Gaztetxeak 25 urtea, Pello Oriari elkarrizketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko aza. 26a, 14:33

Gaztetxearen ekimena ez da eten azken urte hauetan. Musikagintzan eta kultur alternatiboan ibilbide luzea egin du, oparoa garai askotan.
Aurreko Aiurri astekariak Jone Otaegi eta Xabier Fondon gazteen lekukotzak bildu zituen. Oraingoan berriz, aspaldiko eragilearen txanda da.

Gaztetxe zaharraren babesean abian jarri ziren Olinpiada Popularren antolatzaileetako bat izan zen.

Nolako oroitzapenak dituzu Gaztetxe zaharra ireki zeneko egun haien inguruan?
P.O.: Axinxionea etxearen okupazioa ez zen bat-bateko kontua izan. Herriko beheko gunean, laguntalde handiak biltzen ziren Banco Gipuzcoanoko koskan, Julian taberna zaharrean edo Kale Nagusia eta Zumea Kalearen artean dagoen karkaban. Beste tokirik ez-eta horrela bildu beharra zegoen. Gazte jendeak bazuen halako kezka bizi bat, burutazio guztiak modu kolektibo eta alternatiboan egiteko. Baina horretarako biltoki propioa behar zen.
Kezka horren inguruan Andoaingo Gazte Radikalen Taldea zen antolatua zegoen kolektibo bakarra. Arrate frontoipean kontzerturen bat edo beste egina zeukan ordurako Optalidon, Odio eta Basura taldeekin. Aurrekari horiekin, kontua da 1984ko azaroko goiz batean gazte talde ausart bat etxean sartu zela. Nik ez nuen okupazioaren inguruko prozesuan parte hartu; geroxeago hurbildu nintzen, beste makina bat gazte bezala.
 
Auzotarrek nola bizitu zenuten auzoaren geroa hainbeste markatuko zuen gertakizun hori?
P.O.: Nik orduan auzoko janaridendan egiten nuen lan. Gazteek etxea okupatu eta hurrengo egunetan beste hizketaldirik ez zen izan herrian bezala dendan, noski. Orokorrean auzotarrek okupazio hura ez zuten gaizki ikusi, okupatzaileak pertsona ezagunen seme-alabak izatean bazekitelako ez zirela ez dakit nondik etorritako martzianoak. Gerora ere, Gaztetxeak zer nolako bizitza hartzen zuen ikusi ahala, begi onez hartu zuten, beti izan ohi den salbuespenen bat kenduta. 1996an etxea bota zutenean, berriz, pena hartu zuten gehienek. “-Auzoari bizi-poza ematen dio”, zioten orduan.

Behin etxea okupatuta, nola eraman zen proiektua aurrera?
P.O.: Aurreneko egunetako Polizia etorriko ote zenaren beldurra uxatuta, jende mordoska bildu ginen etxea txukuntzeko asmotan. Garai batean haurreskola izan zen –anaia eta biok han ikasitakoak gara–, baina orduan zatar eta zikin zegoen erabat. Garbiketa lan handia egin behar izan zen; bada xaguak hozka egin ziola konta dezakeenik! Poliki-poliki eszenatokia, barra… jarri ziren; Txanpi Zubeldiak eta Ebaristo Arruabarrenak komun txukun bat ere moldatu zuten.
Gaztetxea kultur jarduerekin osatzeko dirua behar zen noski, eta ondo gogoratzen dut 1985eko Santakutzei begira zer nolako lanak hartu genituen taberna prestatzen. Edalontziak, adibidez, Gure Txokoa diskotekatik lapurtzen ibili ginen! Tabernatik lortutako diru horri esker, makina bat kontzertu eta bestelako ekitaldi antolatu ahal izan ziren.

Hamabi urtetan antolatutako ekitaldien artean, Olinpiada Popularrak ezin ahaztu gabe utzi...
P.O.: Ez, noski! 1986ko eguberrietan Beheko Kalean ospatu zen patinaia lasterketak hasiera eman zien Olinpiadei. Hamar lagunez osatutako 36 taldek parte hartu zuten lehen  edizio hartan. Partaidetza ikaragarria izan zen: Gaztetxera normalki sartzen ez zirenak, herriko Goikoplaza inguruko laguntaldeak, hamabost urteko gaztetxoak, haurrak zituzten gurasoak... Berria zen Andoain bezalako herri batean. Beste askok ekitaldi guztiak arretaz jarraitu zituzten, nahiz eta parte hartu ez. Ondo gogoan ditut herrian zehar eginiko desfilea, play-backa Goikoplazan, kirol jarduera ugari edozein toki edo txokotan…
1992an egin zen azken Olinpiada, eta iruditzen zait oso oroitzapen onak gordetzen ditugula denok ere. Maila pertsonalean, gainezka zegoen Goikoplazan behin egin genuen Play-backarekin gogoratzen naiz bereziki: Jon Huizi eta biok Freddie Mercury-Montserrat Caballé bikotearena egin genuen, dardarka, gainezka zegoen plazan.

Zuk ezagutu zenuen lehen aro hartan, Gaztetxeak herrian funtziorik bete zuen?
P.O.: Gazteen arloan dena zegoen egiteko herrian, eta gazteen gune naturala bilakatu zen. Gainezka egoten zen behekaldeko gunea. Kulturalki aldaketa erabatekoa izan zen.

Nola ikusten duzu gaur egungo Gaztetxea?
P.O.: Gurasoaren ardurak hartuta nahiko zaila egiten zait bere martxa jarraitzea. Hala ere, lehengo egunean pailazoetan izan nintzen haurrekin, eta egia esan, bizitza aberatsa duela konturatu nintzen, eta pulamentu handiko gazteek daramatela dirudi.
Paradoxikoa bada, baina iruditzen zait orain zailagoa dagoela gaztetxea gazteriaren begietara erakargarri egitea. Andoaingoa toki desegokian kokatuta egoteaz gain, gizartea bera ere asko aldatu da hogeita bost urte hauetan.
Agenda atala: Kontzertuak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!