Txapartegi, hiru belaunaldi aroztegian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 1a, 18:11

Hirurogeita hamar urtetik gora darama zabalik Asteasuko Txapartegi aroztegi eta zerrategiak. Joxe Mari Txapartegik zabaldu zuen eta gaur egun, bere bilobek daramate lantegiko martxa.

Bere etxebizitzaren azpialdean ireki zuen Joxe Mari Txapartegik lehendabiziko aroztegia. Jexux Mari biloba bertan aritzen da gaur egun eta hark eman ditu egindako ibilbidearen nondik norakoak: “Hirurogeita hamar urte baino gehiago pasa dira aroztegia zabaldu zenetik. Aroztegi txikia zen garai hartan eta artisauen moduan egiten zuten lan. Nire aitona eta haren anaia aritzen ziren eta ondoren, nire aita ere bertan hasi zen lanean”.
Jexux Mariren aita, Pello Txapartegi, hamairu urterekin hasi zen aroztegiko lanetan: “Garai horretan hilkutxak egiten zituzten gehienbat. Mutil koxkorretan, nire aitaren lanetako bat aroztegian egindako hilkutxak frogatzea omen zen, barrura sartu eta tamaina egokia zuten edo ez ikusten zuen”, azaldu du Jexux Marik irribarretsu. “Urte asko dira hilkutxak egiteari utzi genionetik”, gaineratu du.

Haritza eta pagoa
Mahaiak, aulkiak, neurrira egindako armairuak eta harategietan haragia mozteko erabiltzen dituzten ohol lodiak saltzen dituzte, batez ere. Zerrategia ere badute eta han, tamaina guztietako ohol eta egurrak prestatzen dituzte.
Haritza eta pagoa erabiltzen dute, batik bat, lanerako: “Lizarra, platanoa, gerezia, intxaurra eta beste egurren bat ere erabiltzen dugu, baina erabilienak pagoa eta haritza dira zalantzarik gabe. Aroztegiko lan gehienak haritzarekin egiten dira eta zerran ere haritza eta pagoa sartzen dira gehien”.
“Lizarra, intxaurra, gerezia…, egur horiek bereziagoak izaten dira eta normalean saldu egiten ditugu. Hala ere, eskaera bereziak ere izaten ditugu tarteka; gerezi egurrez egindako armairua etxean jarri nahi duen bezeroa eta horrelakoak. Kasu horietarako beti izaten dugu materiala gordeta, badaezpada. Jendeak nahiko argi izaten du zer nahi duen eta guk, gure esperientzia baliatzen dugu bere nahia egokitzen. Zerran ere bezero partikularrekin lan egin izan dugu. Baserriko teilatua berritzeko bere sailetako egurra erabili nahi, eta gure zerrara etortzen dira neurrira moztera”, azaldu du Jexux Marik.

Menditik, zerrategira
“Egurra erosteko arazorik ez dugu izaten normalean. Garai batean menditik zuzenean erosten genuen egurra. Enkantean ateratako mendi saila erosi, eta koadrila bat kontratatzen genuen egurra bota eta menditik ateratzeko. Erantzukizun handia hartzen genuen gure gain modu horretan lan eginda eta kostua ere handia zen. Mendiko bideetan txikiketaren bat gertatzen bazen, errepidea zikintzen bazen  edo beste edozer gauza gertatuta ere, konponketa lanak egin edota isunak ordaindu beharra izaten genuen eta horrek egurraren kostua igo egiten zuen. Gaur egun ez dugu modu horretan lan egiten. Mendian aritzen diren koadrila horiek, zuzenean erosten dute mendi saila ustiatzeko eskubidea eta guk haiei egurra erosten diegu. Erantzukizun txikiagoa da guretzat eta arriskua ere bai, gainera, modu hobeagoan erosten dugu egurra”, azaldu du Jexux Marik.
Toki askotatik etortzen zaizkie bezeroak Txapartegikoei: “Inguruko jendea izaten da gehienbat, baina Katalunian ere badugu bezero indartsu bat. Estatuan zehar sagardotegiak jartzen dituen enpresa bat da. Eskaera handiak egiten dizkigu enpresa horrek”.
Asteasuko Erreka bailarara doan errepidea hartuz gero, ezinbestean egiten da topo Txapartegi zerrategiarekin. Egur pila handiak ikusten dira errepidearen bi aldeetan. “Pago egurrak urtebete behar du ondo lehortzeko eta haritzak, gehiago. Lodieran duen zentimetro bakoitzeko urtebete behar duela esaten da. Kanpoan, modu naturalean lehortzen dira gure egurrak, lehortegi berezietatik pasa gabe. Horrelakoetan, kontuan izan behar da egurrak ez duela hezetasun guztia galtzen eta altzari bihurtutakoan mugimendu txikiak izan ditzakeela. Lehortegitik ateratako egurrak ere mugimendua izaten du, hezetasuna dagoen egunetan pixka bat hazi egiten delako. Hala ere, ez dute izugarrizko aldaketarik izaten”.

Txirbila, ukuiluetarako
Egurra landu ondoren sortutako zerrauts eta txirbilari ere irteera ona ematen diote Txapartegikoek: “Inguruko baserritarren eramaten dute gehiena, ukuilurako, haziendari azpiak egiteko. Soberako egur pusketei berriz, bi erabilera ezberdin ematen diegu. Gehiena, Gernikako enpresa batek eramaten du. Aglomeratuzko oholak egiteko erabiltzen dizute pusketak, txikitu eta tratamendu bat eman ondoren. Soberan geratzen zaizkigun pusketak, hemen inguruan saltzen ditugu, sutarako”.
Zerrategia eta aroztegia dituzte Txapartegin. “Guztira bost langile aritzen gara, zerrategian Xabier anaia eta biok eta aroztegian hiru langile. Floren eta Jexux Mari Maioz eta Antton Larrarte, asteasuarrak denak ere. 2000 urtean hamaika langile izatera iritsi ginen, baina pixkana, kopurua murriztuz joan da. Aroztegiko lanak ez du gora behera handiegirik izan, baina zerrategiko lana jaitsi egin da. Krisialdi handi hau iritsi baino lehen ere gainbehera etorrita zegoen. Egoera horrek bultzatuta langileak estutzen hasi ziren eta pixkanaka, beste lantegi batzuetara jotzea erabaki zuten”.

Afera Udalarekin
Udalarekin izandako gora-beherek ere izan dute zerikusirik langileak galtzeko orduan, txapartegitarren esanetan. “Herriaren erdigunetik gertu gaudela eta, Udalak tokiz aldatzea nahi du. Aroztegia aldatzea ez litzateke horren zaila izango, baina zerrategia mugitzeko toki handia behar da. Egurra behar bezala lehortzeko toki asko behar da eta oso zaila da hemendik mugitzea. Azken urteotan presio handia jasan dugu alde horretatik”. Udalak indar handiko arrazoiren bat behar zuela mugiarazteko eta ondorioz, errepidea egiteko erabakia hartu zutela aipatu dute. “Gure ustez, gu mugiarazteko aitzakia besterik ez zen errepide berria egiteko proiektu hura. Gauzak nahiko aurrera joan ziren eta desjabetzea gain-gainean genuenean, prozesua geratu egin zen. Egoera horrek tentsio handia sortu zuen eta langile asko segurtasun handiagoa zegoen lantokietara joan zen, garai hartan, eraikuntza mundura gehienak”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!