Jose Ignacio Munilla hurrengo Gipuzkoako Gotzaina hizpide

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 26a, 14:34

Mikel Goenaga (Antigua, 1958) apaizak Andoaingo parrokian eman zituen bere lehenbiziko urteak (1984-1996). Burubelarri inplikatu zen orduan Andoaingo gizarte arazoetan, eta oroitzapen ona utzi zuen harrez gero bertan.

Egunotan zabaldu den berriaren arabera, Jose Ignacio Munilla izango da hurrengo Gipuzkoako Gotzaina.
Mikel Goenaga: Hala dirudi, ze hiru hautagai izendatzea izaten da lehen urratsa, baina prozesu hori gainditu eta ikusi da Munilla dela hautagai ofiziala Rouco eta Cañizaresena ez ezik Vaticano berarena ere.

Nola baloratzen duzue hautaketa hori Gipuzkoako eliza osatzen duzuenok?  
M.G.: Balorazio ezberdinak jaso litezke, noski, bati ala besteari galdetuz gero. Argi dagoena da Uriartek borroka galdu egin duela, Madrilgo elizaren boterearen mesedetan. Munilla ondo ezagutzen dugu Zumarragako apaiza izan zen garaitik; ez zuen batere parte hartzen pastoraltzako dinamiketan. Gero Palentziako gotzain izendatu zutenean ere, oso urrun jokatu zuen hango eliza osatzen zuten apaizengandik eta sinisdunen komunitatearengandik.
Bera hor jartzeak bi helburu ditu, bata politikoa eta bestea dotrinalagoa. Gipuzkoa ere “espainiartu” nahi da, eta gainera, elizaren ideologiarik kontserbadoreena ezarri nahi da gaindituta zeuden praktikak berritzeko (latinez eman mezak, aitormenak bakarka egin…).

Esan izan da Roucoren estrategia osatzeko, Gipuzkoa “konkistatzea” geratzen dela.
M.G.: Hori argi dago. Pasadizu adierazgarria gertatu zitzaidan Astigarragan orain bi urte: hemengo Valde-Espinako markesaren lehengusua Fernando Altolagirrek, Astigarragan bertan eman zuen bere lehen meza. Donostiako aristokraziako kide eta autoritate zibil ugari bildu zen. Altolagirrek bere sermoian lehenbizi, eta mezara joandako askok gero, gauza berbera errepikatzen ziguten: ni bezalakoak “gainditu beharreko akats historikoak” ginela Elizaren barruan; Uriarte laster zela jubilatzekoa eta orduan “Normandiako lur hartze” modukoa gertatuko zela akatsak gainditzeko.     

Errepresalien beldurrik ez, hain garbi hitzeginda?
M.G.: Ez dakit zer esan… Lehendik ere ezagutu izan baititugu kargugabetzeak. Barajaseko atentatuaren ostean zenbait apaizek agiri bat kaleratu genuen, esanez elkarrizketari eutsi behar zitzaiola nahiz eta sufrimendua hor egon. Niri egokitu zitzaidan bozemailearena egitea. Martutenetik Andoainera bitarteko herriak hartzen dituen elizako arduradun nintzen orduan, bozketa bidez hautatuta. Bada, Uriartek kargugabetu egin ninduen, ez omen nuen publikoki hitz egin behar.
Egia esan, apaizak ez gaude soberan Gipuzkoan une honetan, eta egoera ez dago inor baztertzeko.

Kanpotik hartua den erabaki horrek, ez ote du haserretuko Gipuzkoako kristau komunitatea?
M.G.: Ikusteko dago. Gerta liteke jendea Elizarengandik oraindik gehiago urruntzea, edo bestela, kontrako erreakzioa sortzea eta hurbiltzea, antolatzea (pentsatuz posible dela beste eliza bat osatzea lekuan leku)...
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!