Bertsolari Txapelketa Nagusia, argibideak finalerako sarrerei begira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 27a, 09:54

"Abenduaren 13ko finalerako azken sarrerak Belodromoko saioan salduko dira. Aste honetan eman dugun prentsaurrekoan belodromo barruan salgai jarriko direla zabaldu dugu. Baina aldaketa egitea erabaki dugu". Hona antolatzaileen oharra:

BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA 2009
Azken finalaurrekoa - Donostia

Bertsolari Txapelketa Nagusia 2009ko azken finalaurrekoa igandean egingo da, azaroaren 29an, Donostiako Antonio Elortza Belodromoan.  Arratsaldeko 17:30ean hasiko da saioa eta orain arteko lez, sei bertsolarik jardungo dute: Iñaki Gurrutxaga, Uxue Alberdi, Maialen Lujanbio, Aitor Sarriegi, Jon Maia eta Arakitz Estiballes
 
Azken finalaurrekoa da; beraz, saioaren ostean jakingo da abenduaren 13an, BEC-en (Barakaldon),  Andoni Egañarekin batera finala kantatuko duten zazpi bertsolarien izenak.
 
SARRERAK – Belodromoa eta Finala  / LEHIATILA ordutegia
 
Gure asmoa, orain arteko saio guztietan egin izan dugun antzera, saiora datorren bertsozaleari finalerako sarrerak  erosteko aukera ematea izan da. Baina egunotan bertsozaleengandik jaso ditugun erantzunak ikusita, belodromoaren kanpoaldean salduko dira sarrerak.
 
Sarreren salmenta gunea:
 
Anoeta estadioko 23. atean salduko dira Belodromoko saiorako eta finalerako saiorako sarrerak. Bi ilara egingo dira: batean azken finalaurrekorako sarrerak salduko dira eta bestean finalerako sarrerak.
 
Belodromorako saiorako pertsonako gehienez 4 sarrera salduko dira. Finalerako, aldiz, gehienez 2 sarrera izango dira. Finalerako salgai jarriko diren azken sarreren kopurua 250ekoa da.
 
Lehiatila biak arratsaldeko 15etan zabalduko dira, eta belodromoko saiorako ateak arratsaldeko 16etan.
 
Belodromorako sarrerak, dena dela, larunbatera bitartean www.bertsosarrerak.eu <http://www.bertsosarrerak.eu/> webgunean eskuratzeko aukera dago.
 
 
 
 
 
 
DONOSTIA – Azaroak 29 – Donostiako Belodromoa – 17:30
 
Aurkezlea – Saroi Jauregi
Zaldibitarra da. 31 urte ditu. Euskal Filologian lizentziatua da. Elhuyar Fundazioan egiten du lan, euskarazko testuen zuzentzaile. ETBko Hitzetik Hortzera saioan aurkezle ibili zen 2005etik 2008ra. Herriarteko txapelketan hasi zuen gai-jartzaile ibilbidea. Txapelketa Nagusian hirugarrenez izango da. Txikitan Zaldibiako bertso-eskolan ibili zen.
 
Iñaki Gurrutxaga
Oriotarra da. 28 urte ditu. Euskal Filologian lizentziatua da eta gaur egun Bertsozale Elkartean dihardu lanean, Ahozkotasuna eta Bertsolaritza proiektuko irakasle. Bigarrenez parte hartuko du Txapelketa Nagusian. Hamaika Bertuteko kidea da. Orioko “Errikotxia” bertso-eskolako partaidea da, baina Zarautz, Gasteiz, Itziar eta Bergarako bertso-eskoletan ere ibilia da.
 
Uxue Alberdi
Elgoibartarra da eta Getarian bizi da. 25 urte ditu. Kazetaritza ikasi zuen eta gaur egun Herri Irratiko Testuketan literatur saioan dabil esatari. Argian ere elkarrizketatzailea da. Idazlea ere bada; azken lana, “Aulki-jokoa” elaberria (2009). Hamaika Bertuteko kidea da. 2007an Gipuzkoako txapelketako finalaurrekoetara heldu zen. Txapelketa Nagusian lehenengoz kantatuko du. Santutxu, Oiartzun, Getaria eta Zarauzko bertso-eskoletan ibilia da.
 
Maialen Lujanbio
Hernaniarra da. 33 urte ditu. Arte Ederretako lizentziaduna da. Bertsogintzaz gain, euskarazko letren inguruan garatzen du bere lana. 2006an Ornitorrinkus ekimena abian ipini zuen, bertsogintza eta musika esperimentala bateratuz. 2003an Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen. Bere laugarren Txapelketa Nagusia izango da. Hernaniko bertso-eskolan hasitako bertsolari da.
 
Aitor Sarriegi
Beasaindarra da. 32 urte ditu. Informatikako Ingenieritza ikasketak egin zituen eta Urretxu-Zumarraga ikastolan IKT dinamizatzailea da. 1992an Lizardi eta 1993an Osinalde sariak irabazi zituen. 2007an Gipuzkoako txapelketan finalista izan zen eta Txapelketa Nagusian finalaurrekoetara heldu da azken hiru edizioetan. Goierriko Bertso eskolako kidea da.
 
Jon Maia
Urretxun jaio eta Zumaian bizi da. 36 urte ditu. Euskal Filologian lizentziaduna. Bertsolaritzaz gain, kantagintzan aritu da (Karidadeko Benta). Nobela bat idatzi du “Riomundo” eta bidaia liburu bat “Apaizac Obeto”. Gidoilari lanak ere egiten ditu. Txapelketa Nagusiko azken hiru finaletara sailkatu da. Zumaiako bertso-eskolan hazitakoa da.
 
Arkaitz Estiballes
Galdakaoztarra da eta Bilbon bizi da. 32 urte ditu. Euskal Filologia ikasketak egin zituen eta gaur egun hezkuntza arautuan bertsolaritza irakaslea da. 12 urterekin hasi zen bertsolaritzan, Eguzkibegi ikastolan. Bizkaiko txapelketan finalista izan da 2000. urtetik eta Txapelketa Nagusian hirugarrenez kantatuko du. Santutxuko bertso-eskolako kidea da.
 
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!