Zabaltze ekitaldia, abenduaren 13an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 1a, 18:24

Pilota partidekin zabalduko da Intxaur pilotalekua. Esku pilota eta erremonte partidak izango dira gozagarri abenduaren 13an, 11:30etan hasita.

Kirol astearen barnean egingo da pilotaleku berrituaren irekitze ekitaldia. Hala azaldu du Ainhoa Larrea teknikariak: “Inaugurazioa Azoka bereziko egunean egiteko asmoa genuen, baina lanak atzeratu egin dira eta zabaltze ekitaldia Kirol astearen barnean txertatzea erabaki genuen. Pilota partidak izango dira ekitaldiaren muina, abenduaren 13an, 11:30etan hasita. Lehendabizi, herriko pilotari gazteen arteko partidak izango dira: Peru Labaka eta Mikel Garin, Jon Erasun eta Jokin Arregiren aurka. Ondoren, 12:00ak aldera, eguneko partida nagusia jokatuko dute: Saralegi eta Oteiza, Belloso eta Argoteren aurka. Goizari amaiera emateko, erremonte partida ikusteko aukera izango da: Matxin III eta Aizpurua II, Etxeberria IV eta Agirrezabalaren aurka”. Partidak ikusteko aukera doakoa izango da.

Erronka, ekitaldiz betetzea
Berritze lanak amaituta, pilotalekua ekitaldiz betetzea izango da erronka: “Egin diren lanei esker, hotzetik eta hezetasunetik babestuta geratuko da eta orain, pilotalekuari erabilera zabala ematea da helburua. San Millan ikastetxeko haurrek jolastoki gisa erabiltzen jarraituko dute. Arratsaldetan, pilotan jolasteko baliatuko dute askok eta horretarako, erretserbak eginak dituzte. Gipuzkoako Pilota Federazioak ere Intxaur erabili ahal izateko eskaera egin digu eta ziurrenik, astean behin pilota selekzioko kideak etorriko dira entrenamenduak egitera. Ziotza Pilota Eskolako haurrak ere bertan arituko dira. Horrez gain, hainbat kultur ekitaldi antolatzeko asmoa ere badugu. Kanpoko kristalerari eta saihetsetan eraikitako hormei esker, haize korronteetatik babestuta geratuko da barrualdea eta horri esker, ekitaldiak antolatzeko joko handiagoa emango digu”.
Datozen asteotan, lanei azken ukituak ematen arituko dira langileak. “Zorua aldatzeko asmorik ez genuen, baina lanerako erabilitako makina handiek hondatu egin dute eta kantxako lurra berritu egin beharko da. Plastikozko eserlekuak ere jartzeko daude eta duela aste batzuk norbaitek puskatu zituen kristalak aldatu egin beharko dira. Datozen asteotan amaituko dituzte lan horiek guztiak”, azaldu du Ainhoak.

Lau egun, ekitaldiz blai
Kirol astearen baitan antolatu dute Intxaur pilotalekuaren zabalera ekitaldia. “Abenduaren 10ean, ostegunarekin, emango zaio hasiera Kirol asteari, “Ipar Gazi Hego Geza” hitzaldiarekin. Donostiako bikote batek, euren haur txikiekin batera Europan zehar eginiko bizikleta zeharkaldia nolakoa izan zen azalduko digu. Bizikletaren erabileraren inguruko aldarrikapena zabaldu nahi dute”, azaldu du Ainhoak.
Ostiralean, Alberto Zerainek Kanchenjungaren inguruko ikus-entzunezkoa eskainiko du eta ondoren, herriko kirolariak omenduko dituzte. “Urtean zehar eskuratutako lorpenengatik omentzen dituzte: Maitane Aburuza, Nerea Amilibia, Modes Iraola eta halterofilia taldeko hainbat kide izango dira aurtengo omenduak. Norbaitek beste kirolariren bat proposatu nahiko balu, horretarako aukera badago oraindik, Aurrera plazako bulegoetara deitu beharko da horretarako. Baldintza bakarra, kirolariak hamasei urte beteta izatea da”, gaineratu du Ainhoa Larreak.  
Larunbatean, “Hamabi orduz kirolean” izeneko ekimena egingo dute. 10:30etatik 12:30etara kirol ezberdinak frogatzeko aukera izango dute haurrek Intxaur pilotalekuan: “Sokarekin egiten diren kirol edo jokuak, baloiarekin egin daitezekeenak, herri-kirolak eta halterofilia frogatu ahal izango dituzte. Arratsaldean berriz, kart zirkuitua jarriko da pilotalekuan bertan”. 22:30etan hasita, Zizurkilgo XIII. Gau Krosa egingo da eta igandean, Intxaur pilotalekuaren inaugurazio ekitaldiarekin emango zaio amaiera Kirol asteari.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!