Kenia, Tanzania, Uganda…
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!