Tortura salaketak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 30a, 11:20

Amnistiaren Aldeko mugimenduak jakinarazi duenez, joan zen astean atxilotutako gazteek torturak eta sexu jazarpena salatu dituzte atxilotuta eta inkomunikatuta egon diren bitartean. "Kolpeak etengabeak izan direla salatu dute, mehatxuekin eta presioekin batera. Batzuen kasuan bortxatzeko mehatxuak egin eta gerritik gora ukitu dituzte".

Atxilotuen tortura salaketak

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gazte batzuek tratu txar psikologikoak eta beste batzuek psikologiko nahiz fisikoak jasan dituztela salatu du. Datozen egunetan tortura kasu horien informazio zehatzagoa kaleratuko dutela adierazi dute eta hainbat salaketa zerrendatu:

Ostiralean espetxeratuek salatu dutena:

  • Mehatxuak, irainak eta presioak.
  • Atxilotuetako batzuei buruan etengabeko kolpeak eman dizkiete.
  • Atxilotuetako batzuei buruan pistola jarri diete.
  • Poltsa jarri diete buruan arnasarik gabe uzteraino.
  • Atxilotuetako batzuei pistolak jarri dizkiete eskuetan txantaia egiteko.
  • Kamila batean etzanarazi ondoren gainera bota zaizkie.
  • Manta batekin inguruan eta gainera bota zaizkie.
  • Liburuarekin jo dituzte burutik behera.
  • Ariketa fisikoak eginarazi dizkiete.
  • Ariketa fisikoak eginarazi dizkiete biluzik zeudela.
  • Kasu bateak Madrilerako bidean gelditu eta Jon Anza dagoen lekura eramango zutela mehatxu egin zioten.
  • Atxilotuetako batzuk barrabiletan kolpatuak izan dira.
  • Atxilotuetako batzuk sexualki jazarriak izan dira, ukimenak jasn dituztelarik.
Larunbatean espetxeratuek salatu dutena:
  • Emakumeen kasuan: Biluzketak. Kuleroetan utzi eta gerritik gora ukitu egin dituzte eta muxukatu egin dituzte poliziek. Heriotza eta bortxaketa mehatxuak.
  • Mutil bati biolazioa baten simulazioa egin diote.
  • Kolpeak eman dizkiete buruan etengabe.
  • Postura deserosoetan egotera behartuak izan dira.
  • Poltsa jartzeko saiakera.
  • Gazte bati drogatu egingo zutela esan zioten, xiringa bat likido batekin erakutsi ziotelarik. Buelta eman eta pintxatu egin zuten. Gazteak ez zuen ezer nabaritu ondoren.
  • Batek kolpeen ondorioz markak zituen bularrean eta sorbaldan.

 

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren salaketa:

  • Nazio Batuen Erakundeak inkomunikazio egoera kentzeko eskatu eta handik egun gutxitara inkomunikazio egoera muturreraino eraman eta atxilotuak torturatu izanak erakusten digu espainiar gobernuaren harrokeria errepresiboa nora iristen den.
  • Espainiar gobernuak tortura eta bortizkeria helburu politikoekin erabiltzen du. Kasu honetan gazteria independentzia kolpatzen izan da operazioaren helburua, belaunaldi berriak independentziaren aldeko borrokari lotu daitezen ekiditeko. Tortura eta biolentzia bere helburu politikoak lortzeko erabiltzen ditu Rubalcabak, Euskal Herriaren askapen borrokarekin amaitzea hain zuzen ere.
  • Aste honetan Euskal Herrian gertatu dena neurririk ez duen jazarpen egoera baten isla da. Atxilotuak defentsa eskubiderik gabe utzi dituzte, torturatuak izan dira, inkomunikazioak espetxeratuak izan arte iraun du, beraien abokatuak espainiar Entzutegi Nazionaletik kanporatuak izan dira, senide batzuk hiru egunez Madrilen utzi dituzte beraien seme edo alaba espetxetik noiz igaroko zain. Oinarrizko eskubideen ukapena agerikoa izan da asteak iraun duen bitartean.
  • Lan politikoa egiten duten 31 gazte espetxeratuak izan dira. Lan politikoa espetxearekin eta torturarekin zigortzen da Euskal Herrian, eta gaur 31 euskal preso politiko gehiago daude, gazte indepentista izatea delarik beraien delitua.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak oso modu positiboan baloratu du larunbat arratsaldean Bilbon burutu zen manifestazioa. "Beste behin ere milaka Euskal Herritarrek jarrera argia erakutsi zuten errepresioaren aurrean. Aurrerantzean ere bide horri loturik aurrera egiteko deia luzatzen dugu, mobilizazioa eta eremuz eremuko presioa eta lana beharrezkoak izango direlako errepresioa eta jazarpenarekin amaitzeko".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!