Tamara Lozano, atleta bikaina

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 1a, 18:14

Gaztetxoa zenean hasi zen korrika Tamara Lozano zizurkildarra, bere etxekoek animatuta. Hamazazpi urte ditu orain eta emaitza bikainak lortzen ari da.

Ez da zaila Tamara Lozano gaztea Zizurkilen barrena korrika ikustea. Bederatzi urterekin hasi zen lehendabiziko lasterketatan parte hartzen eta gogoz eutsi dio bere zaletasunari. “Nire osabak eta gurasoek animatuta hasi nintzen lasterketatan parte hartzen. Gurasoek, gazteak zirela krosetan parte hartzen zuten eta osabak ere oso gustuko du korrika egitea. Haiek animatu ninduten lehendabiziko krosetan ateratzera. Umea nintzela, futbolean ere aritzen nintzen, baina atletismoa asko gustatzen zitzaidan eta azkenean, horri eustea erabaki nuen. Hamabi urte nituenean federatu egin nintzen eta geroztik, Tolosako taldearekin aritzen naiz”, azaldu du.  
Astean bost egunetan egiten ditu entrenamendu saioak: “Tolosako taldeko entrenatzaileak finkatzen dizkit saioak. Astean bitan Tolosara joaten naiz entrenamendua egitera, eta bestetan, Zizurkilen bertan egiten dut saioa, osabaren laguntzarekin. Horrez gain, Olaederra kiroldegiko gimnasiora ere joaten naiz, astean behin. Entrenamendu bakoitzak, bi orduko lana eskatzen dit, gutxi gorabehera”.

Aldapak, lokatza…
Distantzia luzeetan lehiatzen da Tamara: “Bereziki gustuko ditut krosak. Pistan ere aritzen naiz, 1000 edo 3000 metroko lasterketatan. Hala ere, pista ez zait gehiegi gustatzen. Aspergarri samarra egiten zait ibilbide berdinari itzuliak ematen aritzea. Askoz ere gehiago gustatzen zait krosetan parte hartzea; aldapetan, lokatz artean… oso ondo pasatzen dut”.
Junior mailan lehiatzen ari da aurten Tamara: “Junior mailako lehen urtean nabil orain. Lau kilometro inguruko lasterketak izaten ditugu gure mailan. Bi urte pasa ondoren, senior mailara pasako naiz eta distantzia luzeagotan aritu beharko dut. Oraingoz lasai nago, bi urte ditudalako prestaketa lanak egiteko. Momentuz, nire gorputza ondo egokitzen da distantzia luzeetara. Ez dut azken metroetan abiadura bizitzeko gaitasun handirik, baina iraupen ona dut”.
Tamarak dioenez, bere adineko gazte gutxi dabil atletismoan: “Nire adineko mutilek nahiago izaten dute futbola, esaterako. Aurten, nirekin batera entrenatzen hasi da lagun bat, baina momentuz ez da lasterketatan ateratzera animatzen. Oso neska gutxi ateratzen gara karreretan eta askotan, kategoria ezberdinetakoak batera lehiatu behar izaten dugu. Azken urteotan, geroz eta neska gutxiago gabiltzala esango nuke”. “Kirol gogorra da atletismoa; honetan jarraitzeko, asko gustatu behar zaizu. Entrenamendu asko egitea eskatzen du. Hala ere, krosetan sortzen den giroa izugarri gustatzen zait, eta momentu txarrak ahaztu egiten zaizkit. Aurrera jarraitzeko gogoz nago. Lasterketatan dudan guztia ematen saiatzen naiz eta horretan ahaleginduko naiz aurrerantzean ere”, gaineratu du.

Denboraldia, hasi berria
Duela hiru aste hasi zen kros denboraldi berria: “Irunen egin zen aurtengo lehendabiziko lasterketa eta nahiko gustura geratu nintzen egindakoarekin. Nire mailakoen artean lehendabiziko postua egin nuen, nahiz eta beste maila bateko neska batek aurrea hartu zidan. Maiatza bitarte luzatuko da kros denboraldia eta ondoren, pistako zenbait lasterketatan ere parte hartuko dut”.
Euskal Herriko kros askotan parte hartzen du Tamarak: “Lasterketa gehienak gustatzen zaizkit; bat bestearen gainetik nabarmendu gabe. Normalean hemen inguruko karreretan parte hartzen dut, baina estatu mailako txapelketan parte hartzeko, urrutirago joan beharra izaten dugu. Iazko txapelketa, adibidez, Jaenen izan zen. Oso lasterketa bereziak izaten dira. Ehun eta berrogeita hamar pertsona inguru izaten gara, federazio bakoitzetik zortzi inguru. Oso maila altuko atletak biltzen dira horrelakoetan”.

Gertukoen babesa
Etxekoen txalo hotsak ez ditu falta izaten Tamarak: “Lasterketa gehienetara joaten dira. Gustura hartzen dira haien animoak. Normalean bideo kamera eramaten dute eta etxera itzultzean, bideoa jartzea izaten da lehendabiziko lana. Oso gertutik jarraitzen naute, eta hori eskertzekoa da”. Entrenamenduak egiteko garaian, Felipe osaba izaten du alboan: “Asko gustatzen zaio korrika egitea eta oso ondo egiten du gainera. Hala ere, ez da lasterketatan ateratzen. Nik beti animatu nahi izan dut, baina lotsa ematen dio”, gaineratu du.
Beste hainbat kirolariren artean, Kirol astean omenduko dute Tamara Lozano gaztea, aurreko denboraldian lortutako kirol emaitza onengatik: “Ez nuen espero, baina horrelakoak oso gustura hartzen dira”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!