Joxe Manuel Garagorri Sagastume, mojetako aldapan zegoen Danboliñenea etxean jaio zen.“zapateruaren” etxean. Bost urte zituela, ama hil zitzaion eta bost senide gelditu ziren aitarekin. Hamar urterekin Zaldundegira etorri zen. Morroi bezala aritu zen baserriko eta tabernako lanetan laguntzen. Eta geroztik ia bizitza osoa bertan egin zuen.
Modesto Gorrotxategi, Zaldundegiko orduko nagusia hil zenean bolada batean beste batzuk hartu zuten taberna, baina Modestoren alargunak, Iñaxi Belaunzaranek berriro hartutakoan norbait behar zuen lanerako eta Joxe Manueli deitu zion. Orduan, Adarraga baserrian bizi zen eta Andoaingo pertsiana lantokian ari zen lanean.
Iñaxi Aranburu Intxausti, Ezkion jaio zen, eta Antzuolan bizitu ondoren hemezortzi urterekin Donostiara joan zen. Lehenengo etxe bateko lanak egitera, eta geroxeago Alde Zaharreko Intza tabernara. Garai batean España taberna ere izan zena, gerra garaian izen hori jartzera behartu zituztelako. Tabernako etxekoandrea Urnietakoa zen, Beltran baserrikoa, eta lan askoko egunetan (Aste Nagusia, estropadak…) Zaldundegiko Joxe Manuel eramaten zuten laguntzera. Eta ordainetan, Sanmieletan, Iñaxi, Zaldundegiko sukaldean laguntzera etortzen zen. Horrela ezagutu zuten elkar Joxe Manuelek eta Iñaxik.
Joxe Manuelek 30 urte eta Iñaxik 24 zituen ezkondu zirenean. Beraz, Iñaxik 60 urte jarraian egin zituen Zaldundegiko sukaldean. Badira 27 urte Joxe Manuel hil zela, duela bi urte hil zen azken une arte lanean jardun zuen Iñaxi, baina aspalditik hartu zuten ardura beraien hiru alabak. Mari Karmen 1949ko apirilaren 11n jaiotakoa da, Pepi 1950eko ekainaren 2an, eta Axun 1951ko ekainaren 12an.
Noiztik da taberna Zaldundegin?
Garagorri ahizpak: Ez dakigu. Jatetxe eta pentsio moduan ezagutu genuen. Norbait Urnietara bizitzera etortzen zenean, lehenik hona etortzen zen, aurreneko loa Zaldundegin egiten zen. Eta batzuk denboraldi baterako hemen gelditzen ziren. Maisuak, emagina eta abar ezagutu izan ditugu hemen lo eta otorduak eginez.
Zuek janari denda eta baserri bezala ezagutu al zenuten?
G.a.: Denda ezagutu genuen baina azkenetan zen ordurako. Eta gogoan dugu ume ginela lau behi bazirela etxean eta ilunabarretan jendea nola etortzen zen marmitarekin esnearen bila. Gu aritzen ginen esnea txantxilarekin hartu baldetik jendearen marmitetara pasatzen.
Nola gogoratzen dituzue eskola garaiak?
G.a.: Hirurok mojetan ibili ginen, hiru urterekin hasi eta hamalau urte arte. Orduan, etxean lana zegoen eta hemen gelditu ginen. Gero denboraldi batez gaueko eskola partikularrean ere ibili ginen. Garai haietan gutxi ziren karrera bat egitera joaten zirenak. Mojetan erdal giroa zegoen. Iritsi zen une bat euskaraz elkarrizketa bat eramatea ere kosta egiten zitzaiguna. Gero hemen tabernako bezeroekin berehala errekuperatu bagenuen ere.
Bertan lanean gelditu edo kanpora atera, zalantzarik izan al zenuten?
G.a.: Gu haurtzarotik mundu honetan ohitu ginen eta bakoitzak geure tokia hartzen joan ginen, bata sukaldean, bestea tabernan eta horrela, eta bere horretan jarraitu dugu beste lanbiderik hartu behar genuenik pentsatu ere egin gabe. Gurasoek gure esku utzi zuten hemengo martxa, eta pozik gaude egindako lanarekin.
Nolakoa da Zaldundegiko sukaldea?
G.a.: Tradizionala, amak erakutsitakoa. Gu ez gara kanpora atera sukaldaritza ikastera. Jendea horren bila etortzen da hona. Hemengo karta ia gauza berdinekin mantentzen dugu. Eta gazteak ere gurera gustura etortzen dira.
Zein dira Zaldundegiko bezeroak?
G.a.: Herriko jendea eta baita ere kanpoko asko. Donostiako jendeak hona etortzeko joera handia zuen, eta gaur egun oraindik ere hala du.
Eta zein da Zaldundegiko espezialitatea?
G.a.: Batzuk diote legatza frijitua oso ona dela. Saltsan ere bai. Azpizuna eta txuleta ere bai. Garbi dagoena da gehienak arrainera jotzen dutela. Ehiza ere gustura hartzen dute. Gure amak ehiza asko jarri izan zuen, erbiak, eperrak eta abar. Orain soilik eperrak izaten ditugu udazken garai honetan, Gabonak inguru arte.
Ezkontzak ere egiten ziren hemen.
G.a.: Herriko famili askok hemen egin izan dute ezkontzako bazkaria. Orduan 80bat lagunekoak izaten ziren, ez 200koak orain bezala. Goiko jangelan bazkaltzen zuten eta eguraldi onarekin lorategian egiten zen ondorengo dantzaldia. Bataio eta komunio asko egin izan dugu eta egiten dugu. Despedidak ere erruz, garai batean Lasartetik eta Hernanitik despedidak egitera hona etortzeko joera handia izan zen.
Umetan gurasoekin etorritakorik etortzen al zaizue?
G.a.: Asko! Etorri izan zaizkigu “nik komunioa hemen egin nuen eta askara erori nintzen” eta horrelakoak esanez, eta jangela erakusteko eskatuz eta…
Egun bereziak ere izango dira?
G.a.: San Ixidro egunean baserritarrak izaten ditugu bertsolariekin bazkaltzen. Gero Sanmielen buelta hori. Orduan koadrila askok egiten dituzte bazkariak, kanpora bizitzera joandako urnietar ugari etortzen da egun horietan.
Krisia nabaritzen al da?
G.a.: Lehenago kartara gehiago jaten zen. Orain, astegunetan behintzat, menura jotzen du jendeak, baina ondo ari gara lanean. Urte bukaeran enpresatako afari asko izaten da eta ikusiko dugu aurten zer gertatzen den.
Esaten da Euskal herrian ondo jaten dela. Egia al da?
G.a.: Bai. Hemen edonon ondo jan daiteke eta kanpora atera ezkero ondo jateko tokia bilatu egin behar izaten da.
Zer iruditzen zaizue “Euskal Sukaldaritza Berria”?
G.a.: Ez zaigu gehiegi gustatzen, ez dakizu zer jaten duzun, jan bakoitza bere jatorrizko gustuarekin nahiago dugu. Platera oso polita ateratzen dute baina gero galdetu egin behar duzu zer daramakien.
Nola ikusten duzue Zaldundegiren etorkizuna?
G.a.: Oraindik oso gazteak gara eta ez dugu horretan pentsatzen.